Berriak
Eu

Euskal ekonomia krisitik irtengo da enplegua sortuz

2011.eko otsailak 15

Euskal ekonomiak % 0,8 eskuratu du, 2009ko azken hiruhilekoan hasi zuen hazkunde-erritmo leunaren joerari eutsi dio, eta azken bi urteetan eskuratu den erregistro handiena baino bi hamarren gorago geratu da

Araba izan da urte arteko eta hiruhileko arteko portaera onena izan duen lurraldea, % 1,4ko eta % 0,9ko hazkundeekin, hurrenez hurren. Aldiz, Bizkaian % 0,8 eta % 0,2koak izan dira hazkundeak, eta Gipuzkoan % 0,6 eta % 0,1ekoak, hurrenez hurren. Okupazioari dagokionez, hiruhilekoko beherakada hamarren batekoa izan da bakarrik (500 lanpostu), eta bost hamarrenekoa (5.000 lanpostu) urte arteko tasan. Enpleguaren beherakada handienak eraikuntza eta industria sektoreetan egon dira, eta zerbitzuen sektoreak 8.000 lanpostu sortzea lortu du.

Urte arteko BPGd % 0,8 hazi da eta, beraz, sendotu egin da euskal ekonomiak 2009ko azken hiruhilekoan hasi zuen hazkunde-erritmo leunaren joera. Laugarren hiruhilekoan eskuratu den urte arteko tasa azken bi urteetan eskuratu den erregistro handiena baino bi hamarren gorago geratu da. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hazkundea ere bi hamarrenekoa izan da.

Carlos Aguirrek, Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri ditu datu hauek Lehendakaritzan (Gasteiz) izandako Gobernu Bileraren ostean. Bertan Gobernuaren bozeramailea den Idoia Mendia ere egon da.

Araba izan da urte arteko eta hiruhileko arteko portaera onena izan duen lurraldea, % 1,4ko eta % 0,9ko hazkundeekin.  Gipuzkoa % 0,6 hazi da eta, urte arteko portaerari dagokionez, elkarren segidako laugarren hiruhilekoz eskuratu du urte arteko emaitza positiboa (% 0,1). Bizkaiak ere ikur positiboa berreskuratu du (% 0,2), eta % 0,8an geratu da urte arteko hazkundea, bost hamarren hobetu ostean.

Enpleguari dagokionez, hamarren bateko (500 lanpostu) hiruhilekoko beherakada erregistratu dute EUSTATen kontu ekonomikoek, eta bost hamarrenekoa (5.000 lanpostu) urte arteko tasan. 2010. urtean 8.000 lanpostu sortu dira zerbitzuen sektorean; aldiz, 7.000 galdu dira eraikuntzan, 5.000 industrian eta 1.000 lehenengo sektorean.

Nabarmentzekoa da zerbitzuen sektoreak krisi-garaian galdutako ia enplegu guztiak berreskuratu dituela, eta dagoeneko ia 650 lanpostu eskuratu dituela.

Kontsumo pribatuak, berriro ere, hiruhileko arteko tasa positiboa berreskuratu du (+% 0,5) eta, ondorioz, % 1,2an mantendu ahal izan da urte arteko hazkundea, kontsumo publikoa baino bi hamarren gorago. Bestalde, inbertsioa % 0,8 hazi da, lehenengoz 2008ko hasieratik, eta –% 3,2ra arte txikiagotu du kapital-eratze gordinaren urte arteko beherakada. Horrenbestez, hamaika puntu baino gehiagoan hobetu dira 2009ko amaierako balioak.

Azkenik, aipagarria da BPGd-ren urte arteko batezbesteko hazkundea % 0,3koa izan dela, 2009an –% 3,8ko beherakada izan ostean. Beraz, 2010eko lehenengo aurreikuspenetan espero zena baino emaitza hobea eskuratu da, urteko batezbesteko atzerakada –% 8koa izango zela aurreikusi baitzen.

Halaber, enpleguaren portaerak, urteko batezbestekoa kontuan hartuta, –% 8ko beherakada izan du lanean dauden langileen artean (hasieran –% 1,9koa izan zen aurreikuspena). Gainera, aurreko ekitaldian erregistratutako –% 3,3ko tasa baino lau aldiz txikiagoa da.

Euskal Kutxen bategitea

Aurrezki Kutxen berregituraketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak defendatzen du erabakiak ekonomia, finantza eta merkatu irizpideetan oinarrituta hartu behar direla. “Kutxetako organoak izan behar dira estrategia erabaki behar dutenak, eurak baitira egoera eta alternatiba onenak gehien eta hobekien ezagutzen dituztenak”, adierazi du Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Jaurlaritzak adierazi du erreparorik gabe babesten duela Caja Vital kutxaren eta BBK-ren arteko bategite hotza, baina badaudela horrela pentsatzen ez duten alderdi politikoak eta kutxak euren barneko jolas eta mugimendu politikoetarako erabiltzen dituztenak. Sailburuak adierazi du jarrera hori “etsigarria” dela, bere ustez entitateetako profesionalek abian jarritako integrazio operazioak eragozten saiatzen direlako.

Ez da nazioarteko taldeekin bilerarik izango

Eusko Jaurlaritza ez da Brian Currinek sustatutako Nazioarteko Harreman Taldearekin batzartuko "balioko ekarpenik" ez duelako izango. Gobernu bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "euskal gizartea eta alderdi politikoak helduak dira herrialdearen etorkizuna elkarrizketaren eta akordioen bidez erabakitzeko", adierazi du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)