
Udako ikastaro baten inaugurazioa: Gaurkotasuneko gaiak lehia zuzenbidearen inguruan
PEDRO AZPIAZUREN HITZALDIA EHU-REN “GAURKOTASUNEKO GAIAK LEHIA ZUZENBIDEAREN INGURUAN” UDA IKASTAROAN
2018ko irailaren 14a
Egun on, guztioi. Atsegin handiz nator beti Donostiara eta, bereziki, gaur ordu batzuez goza dezakegun espazio honetara.
Lehiaren Euskal Agintaritzari ikastaro hau antolatzeko egindako ahalegina eta lana eskertu nahi diot. Eskerrak eman nahi dizkiet ere, gaur egungo egoeraren joerak eta tresna berritzaileenak hobeto ulertzen lagunduko diguten hizlariei.
Esan bezala, eskerrik asko Lehiaren Euskal Agintaritzari, ikastaro hau antolatzeko eginiko ahaleginagatik eta lanagatik; ziur nago lehiaren defentsaren eremuan gaurkotasuneko gaiei heltzeko aukera izango dugula.
Halaber, eskerrak eman nahi dizkiet gaur egungo egoeraren joerak eta tresna berritzaileenak hobeto ulertzen lagunduko diguten hizlariei, aintzat hartuta arreta berezia eskainiko diotela datuaren teknologia berriek lehiaren eta merkatu librearen arloan duten eraginari. Gainera, Europa, estatu eta autonomia mailan, zehapen-prozeduretako errukitasun-programen praktika aztertuko da; era berean, maila orokorrean interesekoak diren beste gai batzuk ere aztertuko dira.
Agur beroa Cecilio Madero Europako Batzordeko antimonopolio zuzendari nagusi albokoari; afari bat izan genuen duela hilabete batzuk Bruselan.
Lehiaren defentsa funtsezko printzipioa da merkatuko ekonomian eta eragile garrantzitsua sistema pluralista eta demokratikoa eraikitzeko. Horrela eratzen da Europako zuzenbidearen oinarrizko politika gisa, XX. mendearen erdialdean hasi zenetik.
Erakunde-ikuspuntutik, Europako Batzordea eta agintaritza nazionalak tradizioan beren lurralde-eremuetan lehiaren zuzenbidea aplikatzeko arduradunak izan dira.
Gainera, 2003an, eskumen konkurrenteen sistema sortu zen; bertan, Batzordeak eta lehiaren agintariek eta estatu kideetako organo jurisdikzionalek ahal osoak dituzte, EBFTaren 101. eta 102. artikuluak aplikatzeko, alegia lehiaren araudia zabalago aplikatzeko.
1999an, autonomia-erkidegoei esku hartzeko, baimenak emateko eta zehapenak jartzeko betearazpen-eginkizunak aitortu zitzaizkien, lurralde autonomikoaren eremuan lehia librearekin lotutako gaietan.
Horrela, beraz, lehiaren jokabide murriztaileen inguruan autonomia-erkidegoek zuten betearazpen-eskumena aitortzen zen, kontzentrazio ekonomikoen kontrola eta laguntza publikoen kontrola bazter utzita.
Otsailaren 21eko 1/2002 Legea (Estatuak eta autonomia erkidegoek lehiaren babesaren arloan dituzten eskumenen koordinazioari buruzkoa) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen funtzio betearazleak zehazten eta mugatzen dituena da.
Horrela, Euskadik lehenengoz izan zituen lehia defendatzeko organoak, eta, 2005ean, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia eratu zen.
Euskal organoak sortu zirenetik eskuratutako esperientzia eta esperientzia erkatua direla eta, Euskadin, halaber, organo bakarra erau zen eta, bertan, instrukzio- eta ebazpen-funtzioak batu ziren; hori guztia, organismoak bere funtzio guztietan daukan independentzia bermatuz. 2012an, Lehiaren Euskal Agintaritza eratu zen.
Administrazio-organismo autonomoa da, Ogasun eta Ekonomia Sailari atxikita dago, berezko nortasun juridikoa du eta bere funtzioak betetzeko jarduteko erabateko eskumena du.
Gaur egun, Lehiaren Euskal Agintaritzaren bigarren agintaldia da; horrela, finkapen-etapan dago eta, bertan, LEHIA SUSTATZEKOfuntzioa sendotu nahi da, bere misio eta funtzioak zabaltzeko funtsezkoa.
Hori horrela, Lehiaren Euskal Agintaritzak Euskadin enpresa- eta gizarte-sektorearentzako garrantzia handiko gaietan sustapen-ekimenak garatu ditu. Kontratazio Publikoaren eta Lehiaren Gida prestatu du, eta pasa den martxoaren 9an Sektore Publikoaren Kontratuen Lege berria indarrean sartu zenean argitaratu zen.
Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzak, iazko udazkenetik, jarduera garrantzitsua garatu du Euskadiko pisu turistikoen egoeraren inguruan, eta, zenbait araudi-txosten eman ondoren, “Alokairu Turistikoko Etxebizitzen Erregulazioaren Praktika Hobeei eta Analisi Konparatiboari buruzko Azterlan”arekin eman zaio orain amaiera; azterlana Lehiaren Euskal Kontseiluak onetsi zuen, pasa den uztailaren 26an, eta foro honetan aurkezten da, arratsaldeko saioan.
Lehia sustatzeko funtzioaren barruan, Lehiaren Euskal Agintaritzak zenbait ikastaro edo mintegitan parte hartu du, bere jarduera zabaltzeko tresna gisa.
Euskadiko merkatuan lehia bermatzea zalantzarik gabe garapen ekonomikoa, berrikuntza, baliabide publikoen optimizazioa eta kontsumitzaileen babesa sustatzen laguntzen duen tresna da.
Esparru horretan, Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde garrantzitsua da erakunde-mapan, operadore ekonomikoak merkatura askatasunez eta berdintasunean sartzea sustatzeko, administrazio publikoen arauketa ekonomikoan proportzionaltasuna sustatzeko eta herritarren eskubideak bermatzeko lan egiten du.
Eginkizun hori are sendoagoa izango da datozen hileotan aurreikusitako ECN+ Zuzentaraua onetsi eta indarrean sartzen denean; zuzentarauaren helburua da, zehazki, Europako lehiaren agintariei esleitutako eginkizuna eta baliabideak sendotzea, arauak eraginkortasunez eta proportzioan bermatzeko.
Ez dut gehiago luzatu nahi; besterik gabe, espero dut jardunaldi honetaz gozatzea eta, gero, tarte bat baduzue, hiriaz ere gozatzea.
Eskerrik asko.