Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak Pazientearen Segurtasunaren astea ospatzen dute, herritarrek esparru honetan parte har dezaten sustatzeko

2018.eko irailak 12

Irailaren 17tik 23ra, Euskadik Pazientearen Segurtasunaren lehen aste hau ospatuko du, segurtasuna hobetzeko eta pazienteen parte-hartzea sustatzeko sentsibilizazio- eta informazio-ekintza ugari antolatuz

Osasun Zientzietako ikasle eta Osakidetzako 200 profesional baino gehiago segurtasunean parte hartzeak duen garrantzia pazienteei helarazteaz arduratuko dira dibulgaziorako materialaren eta material didaktikoaren bitartez

 

Norberaren segurtasunean pazienteen parte-hartzea sustatzea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak aurten antolatu duten Pazientearen Segurtasunaren lehen astearen helburu nagusia. Aste hori Osasunaren Mundu Erakundeak Pazientearen Segurtasunari eskainitako mundu-egunaren —irailak 17— inguruan egingo da, alderdi horrek osasun-laguntzan duen garrantziaz jendea jabetzeko. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek honako hau azpimarratu du: “gurea bezalako osasun-sistema aurreratu batean, Euskadin osasun-laguntza seguruagoaren bidean aurrera jarraitzeko, funtsezkoa da ez bakarrik erakundearen eta bertako profesionalen arteko esfortzu bateratua, baita herritarren esfortzua ere."

Ekimen berri hau Pazientearen segurtasun-estrategia 2020 berriaren barruan kokatzen da. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek martxoan aurkeztu zuen, eta aurreko 2013-2016 estrategiaren bidez erdietsitako lorpenetan sakondu nahi du. Dokumentu hartan, lehen aldiz, Osakidetzak sustatutako Pazientearen Segurtasunaren arloko proiektu desberdinak biltzen ziren. Horrela, erakundeak esparru honetan egindako ibilbideari jarraipena ematen zaio.

Ildo espezifiko horren barne hartzen dira pazienteak parte har dezakeen hiru alderdi nagusi:

–    Identifikazioa: osasun-zentroetara bertaratzen direnean behar bezala identifikatzeko, entregatzen zaien dokumentazioan eta identifikazio-besokoan —ospitale-esparruari buruz hitz egiten badugu— datu pertsonalak egiaztatzeko animatzeaz gain.

–    Tratamendua: helburua da euren ohiko tratamendua eurek ezagutzea, tratamendu aktiboko orria eurek beti eskura izatea, euren alergiak eurek jakinaraztea eta medikazioarekin lotuta sor dakiekeen edozein zalantzaren aurrean eurek kontsulta egitea.

–    Eskuen higienea: herritarren artean eskuen higienea handitu nahi da, infekzioen transmisioa prebenitzeko neurri nagusietako bat bezala.

 

SENTSIBILIZAZIO JARDUERAK EUSKADIKO PAZIENTEAREN SEGURTASUNAREN LEHEN ASTEAN

Irailaren 17tik 23ra programatutako jardueren artean, Osakidetzako ospitale eta osasun-zentro nagusietan prestatutako informazio-puntutan sentsibilizazio-ekintzak burutuko dira. Horretarako, hainbat erakundetako segurtasun-erreferenteen, eta osasun-zientzietako ikasle eta Osakidetzako 200 profesional ingururen laguntza jasoko dugu. Pertsona horiek boluntario gisa jardungo dute. 

Halaber, kanpaina honetarako espezifikoki diseinatutako dibulgazio-materiala zabalduko da. Hala, sareko hainbat gune estrategikotako fatxadetan olanak ipiniko dira. Horretaz gain, 2.000 kartel jarri eta 130.000 liburuxka banatuko dira, material hori Osakidetzaren barruko eta kanpoko hainbat baliabide telematikoen (posta elektronikoak, itxaron-geletako monitoreak, web orrietan banner-ak, etab.) bitartez erakusteaz gain.

Aldi berean, hainbat erakunderekin, Euskadiko udal nagusiekin eta beste erakunde batzuekin —Eroski, adibidez— akordioak lortu dira mezuek ahalik eta hedapen handiena izan dezaten laguntzeko.  

Gainera, Osakidetzaren YOUTUBEko kanalean herritarren eskura egongo dira informazio-bideoak era erakargarri eta erraz batean bakoitzak bere segurtasunean parte hartzen ikas dezan.

Zuzendaritza Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin elkarlanean Osakidetzak sustatutako informazio-ekintza horien guztien azken helburua da neurri berriekin eta berritzaileekin aurrera egiten jarraitzea paziente guztien onura bilatzeko, eta Euskadi osasun-laguntzan segurtasun handiagoa lortzeko ekintzen abangoardian kokatzeko.

 

https://youtu.be/-ZpAPhKoEF4

Pazientearen zegurtasunaren kanpaina, 2018

3. urratsa, Garbitu itzazu eskuak

 

https://youtu.be/FlE6dkp3wTg

Pazientearen zegurtasunaren kanpaina, 2018

3. urratsa, Garbitu itzazu eskuak

 

https://youtu.be/IC6gQQjGq24

Pazientearen zegurtasunaren kanpaina, 2018

2. urratsa, ezagutu zure tratamendua

 

https://youtu.be/kW-wgg3dopo

Pazientearen zegurtasunaren kanpaina, 2018

1 urratsa, identifikatu zaitez eta egiaztatu zure datuak

 

https://youtu.be/k1uy7X56fk8

Pazientearen zegurtasunaren kanpaina, 2018

Laguntzaile batzuen aurkezpena

 

 

                                                                                                                                      Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 12a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @agirreDUE
    2018.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    Participa en tu #SEGPAC #Osakidetza
    https://t.co/MNPhOvpOTj https://t.co/EShblnvkbI

Komunikabideek behera kargatzeko