Berriak

Eusko Jaurlaritzak nazioarteko babesa eskatu dutenentzako eta errefuxiatuentzako lehen harrerako aterpetxe bat zabalduko du Oñatin hil honetan

2018-09-12

Asilo-eskatzaileentzako zentroak, hasieran, 100 plaza eskainiko ditu

Iraileko bigarren hamabostaldian, Eusko Jaurlaritzak Euskadin nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako lehen harrerako aterpetxe bat zabalduko du. Zentro hau zabalduz, pertsona errefuxiatuei lotuta Jaurlaritzak iragan otsailean aurkeztu zuen politika publikoen 2018ko kudeaketa-programan jasotako helburuetako bat beteko du. 100 lagunentzako edukiera izango duen zentroa Oñatiko udalerrian zabalduko da eta CEAR Euskadik kudeatuko du.

Aterpetxearen helburu nagusia izango da, egoera argitzeko zain dauden eta nazioarteko edo aberrigabeentzako babesa eskatu duten pertsonei eta familiei ostatua, orientabidea eta desbideratzea eskaintzea. Salbuespen gisa, premia bereziko egoerak ematen direnean, zentroak zaurgarritasun-egoeran edo iragaitzazko egoeran dauden, edo Euskadira iritsi berriak diren migratzaileak hartu ahal izango ditu.

Aterpetxeak, hasieran, 100 plaza baditu ere, beharra sortuz gero, kopuru hori handitzeko aukera egongo litzateke. Pertsona batek zentroan hiru hilabete igaro baditzake ere, irizpide teknikoen arabera, epe hori laburtu edo luzatu ahal izango da.

Zentroaren kudeaketaren zuzendaritzaz CEAR Euskadi eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia arduratuko dira, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin harremanetan.

Zentroaren kudeaketa-proiektua aurrera eramango da, batetik, Oñatiko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta, bestetik, pertsona errefuxiatuei eta migratzaileei laguntzen lanean diharduten bertako erakunde eta plataformekin elkarlanean jardunez.

Aterpetxe hau zabalduz, kolektibo horietako pertsonek bizi duten babesgabetasun-egoerari erantzun nahi zaio, euren oinarrizko beharrei babesa eskainiz, pertsona horien egoerarekin eta interesekin bat datozen hautabide bideragarriak eta egonkorrak bilatzen diren bitartean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)