Eu

Eusko Jaurlaritzak 35.000 euroko diru-laguntza onartu du Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearentzat, identitatearen garapenean kulturak eta hizkuntzak duten garrantzia aztertuko duen ikerketa bat burutu dezan (Gobernu Bilera 2018-09-11)

2018.eko irailak 11
  • Ikerketa garatu ahal izateko era askotako dinamikak bultzatuko dira Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikasleekin batera

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak, bere gaurko saioan, 35.000 euroko diru-laguntza onartu du Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearentzan, kultura eta hizkuntzaren inguruko ikerketa bat gara dezan. ‘Kulturarekiko eta Hizkuntzarekiko pertzepzioak, eta identitatearen eraikuntza: HUHEZIko ikasleen kasua’ izango da azterlanaren izena, eta helburua izango da identitatearen garapenean kulturak eta hizkuntzak duten garrantzia aztertzea.

Ikerketa garatu ahal izateko era askotako dinamikak bultzatuko dira Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikasleekin batera. Dinamika nagusietako bat, Mitxelko Urangaren Eoskola liburuari lotuta egongo da, kulturaren transmisioaren garrantzia nabarmentzen duen lan bat baita. Liburua irakurri ostean, ikasleek euskara, euskal kultura eta identitatez hausnartu beharko dute zenbait galderen bitartez.

Bigarrenik, liburu horren analisitik ateratako ondorioetan oinarrituta, diagnosi bat egingo da euskal kulturaren egungo egoeraz, ikasleek jasotako kultura transmisioaz, euskal kulturaren inguruan ikasleek duten hautemateaz edota etorkizunean izango diren ikasleen profilaz. Dinamika horretan oinarrituta, ikasle talde batek bakarrizketa bat egingo du fakultatean topa daitezkeen ikasleen ezaugarriez.

Lehen mailakoekin

Halaber, beste dinamika bat garatuko da lehen mailako ikasleen ezaugarriak kontuan izanda. Horretarako, uztailean, matrikularekin batera, hizkuntza ezagutza eta erabileraren inguruko galdesorta laburra betetzea eskatu zitzaien ikasleei, euren hautematea eskatuz. Bigarrenik, ikasturtea hasitakoan, galdesorta sakonagoa egingo zaie kulturaz, hizkuntzaz eta identitateaz. Hirugarrenik, ‘Ni hezitzaile’ eta ‘Eskola, herria, hizkuntza’ moduluen baitan, saioak egingo dira ikasleekin eta ikerketarako corpusa osatuko da. Azkenik, azaro-abendua bitartean euskara, euskal kultura eta identitatearen inguruko monografikoa kaleratuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko