Eu

Euskadiko 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte aurki hasiko den ikasturtean zehar, eta inoiz baino diru-laguntza handiagoak jasoko dituzte matrikula ordaintzeko

2018.eko irailak 10
  • Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du, Barakaldoko Udal Euskaltegian, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak % 44 igo dituela ikasleentzako diru-laguntzak.

 

Barakaldo, 2018/09/10     

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2019 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du, Barakaldoko Udal Euskaltegian. Euskaldiko udal euskaltegirik handiena den zentro hori ordezkatuz, Barakaldoko Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzi Nerea Cantero izan da, bai eta euskaltegien sareko hainbat ordezkari ere. Azaldu dutenez aurkezpenean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte, eta hauek inoizko diru-laguntzarik handienak jasoko dituzte matrikula ordaindu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, % 44 igo du ikasleentzako diru-laguntzetara bideratutako aurrekontua, 1.800.000 euro onartuz (iaz 1.250.000 euro izan ziren).

Euskaltegien ordezkariekin eta aipatu agintariekin batera izan dira, besteak beste,  Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue, bai eta aldundietako, EUDEL, UEMA eta beste erakunde batzuetako ordezkariak ere. Euskarari ateak irekitzeko eta azken hamarkadetan hizkuntza hori ikasteko erabakia hartu duten milaka pertsonekin bat egiteko gonbita egin diete guztiek ere herritarrei.

“Euskara era nabarmenean gaztetu eta sendotu da azken hamarkadetan, eta egun bizi duen egoera euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin duten milaka familiei eta euskara euskaltegietan ikasteko esfortzua egin duten milaka hiritarrei esker izan da posible. HABEren datuen arabera, 1986az geroztik, 460.000 herritar ezberdin izan dira uneren batean euskaltegiren batean matrikulatuta. Apustu hori aitortzera gatoz gaur. Eta euskara ez dakiten herritarrak hizkuntza horretara gerturatzera animatu nahi ditugu. Esfortzu bat eskatu arren, euskara ikasteak ematen dizuna bizitza guztirako da; ziur gaude erabaki horrek ez zaiela damutuko”, adierazi du Bingen Zupiriak.

 

Biziberritzearen adibide

Horrela, Zupiria sailburuak Barakaldo jarri du euskarak hainbat tokitan bizi izan duen suspertzearen adibide gisa: udalerri horretan, euskaldunak hiritar guztien % 2,6 ziren 1986. urtean; egun, % 23 dira. “Orain dela hiru hamarkada, euskaraz aritzeko gai zirenak 2.790 pertsona ziren udalerrian. Barakaldok, egun, 22.000 euskal hiztun ditu; eta euskara ulertzeko gai diren beste 16.000 pertsona. Jauzia izugarria izan da”, aipatu du.

Udal Euskaltegiaren izenean, Nerea Cantero zinegotziak hitz egin du. “Udalerriak une oso egokia bizi du euskara sustatzen jarraitzeko; eta nik, euskararen alde egiteko gonbita luzatu nahi diet barakaldar guztiei. Azken urteotan esfortzu itzela egin dugu hiritarren beharrei erantzun ahal izateko, euskara ikasteko prozesua bateragarri egiteko lan- eta familia-bizitzarekin. Eta lortu dugu. 700 ikasle izatetik 1.250 ikasle izatera igaro gara”, adierazi du.

Ikasleei erraztasunak emateko apustua izan da, hain zuzen ere, izena emateko epearen irekiera-ekitaldi honetan gehien nabarmendu den alderdietako bat. Zupiriak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzek % 44 egin dute gora. Beste erakunde guztien laguntzak gehituz gero, B2 mailara arteko euskararen ikaskuntza epe laburrean doakoa egiteko apustua lortzetik gertuago gaude. "Ikasleei laguntza ekonomikoak eskaintzeko apustua garbia da, eta geroz eta nabarmenagoa. Eta euskaltegiek geroz eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari dagokienez. Xedea da euskararen ikaskuntza doakoa egitea, aurki, B2 mailara arte, komunikazioa bermatzen duen maila den heinean”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, % 6 areagotu du HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bidez euskaltegi pribatuei egiten dien ekarpena; eta % 1,5 udal euskaltegiei egiten diena. Guztira, euskaltegien sareak 2018-2019 ikasturterako jasoko duen ekarpena 32.817.000 eurokoa izango da (20.752.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.065.000 euro udal euskaltegientzat).

Ikasleen profila

Iragan 2017-2018 ikasturtean, 34.225 ikaslek eman zuten bere izena Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegietako batean (zenbateko hauen baitan EAEko euskaltegi guzti-guztiak hartzen dira kontuan). Aipatu ikasketa-zentroetan, 1.300 irakaslek lan egiten dute. Ikasleen % 80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena. Ikasleen erditik gorak B2 (% 25,11k maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (% 28,8ak) mailetan eman zuen izena. Zupiriak datu hori nabarmendu du: “Egun, maila baxuenak ez dira ikasle gehien dituztenak; aldaketa bat eman da maila altuagoen mesedetan. Euskaltegietako ikasle askok beren gaitasuna hobetzea dute helburu, eta hori osoa positiboa da, lotura zuzena baitago hizkuntza-gaitasunaren eta hizkuntzaren erabileraren artean”.

 

 

  • 2017-2018 ikasturtean zehar ikasleek egin zituzten euskara ikasketak (helburua izan zen agertzen diren mailak gainditzea).

 

A1

A2

B1

B2

C1

C2

Z

Ikasleak

5.052

4.261

5.432

8.594

9.857

667

362

%

14,76

12,45

15,87

25,11

28,8

1,95

1,06

 

Euskaltegietan izena emateko kanpainak, aurten, keinua egingo die esaera zaharrei, hedatuta baitaude euskal hiztunen artean eta, kasu honetan, ikaskuntza-prozesuari lotu zaizkio. Irailean zehar zenbait ikaslek ikastaro ezberdinetan parte hartuko badute ere, ikasle gehienek urrian hasiko dituzte beren eskolak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak