Eu

Tapiak 4.0 teknologia eta eraikuntza prozesuen digitalizazioa sartzearen aldeko apustua egin du, eraikuntzaren sektorea lehiakorragoa bilakatzeko

2018.eko irailak 10
  • Tapia: “Gaur egun teknologiak proiektuaren kalitatea handitzeko aukera ematen digu, akatsak, planoetako interferentziak eta aurrekontuak murriztuz, eraikuntzako epeak hobetuz eta obren kontrol ekonomiko handiagoa eginez”
  • ETS BIM sistema ari da garatzen zenbait proiektutan, Donostiako AHTren Geltoki Berrian (Atotxa), Ezkio-Itxasoko AHTren Geltokian, Esperantzako Pilotalekua berreraikitzeko lanetan (Bilbo) edo BEI-BEAren Kotxetegietan (Gasteiz).

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua, Zientzia Energetikoari eta Arkitekturako eta Hirigintzako Jasangarritasunari buruzko Europako Kongresuaren (EESAP 9) IX. Ediziora eta Eraikuntza Aurreratuaren Nazioarteko II. Kongresura (CICA 2) joan da. Bertan, eraikuntzara aplikatutako 4.0 teknologien erabilera eta sektoreak etorkizunera begira dituen erronkak aztertu dira. Sailburuarekin batera Antonio Aiz, Azpiegitura eta Garraio Sailburuordea, eta Aitor Garitano, ETS Euskal Trenbide Sareko zuzendaria, egon dira.

Sailburuak azpimarratu duenez oso garrantzitsua da “4.0 teknologia berritzailea eta digitalizazioa sartzea eraikuntza prozesuetan, sektorea lehiakorrago bilakatzeko”. Aurreratu duenez, “etorkizuneko eraikuntzak hobekuntza teknologikoak era transbertsalean txertatzera behartzen gaitu, ingeniaritza edo arkitektura estudioetako bulegoetan proiektua idazten ari den fasetik hasi eta materialen garapenean edo obran bertan”.

Tapiak azaldu duenez, Euskadi aitzindaria da teknologia berritzaileak sartzen, eta hainbat adibide aipatu ditu: “ikusmen artifiziala ari da erabiltzen segurtasuna hobetzeko, big data izenekoa azpiegituren edo instalazioen aurretiazko mantentze lanetarako, errealitate handitua edo 3D inprimaketa proiektuak bisualizatzeko edo modelizatzeko orduan. Horiek, sektorean egiten ari denaren adibide batzuk baino ez dira”.

ETSk aitzindaria izan nahi du BIM sartzen eta garatzen

Tapiak ETStik, Euskadiko trenbide azpiegitura kudeatzailetik, laneko sistema eta prozedura berriak sartzeko egiten ari den esfortzu garrantzitsua azpimarratu du. Sailburuak gogorarazi duenez, gaur egun Euskadin, trenbide eta hirigintza azpiegituretan gauzatzen ari diren proiektu garrantzitsuenetako batzuk ETSn ari dira gauzatzen. Beraz, sailburuaren iritziz, proiektu “enblematiko” horiek ahalik eta modu eraginkorrenean eta zorrotzenean egin behar dira. Hori dela eta, ezinbestekoa da laneko sistema berriak sartzea, BIM, adibidez.

Donostiako AHTren Geltokia (Atotxa) BIMen egingo da, eta baita Ezkio-Itxasoko AHTren Geltokia, Esperantzako Pilotalekua (berreraikitze lanak, 3. linearen obraren eraginez) eta denbora gutxi barru Gasteizko BEI-BEAren Kotxetegiak. Une honetan lizitatzen ari diren zenbait proiektu BIMen idaztea eta lantzea hobekuntza gisa ari da baloratzen.

Tapiaren iritziz, “gaur egun teknologiak proiektuaren kalitatea handitzeko aukera ematen digu: akatsak, planoetako interferentziak eta aurrekontuak murriztea, eraikuntzako epeak hobetzea eta obren kontrol ekonomiko handiagoa egitea”. Beraz, sailburuak azpimarratu duenez, “beharrezko teknologia izatea bezain garrantzitsua da ondo prestatutako eta kualifikazio maila handiko profesionalak izatea”.

Eraikuntza digitala eta eraginkorra

Tapiak adierazi duenez, digitalizazioa “geratzeko heldu da”, eta bere aurrean beldurra izan beharrean “bere potentzialtasunak ahalbidetu behar ditugu, gero eta emaitza eraginkorragoak eta iraunkorragoak lortzeko, eraikuntza prozesuak hobetzeko eta gero eta emaitza lehiakorragoak lortzeko”.

Onartu duenez, agertoki berri horrek zalantzak ere sortzen ditu, saretik datu eta informazio bolumen handiarekin egiten baita lan. Hori dela eta, bere iritziz oso garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak egin duen ekarpena, Zibersegurtasunerako Euskal Zentro berria martxan jarriz. BCSC, Euskadiko enpresak eta azpiegiturak arriskuan jar ditzaketen eraso informatikoen aurreko prebentzio eta erantzun talde gisa eratzen da.

EEEtik (Energiaren Euskal Erakundea) aurrera eramaten ari den lana ere azpimarratu du, “energiaren kontsumoa murrizteko eta gaur egun dagoen etxebizitza parkearen eta eraikuntza berrien eraginkortasuna hobetzeko”. Helburua horien guztien energia errendimendua hobetzea da, eraikinen estalduretatik instalazioetara.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak