
Beatriz Artolazabalek Euskal Legebiltzarrako Sendia Plana adierazten du
- Familiei laguntzeko erakundeen arteko Euskadiko IV. Plana 2018-2022
- Aurkezpena Legebiltzarreko Batzordean
Vitoria-Gasteiz 2018 09 13
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, “familiak eta haurrak dira garapen iraunkorraren, gure gizartearen eraikuntzaren eta Euskadik Europan duen aurrerapen sozial eta solidarioaren oinarria”.
Legebiltzarreko batzordean Artolazabalek Familiei eta Haurrei Laguntzeko IV. Plana aurkeztu du, eta bertan nabarmendu duenez, “denbora gutxi darama indarrean, eta jada jarri ditugu abian bertan jasotako hainbat neurri, esaterako, indarrean dago seme-alabak dituzten familiei laguntza ekonomikoak emateko dekretuaren aldaketa eta, hainbat neurriren artean, hiru urte luzatu dira bigarren seme-alaba izateagatik jasotako laguntzak”.
“Lan- eta familia-bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurrien inguruko aholkularitza egin eta neurriak ezartzeko proiektuak garatzen ari dira 30 enpresetan, 10 lurralde bakoitzeko, eta gurasotasun positiborako programak indartu dira, baita familia-bitartekaritzarako programa ere”, adierazi du Artolazabal sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak Euskadin familia-harrera arautzen duen dekretua osatu du, baita atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzea arautzen duen Dekretua ere. “Gainera, lan- eta familia-bizitza bateragarri egiteko laguntzei buruzko 177/2010 dekretua aldatzeko lanean ari gara, pixkanaka txertatzeko umeduna ez den gurasoaren lan-utzialdia estaltzeko prestazio ekonomiko bat”, gaineratu du.
“Plan honen bidez, paradigma-aldaketa emango da gizarte-politiken esparruan −gizarte-inbertsioan−, eta horixe da, gizarte-garapenari dagokionez, Europako erakundeen paradigma hegemonikoa, eta familia eta haurrei dagokionez esku-hartze publikoa ulertzeko modu berria da, haurren ongizatea eta garapen kognitibo eta emozional onena lortzea funtsezko faktoretzat hartzen den heinean, epe luzera, gizarte osoaren kohesioa lortze aldera” nabarmen du Artolazabalek.
Erakundeen artekoa
Artolazabalek azpimarratu du “Planaren erakundeen arteko izaera, eta horren isla nagusia da urtarrilean sinatutako Familien eta Haurren aldeko Euskal Ituna. Bertan, euskal erakunde guztiek bat egin zuten familiei eta haurrei laguntzeko, gizarte-inbertsioaren paradigmak bultzatuta: hori guztia Nazio Batuen Agenda 2030 programarekin bat dator, horren espirituari erantzuten dio, eta kontuan hartzen ditu Garapen Iraunkorrerako Helburuek gure lurraldeko errealitatea kontuan hartutako lehentasunak ezartzen lagunduko gaituen testuinguru unibertsal partekatua definitzeko”.
“Familiei eta Haurrei Laguntzeko Erakundeen Arteko IV. Planari esker, gure gizartearen eraikuntzan aurrera egingo dugu, baita Euskadik Europan duen funtzio sozial eta solidarioan ere”, zehaztu du. Lide Amilibia sailburuordearekin eta Ernesto Sainz Lanchares Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarekin batera, Artolazabalek Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planaren hainbat alderdi azaldu ditu. Plana Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak osatu du.
“Eusko Jaurlaritzak familiek giza-harremanen eta gizarte-, afektibitate- eta komunitate-heziketaren muin gisa duten garrantzia aintzat hartzen du. Hori dela eta, familia-erantzukizunak dituzten pertsonei, baita beren bizitza-proiektua familia baten bidez ahalik eta baldintza onenetan eraiki nahi dutenei ere, laguntzeko politiken aldeko apustua egiten dugu, hori ekiditen duten ekonomia- eta lan-zailtasunak gainditzeko lan eginda. Ez da egin, aurretik, gure haurren ongizate handiagoari zuzendutako hainbeste neurri dituen Familia Planik” azpimarratu du Beatriz Artolazabalek.
Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko Euskadiko Autonomia Erkidegoko IV. Plana 2018-2022, Familien eta Haurren aldeko Euskal Ituna hedatu eta egikaritzeko plangintza-tresna nagusia da, eta horren helburua da “familia-proiektuari hasiera eman eta nahi duten seme-alaba kopurua izatea zailtzen duten oztopoak pixkanaka kendu edo murriztea”.
“Europan badaude familia- eta demografia-politika hauek aktibatzea beharrezkoa izan den adibide eta egoerak, Frantziako estatua kasu, Bigarren Mundu Gerraren ostean. Epe luzerako politikak garatu dituzte, biztanleria berritu eta egonkortzen”. Gure helburuek ere epe ertain eta luzerako asmoa dute. Horregatik proposatzen ditugu ekintza errealista, iraunkor eta egingarriak, pixkanaka ezartzen joan ahal izateko” gogorarazi du Artolazabal sailburuak.
“Planak Legegintzaldi honetarako Eusko Jaurlaritzaren Programan du oinarria, eta hainbat neurri ezartzea aurreikusten du familien eta haurren politiken alorrean, hala nola: euskal gizartearen aldaketa demografiko eta gaztetzerako erakundeen arteko estrategia; seme-alabak dituzten familientzako laguntzak % 50 handitzea; erantzukidetausn eta bateragarritasunerako diru-laguntzak, zerga-pizgarriak eta neurri eraginkorrak izateko sistema hobetzea, lan-munduari eta zaintza eta etxebizitzaren alorrei dagokionean; hainbat sentsibilizazio-neurri eta prestakuntza etxeko lanak banatu eta zaintza gizon eta emakumeen artean banatzeko; Hezkuntza Sailarekin batera, haurrentzako arreta hobetzea, baita Haurreskolen zerbitzuak hobetzea ere, gurasoen lan-ordutegietara egokitzeko; eskolaz kanpoko laguntza eta komunitate-aisialdirako programan hedatzeko sustatzea; enpresetan lana eta familia bateragarri egitea errazteko neurrien negoziazio kolektiboan inklusioa sustatzea; eta, azkenik, Planak lan-ordutegiak malgutzeko planak sustatu eta beren antolaketa-ereduan telelana txertatzen dituzten enpresak saritu eta aitortzeko sistema bat ezartzea aurreikusten du, hori guztia Lan eta Justizia Sailarekin elkarlanean”.
Abiapuntuko diagnostikoa
Artolazabalen hitzetan, “plan honek hainbat alderdi azpimarragarri azaleratzeko aukera eman digu: Euskadiko haurren egoera, orokorrean, ona da. Pobrezia-arriskuan dauden familietan bizi diren adingabeen tasa Euskadin % 25,3koa da; UE28an % 27,1koa da, eta Espainiako estatuan % 34,4koa. Jaiotze-tasak behera egiten jarraitzen du, eta ugalkortasunaren berreskuratze hasiberriarekin bateragarria da. Euskadi Europako herrialdeetan jaiotze-tasa baxuena dutenetako bat da. 2016. urtean 8,4 haur jaio ziren mila biztanleko. Balio hori UE-28ko batez bestekoa baino baxuagoa izan zen (10,0). 2017ko datuak hartuz gero, egoera okerragoa da. Behin-behineko zifra 17.005koa izan zen, hau da, 1.185 haur gutxiago (-% 6,5), 2016ko datuekin alderatuta. (Bizkaian 633 jaiotze gutxiago −% 6,9−, Gipuzkoan 438 haur gutxiago −% 7,3−, eta Araban 114 jaiotze gutxiago (- % 3,7).
“Herritar gazteen ugalketa-nahi eta -itxaropenak egikaritzeko zailtasunek ere bere horretan diraute. Datuen arabera, Euskadin alde handia dago nahi den ugalkortasunaren eta lortzen den ugalkortasunaren artean. 18 urte edo gehiagokoen % 77k nahiko lukete, edo nahi izan lukete, bi seme-alaba edo gehiago izan Euskadin. Horri gazteek emantzipatzeko, bizitza-proiektu autonomoak eraikitzeko eta lan- eta familia-bizitza bateragarri egiteko zailtasunak gehitu behar dizkiogu. Familiaren ingurune sozioekonomikoa erabakigarria da, oraindik ere, ikasleen emaitza akademikoetan, nahiz eta euskal hezkuntza-sistemak emaitza onak lortu dituen hezkuntza-berdintasunaren ikuspegitik. 0-3 urte bitarteko haur-arretarako zerbitzuen estaldura-tasa altuak erregistratu ditugu. Euskadik Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan eskolatze-tasa altuena du Estatu mailan, Europa iparraldeko herrialdeen antzerako tasak. Haurren arretarako zentroetan, seme-alabak dituzten familien artean, lekurik gabeko tasa % 0,5ekoa bada ere, arreta berezia jartzen ari gara kontu horri”.
Printzipioak
Adineko pertsonen arretarako politikekin batera, familiei eta haurrei laguntzeko politikak gizarte-politiken funtsezko bi zutabe dira. “Hori abiapuntu hartuta, familia-erantzukizunak dituzten edo familia bat eraiki nahi duten pertsonei laguntzeko politiken aldeko apustua egiten dugu, beren bizitza-proiektua ahalik eta baldintza onenetan burutzeko, berau ekiditen duten zailtasunak gainditu ahal izateko” gaineratu du Artolazabalek.
“Hori dela eta, IV. Plan hori osatzeko, familia-aniztasun, tratu-berdintasun eta diskriminaziorik ezako printzipioak izan ditugu oinarri”. Erantzunkidetasuna, genero-berdintasuna eta erantzunkidetasunean oinarritutako kontziliazio-neurrien aldeko apustua. Arreta zuzeneko zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak uztartzea. Pixkanakako unibertsaltasuna. Gizarte kapitala sortzea azpimarratzea, esku-hartze sozioedukatiboan, hezkuntza ez formalean eta aisialdirako eskubidean. Haurrak eskubidedun subjektu gisa, eta adingabearen interes handiagoa. Haurrengan inbertitzea. Antzemate eta esku-hartze goiztiarra. Aukera-berdintasuna eta gizarte-mugikortasuna. Erakundeen eta dimentsioen arteko izaera eta, azkenik, eragile publiko eta pribatuen esku-hartzea beharrezko ikusten dugu”.
Egitasmoak
Beatriz Artolazabalen hitzetan “IV. Planak oinarri dituen hainbat egitasmok epe luzeko langabezian daudenen edo enplegu-intentsitate baxua dutenen seme-alabek Enplegurako sarbidea izatea sustatzen dute; gazteentzako zuzendutako Etxebizitza-erreserba bat ezartzea, eta diskriminazio positiboko irizpideak txertatzea, beharrizan bereziko egoeran dauden eta seme-alabak dituzten etxebizitza-programara sartzeko. Gainera, gazteak merkatu pribatuko alokairuko etxebizitzetara sarbidea izaten laguntzen dute, laguntza ekonomiko bati esker, Gaztelagun programaren baitan”.
“Baita ere, Haurreskoletan sartzeko neurriak garatzen dira, errenta baxuenak dituztenentza, eta 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familientzako ordainketa ezabatzea; ama haurdun gazteei laguntzeko programa pilotu soziosanitarioa sustatzea; haurduna ez den ezkontidearentzako lan-utzialdietarako estaldura ekonomikoa bermatzeko lan-utzialdietarako egungo laguntzak berbideratzea (11 hilabete −Estatuan erreforma egin aurretik 12 aste−, kotizazio-oinarriaren % 100, haurraren lehenengo urtean zehar hartzeko eta ezkontide haurdunaren epea ez den batean)".
Halaber, “familia- eta lan-bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak txertatu dira Erkidegoko sektore publikoan lan egiten dutenentzat, eta hitzarmen kolektiboetan familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko neurriak sustatu dira. Pasa den urtean 3 izan ziren bateragarritasun-neurrien inguruan aholkularitza eskaini eta horiek ezartzeko programa pilotua egin zuten enpresak; aurten 30 dira anbiziozko proiektu horretan parte hartuko dutenak. Gurasotasun positibo eta bitartekaritza familiarreko programak indartu egin dira eta, horrek, zalantzarik gabe, erantzunkidetasunean oinarritutako bateragarritasuna bultzatuko du, haurduna ez den ezkontidearen eta haurraren arteko lotura sortuko baitu; Zerga Koordinaziorako Organoaren baitan, Lantaldea osatuko da, seme-alabak kargura izateagatiko prestazioak eta oinordekoengatiko zerga-beherapenak modu integratuan kudeatzeko aukerak aztertzeko.
Aurrekontua
- Plan hori finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzak bere sailetan aurreikusitako aurrekontuetako baliabideez gain, gainerako erakundeen laguntza ere izango du, foru-erakunde zein udalena, horiek haurrei eta familiei zuzenduta dituzten aurrekontuetatik. “Hala, Eusko Jaurlaritzak 2018-2022 aldirako aurrekontuetan familia-gaietarako aurreikusitako inbertsioa 1.763,7 milioi euroko da, eta horietatik 1.243,7 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak”
458,7 milioi euro Gizarte Politiketako Sailburuordetzari dagozkio, Plana aplikatuko den aldirako, eta horietatik 286 euro lan- eta familia- bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiten eta seme-alaben zaintzan erantzunkidetasuna sustatzen laguntzeko izango dira. Inbertsio hori osatuko dute beste 660 milioi eurok, Enplegu eta Gazteria Sailburuordetzarenak, DSBE jasotzen duten eta seme-alabak dituzten familientzako, baita 125 milioi eurok ere, gazte-enpleguari buruzko politikak sustatzeko.
Horri gehitu behar zaizkio 520 milioi euro, Plan honekin lotuta Hezkuntza eta Etxebizitza Sailaren politiketara bideratuta (Haurreskolak eta diru-laguntzak): 220 milioi euro (44 milioi urteko) Haurreskolak Partzuergoari zuzendutako gasturako. 250 milioi euro (50 milioi urteko) derrigorrezko irakaskuntza, haur-hezkuntza eta hezkuntza berezietarako diru-laguntzetarako. 50 milioi euro inguru (10 milioi urteko) gazteek etxebizitza bat lortzeko prestazio ekonomikoen programari zuzenduta.
Horri guztia kontuan hartuta, Jaurlaritzaren hainbat Sailetatik Familia Planari zuzendutako inbertsioa, guztira, 1.763,7 milioi eurokoa izango da. Horri gehitu behar zaizkio Eusko Jaurlaritzaren beste Sailek bidera ditzaketen zenbatekoak, bereziki Osasun, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Emakundetik bidera daitezkeenak.
Zerga-gasturako beste 1.575 milioi euro alde batera utzita, Foru Aldundiek kudeatutako PFEZaren baitan oinordekoak izateagatiko beherapenak, adierazi moduan, Europan ohikoa ez den sistema duala izango dugu, eta bertan uztartuko dira, alde batetik, familiei zuzendutako zerbitzu publiko, laguntza eta prestazioetarako sistema, eta, bestetik, zergak arintzeko sistema.
Eskakizunak
“Ez da posible zehaztea zein seme-alaba kopururi dagokien zergak arintzeko zain dauden laguntza-eskakizunak, ezta zein izan behar den aurkezten diren seme-alaben jaiotze-urtea ere”. Egin dezakeguna da aurten, abuztuaren 1etik aurrera gaur arte aurkeztu diren eskakizun guztiak eta pasa den urtean epe horretan aurkeztu zirenak alderatzea. 2017an 1.838 izan ziren. 2018an, 3.132. Ezberdintasuna, beraz, 1.294 eskakizunekoa da” zehaztu du Artolazabalek.
Eskakizuna aurkezteko erritmoa homogeneoa izan ohi da urtez urte, eta Dekretu berriaren bidez bigarren seme-alabentzako urterokoa handitu eta onuradun kopurua haz daitekeenez (gehien iragarri dena da), baiezta daiteke 1.294 eskakizun horien portzentaje handi bat, ez badira guztiak, mota horretako eskakizunak direla.
2018 ekitaldian Dekretu hau ezartzeko aurreikusitako aurrekontua 5.500.000,00 eurokoa da, eta indarrean sartu zen pasa den abuztuaren 6an. Bigarren seme-alabagatik laguntza hori 2018an jaso dezaketen familia kopurua 6.800 familiakoa da, gutxi gorabehera. Euskadiko Erkidegoetako familientzako laguntza hauek eskubide unibertsala eta subjektiboa duten bakarrak dira. Zenbatekoei dagokienez ere altuenak dira.
2018an Dekretuan egindako aldaketa guztien ondorioz onuradun izan daitekeen familia-kopurua 7.403 familiakoa da, horietatik 400 seme-alaba kontzeptua areagotzeagatik, ekonomikoki menpekoak diren 18 urtetik gorako eta 25 urtetik beherakoak barne.