Eu

Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen eta erakundeen 50 ordezkari baino gehiago Bavarian, bisita profesionalean

2018.eko irailak 08
  • Bittor Orozek bisitetan parte hartu du, non gaztandegiak, upategiak, ganadutegiak, garagardo lantegiak eta lupulu produktoreak ezagutzeko aukera eduki duten.
  • Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa (PEGA) nazioarteko abangoardiarekin hainbat eremutan harremanak edukitzearen alde agertzen da, ikuspegiak eta praktika onak partekatzeko gune bat sortzen lagunduta.

Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioak misio profesional bat antolatu du Bavariara eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek misio horretan parte hartu du, aste batean Alemaniako Lander horretan kokatuta dauden sektoreko puntako enpresa eta ekimen batzuk bisitatuta.

Horrela, Orozek babesa eman die berriro ikaskuntza eta sustapen ekintza horiei; izan ere, Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak (PEGA) adierazten duenez horrelako ekintzak elementu garrantzitsua dira nekazaritzako elikagaien euskal sektoreak kanpoan lehiatzeko duen gaitasuna areagotzeko, nazioartean presente egoten eta harremanak edukitzen laguntzen baitiote. Helburua da nazioarteko abangoardiarekin hainbat eremutan harremanak edukitzea, ikuspegiak eta praktika onak partekatzeko gune bat sortzen lagunduta.

Era berean, Orozek gidatzen duen Sailburuordetzaren lehentasunetako bat da erakunde eta elkarte profesionalen jarduerak babestea, jarduera kooperatiboei arreta berezia eskainita, Euskadiko baserri munduan oso errotuta dagoen formula baita.

Bidaian berrogeita hamar pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, tartean direla nekazaritzaren sektoreko, hainbat enpresa kooperatiboko eta erakundeetako ordezkariak, eta pasa den irailaren 3tik interesekotzat jotako Bavariako enpresa kooperatibo batzuen instalazioak bisitatu ahal izan dituzte.

Azpisektore batzuetako proiektuetara egindako bisitak

Elikagaiak

Ordezkaritzako kideek goi mendiko Bergkäserei gaztandegi txikiaren esperientzia ezagutzeko aukera izan dute. Gaztandegiak 9 bazkide ditu eta 30 langile, eta 18 gazta mota eta gurina egiten ditu. Gaztandegiaz aparte, belar lehorketan jarduten duen Futtertrocknung Kempten kooperatibaren esperientzia ere ezagutu dute, zeina 325 bazkidek osatuta baitago, bazkide gehienak esnetarako behien abeltzainak izanik.

Edariak

Era berean, ardogintzaren sektorea ezagutzeko egin diren bisitetan, Winzer Sommerach kooperatiba ikusi ahal izan dute. Upategi bat da, 1901ean sortua, eta 200 bazkide, 210 hektarea eta 24 langile ditu, eta 2 milioi kg mahats biltzen ditu urtean. Bisita horietan, halaber, GWF upategia ikusi dute. Upategia 1959an sortu zen, 1.300 bazkide eta 168 langile ditu, eta 15 milioi mahats biltzen ditu urtean.

ORO zuku eta sagardo upategia eta Klosterbrauerei Reutberg garagardo lantegi kooperatiboa izan dira bisitatu dituzte beste instalazio bi. ORO upategia 1958an sortu zen, eta 107 bazkide eta 168 langile dauzka, eta Klosterbrauerei Reutberg garagardo lantegia, berriz, 1934an eratu zen, 5.230 kontsumoko bazkide ditu eta 15 langile, eta 12 garagardo motaren 2,2 milioi litro garagardo ekoizten ditu, urtean 4,7 milioi euro fakturatuta

Kontsumoa

Simseer Weidefleisch kooperatiba txikia izan da lan eta kontsumoaren munduarekin lotuta egin dituzten bisitetako bat. 2015ean sortu zuten, eta bi kooperatibek osatuta dago. Horietako bat lan elkartuko kooperatiba bat da, 3 lan bazkiderekin eta bazkide kolaboratzaile 1ekin, eta bestea kontsumo kooperatiba bat, 120 bazkiderekin. 23 langile ditu, eta baimendutako hiltegi txiki bat dauka erabilera propiorako, ardiak, behiak eta txerriak hiltzeko balio duena.

Bidaiari amaiera emateko, beste bisita batzuk egiteko aukera eduki dute. Esaterako, lupulu merkaturatzen duen HVG kooperatiba baten esperientzia ezagutu ahal izan dute. 1953an sortutako kooperatiba izan da, 1.000 bazkide nekazari eta 19.000 hektarea dauzkana, eta 90 milioi euroko diru sarrerak dituena salmentekin, horietatik %80 esportazioan eskuratutakoak. Kooperatiba horretaz aparte,  Viehvermarktungsgenossenschaft Oberbayern hiltegia eta animalia zatitzeko gunea eta nekazaritzaren, eraikuntzaren eta energiaren alorretan jarduten duen BAyWA kooperatiba multinazionala bisitatu dituzte. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioa