Berriak Lehendakaritza
Eu

Izaskun Landaida: "Jaizkibelen kontra gaur entzun eta ikusitako irain eta keinuak ez datoz bat gizarteak berdintasunaren alde duen jarrerarekin"

2018.eko irailak 08

Hondarribiako alardearen ospakizunean izan da gaur Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, Jaizkibel konpainiari babesa emateko. Bertan Jaizkibeleko kideek entzun behar izan dituzten irain eta oihuek mina eta lotsa eragin arren, Landaidak adierzi du argi duela jarrera hauek ez datozela bat euskal gizarteak berdintasunaren alde duen jarrerarekin. "Gure babes guztia Jaizkibeleko konpainiako kideei, bereziki gazteenei, argi baitaukagu etorkizuna berdintasunaren aldekoa dela", esan du. Landaidak gogoratu  du gero eta herri gehiago direla herritarren laguntzarekin euren tradizioak egokitu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko eta dei egiten die Hondarribiako Udaleko ordezkariei eta bertako eragile guztiei aurrera pausoa eman dezaten Hondarribian ere bide hau erraztu dezaten. Emakunderen ustetan tradizioak herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak dira, baina testuinguru jakin batean sortutakoak dira, beraz, eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko. Hori da, hain zuzen, denboran iraun ahal izateko estrategia. Honek ez du tradizioen kontra egitea suposatzen, aberastea baizik, emakume eta gizonei eskubide berdinak emanez.

Emakundeko zuzendariak azaldu du tradizioen egokitze prozesuak, hainbat herritan egin dena, ez duela atzera egiterik. Landaidaren esanetan, “oraindik asko dago egiteko, baina gero eta jende gehiago dago alarde parekidea babesten eta horretan parte hartzen, eta hauen artean gero gazte gehiago”.  

Emakunderen ustetan, elkarrizketa da bide eraginkorrena errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko. Emakunderen iritziz elkarrizketa lehen pausoa da, ezinbestekoa, elkarbizitza lortzeko eta gogoratu du herriaren gehiengoak erakunde publikoei eskatzen diela jarrera aktibo bat izan dezaten konponbide batera heldu ahal izateko. Hau dela eta, deia egin die udaleko talde politiko guztien ordezkariei elkarrizketa prozesua bultzatu eta erraztu dezaten.

Emakundek gogoratu nahi du berdintasuna balore soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza dela, eta erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko beharra dutela emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin. Horretarako ikusten du elkarrizketa, elkarlana eta akordioa direla arazo hau konpontzeko tresnak. Eta hain justu tresna horiek erabiltzen jarraituko du Emakundek, orain arte egin duen bezala, hainbat herrietan egin dutena ikusita, posible delako tradizioak egokitzea.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak