Berriak Segurtasuna
Eu

Trafikoaren gaineko eragina Bizkaiko errepideetan eta Oiz mendirako sarbideetan irailaren 12an, Espainiako Txirrindularitza Itzulia dela eta

2018.eko irailak 07

Segurtasun Sailak arretaz ibiltzea eta seinaleek eta agenteek adierazitakoa betetzea gomendatu du

 

(2018/09/07) Ertzaintzak herritarrei jakinarazi die datorren irailaren 12an egingo den Espainiako Txirrindularitza Itzuliko etapak eragina izango duela errepide-trafikoan.   Etapak Bilbo inguruan izango du eraginik handiena, txirrindulariak bi aldiz igaroko baitira bertatik.

 

Ertzaintzak segurtasun-dispositiboa eta proban laguntzekoa prestatu du, eta arretaz ibiltzeko eta seinaleek eta agenteek adierazitakoa betetzeko eskatu die gidariei eta proba ikustera joaten diren zaleei.

 

2018ko Espainiako Txirrindularitza Itzuliaren 17. etapa, 157 kilometrokoa, Bizkaiko Lurralde Historikoan zehar ibiliko da. Etapa Getxoko kirol-portuan hasi eta Oiz mendian amaituko da, Bizkaiko hainbat eskualde zeharkatu ondoren.  Irteera itsas geltoki berrian kokatuta egongo da. Etapa 13:00etan hasiko da, eta ibilbide neutralizatu bat egingo da: Arriluze kalea, Areeta Kaia, Bizkaia Zubia, Itsasadarreko Errepidea, Elorrieta, Euskalduna Zubia, Sabino Arana, J.A. Zunzunegui. Abiadazko irteera Gurtubay kalean egingo da (Bilboko udalerriaren barruan).

Horrek guztiak eragina izango du Bizkaiko hainbat errepidetako zirkulazioan 13:00etatik aurrera.

 

Etaparen ibilbideak Bizkaiko hainbat eskualde zeharkatuko ditu, eta bide-sarearen gaineko eragina honako hau izango da:

 

Ezkerraldean, zirkulazioak 13:30etik 15:00etara bitarte jasoko du eragina, batez ere N-634 errepidean, Zorroza, Retuerto, Trapagaran eta Gallartako hiriguneak zeharkatzean. Halaber, Santurtziko porturako sarbideak eta barneko zirkulazioak aldi labur batean jaso ahal izango dute eragina.

 

BI-639 errepidean, Sestaoko eta Barakaldoko hiriguneetan, trafikoa moztu egingo da.

 

15:00etatik aurrera, eragina Derio eta Mungiara iritsiko da, eta, geroago, Bermeotik Gernikarako tartera. 16:30etik aurrera, berriz, Gernikaren eta Bizkaiko Balkoiaren arteko tarteko eta Munitibar, Santa Eufemia Gaina eta Bolibar inguruko zirkulazioa egongo da eraginpean, 18:30 ingurura arte (ordu horretan amaituko da etapa, Oiz mendian).

 

Bilbon, trafiko-eraginik handienak 13:00etatik 15:00etara gertatuko dira. Ordu horietan, San Mamestik hiribururako sarbideak moztuta geratuko dira bi noranzkoetan, Donostiatik zein Santandertik iristen diren ibilgailuentzat. Sartzeko eta irteteko alternatibak Juan de Garay eta Miribilla kaleak izango dira.

 

 

Txorierriko Korridorean, trafikoa moztuta geratuko da Mungia-Bilboko aireporturako adarretan, Barakaldotik zein Erletxetik iristen diren ibilgailuentzat, 14:15etik 15:15era arte gutxi gorabehera. Mungialdera eta Bilboko aireportura joateko alternatiba Loiu izango da.

 

HELMUGAREN INGURUA. Oiz mendiko ingurunea eta Durango

Espainiako Itzuliak Bizkaiko Lurralde Historikoko hainbat errepide zeharkatzeak bide-zirkulazioan izango dituen ondorioez gain, eragina bereziki handia izango da Oiz mendiko ingurunean (bertan egingo baita helmuga) eta, neurri txikiagoan, Durangoko hirigunean, bertan egongo baitira Bulego Iraunkorra eta Prentsa Aretoa (Landako Gunea), baita Vuelta Parkea ere (Ezkurdi plaza).

 

Azken tarte horretan kirol-probako parte-hartzaileen zein ikusleen segurtasuna bermatzeko, Ertzaintzak ibilgailurik gabe utziko ditu Bizkaiko Balkoitik Oiz mendira doan pista (lasterketaren ibilbidea bera) eta gainetik (San Kristobal ermitaren ondoan) Garay-Goiuria errepidera (BI-3341) iristen den pista. Horretarako, pista horietarako sarbideetan kontrolak ezarriko dira aurreko egunetik hasita, eta patruilak bertara iristen diren pertsonek ibilgailuak pista horietan edo bazterrean ez aparkatzeaz arduratuko dira, ibilgailu astunen zirkulazioa zaildu ez dadin.

           

Lasterketa iritsi aurreko gauetik hasita, ibilgailuak ezin izango dira helmugaren inguruan ibili, beharrezkoak diren azpiegiturak muntatzeko lanetan segurtasuna bermatu ahal izan dadin. Gainera, pisten ondoko inguruetan dauden aparkalekuak beteta daudela ikusten denean, ibilgailuak ezin izango dira Oiz mendira joan. Aurreikusitakoaren arabera, zirkunstantzia hori lasterketaren aurreko gauean gertatuko da, eta, beraz, ibilgailuarekin ezin izango da inguru horretara hurbildu hilaren 12an, asteazkena.

           

Horrez gain, asteazkeneko 12:00etatik aurrera, BI-3341 errepidea moztuta geratuko da Garaytik Goiuriarako noranzkoan, Santa Katalina ermitaren eta Oiz mendirako sarbidea ematen duen pistaren artean, bertan aparkatuko baitute txirrindulari taldeen autobusek. Etapa amaitzean, bi noranzkoak geratuko dira itxita, txirrindulariak eta bizikletak autobusetara igotzen diren arte (ordubete inguru). Errepide horren alternatiba gisa, Garaytik Goiuriara edo Iurretara joan nahi dutenek Gerediagako autobide-irteera berrira jo ahal izango dute, eta, ondoren, N-634 errepidea hartu Iurretaraino; bestela, Santa Katalina ermitaren inguruan ezkerrera doan bidea hartu ahal izango dute San Juan ermitarantz, eta, handik, Iurretarantz abiatu.

           

Datorren irailaren 12an Espainiako Itzuliak zeharkatuko dituen errepideen inguruan ibili nahi duten pertsonek informazio gehiago nahi izanez gero, honako aukera hauek izango dituzte: Trafiko Zuzendaritzaren informazio-telefonoa (011), @trafikoaEJGV twitterra eta www.trafikoa.eus webgunea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko