Eu

Ordiziako Gazta Lehiaketa irabazi duen artzainik gazteena bihurtu da Julen Arburua, 8.750 euroan enkantean saldutako gazta batekin

2018.eko irailak 05

Ordiziako Euskal Jaien barruan, asteazkeneko protagonistak izan dira produktu eta ganadu azoka aparta eta Ardi Latxaren edo Karrantzako ardiaren XLV. Gazta Lehiaketa, Euskadin denbora gehien duen gazta lehiaketa. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Elikagaien Kalitatearen eta Industrien zuzendari Peli Manterolak eta Elika Fundazioaren zuzendari Arantza Madariagak parte hartu dute jardunaldian, non Julen Arburuak, Lekarozeko 26 urteko artzainak eta Arantzazuko artzain eskolan ikasitakoak, gazta hoberenaren saria eskuratu baitu, lehiaketa honek bere historian eduki duen artzainik gazteena bihurtuta.
Lehiaketa ondoren egin ohi den enkantean, San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Country kongresuak 8.750 euro ordaindu zituen gazta irabazlearen erdiagatik. Urrian, Kongresuak bere hogeigarren edizioa egingo du, eta tokiko produktuari eta Euskadiko lehen sektoreari aitortza egin nahi dio bertan.
Lehiaketaren epaimahaiak, Juan Maria Arzak presidituta, aurkeztu diren gazten maila handia nabarmendu du.
Zehazki, 54 gazta aurkeztu dira, aurreko edizioan baino 9 gazta gehiago. Zer lurraldetako gazta izan diren begiratuta, 26 Gipuzkoakoak ziren, 13 Nafarroakoak, 10 Arabakoak eta 5 Bizkaikoak. Egiteko moduari dagokionez, aurkeztutako 25 gazta ketuak izan ziren eta 29 zuriak.
Ordiziako lehiaketaren edizio honetan, nobedaderik handiena izan da finalera iritsi eta azken dastaketara igaro ziren hamalau artzainak oholtzara deituak izan zirela diploma bat jasotzeko, Idiazabal Gaztaren Kofradiaren eskutik eta J.I.ren presidente Jose Mari Ustarrozen eskutik. Horrela, Kofradiak ahalik eta artzain kopururik handienari eman nahi izan dio protagonismo.
Ordiziako Joseba Intxausti, Araiako Unai Lekuona, Ilarduiako La Leze eta Olaberriako Aizpea izan dira Ordiziako Gazta Lehiaketan sailkatutako gainerakoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak