Berriak Osasuna
Eu

Denbora errealean gluzemia neurtzeko sistema berria Euskadin haurdunaldi aurreko diabetesa duten emakumeetara zabalduko da

2018.eko irailak 06

Irailetik aurrera, haurdun dauden edo haurdun geratzeko asmoa duten eta diabetesa duten emakumeei, glukosa monitorizatzeko sistema berria eskainiko die Osakidetzak. Iaztik sistema hori Euskadiko adingabe diabetikoekin erabiltzen ari dira oso emaitza onarekin.

 

Irailetik aurrera, Osakidetzak, haurdun dauden edo haurdun geratzeko asmoa duten emakume diabetikoei, gluzemia neurtzeko sistema berria eskainiko die. Iaztik, Euskadiko 18 urte baino gutxiagoko 300 pertsona jada erabiltzen ari dira sistema hori.  Oso berria den metodo honen bitartez, adabaki bat ipinita, egunero sastada ugari egin beharra ekidingo da. Horrek pertsona diabetikoen eguneroko bizitza erraztu egingo du. Sentsore-adabakiak odoleko glukosa-maila neurtzen du eta telefono mugikor baten pantailan ikusteko aukera ematen du, orain arte behin eta berriro egin behar izan diren sastada kapilarrak saihestuz.

Hemendik aurrera, 1 motako diabetesa duten eta haurdun geratzeko asmoz kontsultara bertaratu diren berrogeita hamar bat emakume gluzemia neurtzeko metodo berri honetaz baliatu ahal izango dira.

Osasun sailburu Jon Darponek bereziki zaurgarriak diren pertsona horientzako tresna berriak duen garrantzia azpimarratu du: “Haurdun geratu aurretik diabetesa duten pazienteek odolean glukosa-mailak kontrolatzeko zailtasun berezia duen taldea osatzen dute. Adabakiari esker, intsulina hartu aurreko sastadak ekidingo dituztenez, euren bizi-kalitatea izugarri hobetuko da”.

Telefono mugikor baten pantailatik glukosa-mailak ezagutzeko sistema berria 2017ko azaroan jarri zen martxan haurren eta gazteen kolektiboentzat. Orduz geroztik 18 urte baino gutxiagoko 308 paziente ari dira erabiltzen. Halaber, medikuaren aginduz eta hainbat egoerari erantzuteko, sentsorea beste 92 helduren esku jarri zen.

Aurrerago, proiektuaren lehen ebaluazioa egitea aurreikusita dago, Euskal Autonomia Erkidegoan diabetesa duten pazienteen multzoan sistema berriaren ezarpena baloratzeko.

 

DIABETESA EUSKADIN

Europa osoan gaixoen kopuruak, oro har, gora egin arren, Euskadin bere prebalentzia Estatuko batez bestekoaren azpitik dago. Osakidetzaren azterketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 18 urtetik gorakoen % 10,6rengan eragiten du. Antzeko helburuekin egin ziren azterketetan, berriz, Estatuan prebalentzia % 13,8ko dela ikusi zen.

Bizi-ohitura osasungarriak hartzea gaixotasuna prebenitzeko funtsezkoa denez, 2013-2020 Eusko Jaurlaritzaren Osasun Planak “Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak” proiektua edo haurtzarotik zahartzaroraino jarduera fisikoaren sustapena bezalako jarduketak sustatzen ditu.

Asistentzia-arretari dagokionez, Osakidetzako profesionalek gaixotasuna prebenitzeko eta kontrolatzeko egiten duten lan bikainez gain, Osasun Eskolaren eta Paziente Bizia programaren barruan, paziente horien prestakuntza “Nire diabetesa zaintzen” tailerren bidez sustatzen da. Programa horren bidez, dagoeneko, 3.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte.

 

                                                                     

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 6a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau