Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek hasiera eman dio 2018-2019 ikasturteari Donostian

2018.eko irailak 07
  • 375.000 ikasle inguruk ikasturte berria hasi dute Euskadin

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman dio gaur goizez 2018-2019 ikasturteari, Donostiako Ikasbide Ikastolara egin duen bisitarekin. Donostiako alkate Eneko Goia eta Hezkuntza Saileko nahiz ikastetxeko bertako arduradunak lagun zituela, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko honetako ikasgela batzuk bisitatu ditu sailburuak lehenik, eta ikasturte hasierako daturik esanguratsuenak nahiz berritasun nagusiak ezagutarazi, ondoren.

374.957 ikasle hasi dira dagoeneko ikasgeletara joaten Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetan. Datu honek igoera txiki bat esan nahi du (%0,03koa) iazkoarekin alderatuta. Hala ere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) jaitsiera gertatu da aurten ere, ia hiru puntuko jaitsiera (-%2,95), azken urteetako jaiotzen beherakadaren ondorio. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ere (3-5 urte) matrikula beherakadak jarraitzen du: aurreko ikasturtean baino %2,34 gutxiago dira aurten.

Euskadiko familiek aukeratzen duten hezkuntza sareari dagokionez berriz, publikoa eta itunpekoaren arteko orekak jarraitzen du ezaugarri nagusi izaten. Ikasleen %50,6k sare publikoan ikasten dute, eta gainerako %49,4k itunpekoan. Hizkuntza ereduei begiratuta, D eredua da ikasleek gehien eskatzen dutena. Haur Hezkuntzan, ikasleen %79,7k D eredua aukeratzen dute, iaz baino zortzi hamarren gehiagok (+%0,8%). Beste aldean dago A eredua: hezkuntzara sartu berrien %3,6k aukeratzen dute eredu hau, aurreko urtean baino bi hamarren gutxiagok (-%0,2%).

2018-2019 ikasturtea, gainera, hezkuntza-azpiegitura berriekin hasiko da, ikasturte honetan abian jarriko diren eraikin edo eraikin-handitze berriekin. Besteak beste, honako hauek estreinatuko dira: Zabalgana Institutu berria Gasteizen, Pagasarribide Institutua Bilbon, Lanbide Heziketako Migel Altuna Institutua Bergaran, edo San Adrian Institutuan eta Urdulizko Elortza ikastetxean egin diren handitze lanak.

Lan horiek guztiak Hezkuntza Sailaren 2014-2018 aldirako Azpiegitura Planean daude jasoak. Uriarte sailburuak azaldu du datozen hilabeteotan aurkeztuko dela hurrengo plana, Saila horretan ari baita lanean.

Hezkuntza sailburuak beste datu bat ere nabarmendu nahi izan du: ikasturte honetan, ikastetxe publikoen %62an zuzendaritzaren ardura hartuko duten taldeak, ikastetxeko bertako hezkuntza-profesionalen ekimenez sortu dira, Zuzendaritza-proiektuak aurkeztu ondoren. “Sekula lortu den portzentajerik altuena da, eta datu honek argi erakusten du gure hezkuntza sistema hobetzen jarraitzeko irakasleek duten inplikazioa eta borondatea. Hauei guztiei eskertu nahi diet egin duten aurrerapausoa”.

55 milioi, unibertsitatez besteko beketarako

Aurkezpenean sailburuak hizpide izan ditu unibertsitatez besteko ikasleak eskolatzeko bekak, eta diru-laguntza horietarako Hezkuntza Sailak aurten bideratuko duen diru-kopurua ere: 55 milioi euro. “Garrantzitsua da argitzea kopuru hori handitu egingo dugula, beharrezko balitz. Nabarmendu nahi dut baldintzak betetzen dituzten familia guztiek izango dutela dagokien laguntza ekonomikoa, horretarako beka hauetarako bideratu den aurrekontua handitu beharko balitz ere” gehitu du sailburuak. Joan zen 2017-2018 ikasturtean unibertsitatez besteko 127.172 ikaslek jaso zuten bekaren bat, eta orotara 189.227 laguntza eman ziren.

2018-2019 ikasturterako berritasunak

Hezkuntza Sailak ikasturte honetan burutuko dituen ekimen guztien artean, batzuetan ipini nahi izan du arreta Uriartek. Batetik, Hezkuntza Saila atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeaz osatzen ari den azterketa hartu du hizpide. “Hezkuntza politiken eta programen ardatzean bizikidetza positiboa kokatzeko xedez, Hezkuntza Sailean denbora daramagu Euskal Hezkuntza Sisteman eskolatzen diren jatorri atzerritarreko ikasleen eskolatzeari buruzko azterlan hau burutzen”.

Cristina Uriartek aurreratu du azterlan hau eta beronek jasotzen dituen ekintza zehatzak ikasturte honetan aurkeztuko direla. “Azken boladan zeresan handia eman duen gai beten inguruan ari gara, baina Hezkuntza Inklusiboa eta Aniztasunaren Trataerarekiko Sailak hartua duen konpromisoaren baitan kokatzen dena. Gure lurraldea ezagutzen ari den inmigrazioaren hazkundeak badu isla Euskal Hezkuntza Sisteman ere. Komunitateak, eskolak zein administrazioak unean uneko beharretara egokitu behar dute erantzuna, hezkuntza-politika eta praktiken bidez. Horretarako, beharrezkoa da inmigrazioaren fenomenoak eskola-sisteman duen eragina hobeto ulertzea, eta hezkuntza-arrakasta izateko aukerak sustatuko dituzten erronka zein esku-hartzeak identifikatzea”. Azterlan honek ahalbidetuko du gero eta anitzagoa den eskolan azaltzen diren zenbait lehentasun identifikatzea. Horrez gain dagoeneko (Ikasle Etorkinei Arreta emateko II. Planaren bidez) garatzen ari diren ekintzen osagarri izango diren bestelako ekintza batzuk ere jasotzen ditu azterketak, eskola inklusiboaren aldeko lanean jarraitzeko xedez.

Bestalde, ikasturte honek Gaitasun Handiko ikasleez arduratuko den Plan bat abian jartzen ere ikusiko du. “Gaitasun horiek albait arinen antzematea da gure helburua, esku-hartzea ere egokia eta albait azkarrena izan dadin. Garrantzizkoa da azpimarra jartzea ikasle hauekiko esku-hartzea handitzeak duen garrantzian, bai hezkuntza eremuan bertan, bai gizartean. Kasu guztiak identifikatu behar dira, horrela era zuzen eta eraginkorrean lagundu ahal izateko”.

Lanbide Heziketako V. Euskal Plana

Lanbide Heziketan, ikasle kopuruak izan duen %1,38ko hazkundearekin hasi da ikasturtea, baina baita Lanbide Heziketako Euskal Lege berria estreinatuz ere, joan zen ekainean onartu baitzuen Legebiltzarrak. “Tresna berri honekin, garai berrietara egokitzeko egin behar diren eraldaketei egokiago helduko diegu” azaldu du Uriartek Lege berriaz ari zela, eta jarraian, datozen hilabeteetan Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onartuko dela gogorarazi du. “IV. Planak jasotzen zituen berritasunak aplikatzen jarraitzen dugu, baina berriro ere 4. Industria Iraultzak eskatzen dizkigun beharrei aurrea hartu beharra daukagu. Plan honek ikasketa-metodologien garapen zabalean ipiniko du arreta, izan ere, metodologia berriak ezinbestekoak baitira ikasleak beharrezko dituzten gaitasunez janzteko. Formazioa behar errealetara eta enpresa mundura egokituko duten ekimenez ari gara hizketan. Horretarako, besteak beste, metodologia berriak eta ikasketa-zentroen antolaketa berria izango dira oinarri. Guztion artean ekoizpen-sarea lehiakorrago izatea lotu behar dugu. Eta ikasleek prestakuntzarik onena lortzea. Enpresek ere helburu horretan inplikatu beharra dute, orain arte egin izan duten moduan”, esan du amaitzeko sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Donostiako alkatea