Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Estatuak eta erkidegoek Bidaiderik gabeko Adingabe Atzerritarrei buruzko Lurralde Arteko Koordinazio Mahaia eratu dute

2018-09-05

Madril, 18 09 05

Gaur goizean, Bidaiderik gabeko Adingabe Atzerritzarren Lurralde Arteko Mahaia eratu da, Madrilen; hori izan da Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek 2018ko uztailaren 4ko bilera monografikoan eginiko eskarietako bat. Eusko Jaurlaritzak, gaur goizean, “bizkortasuna eskatu du koordinazio-mahai horri dagozkion lantaldeak eratzeko, eta lantalde horiek gehienez 15 eguneko epean lanean hasteko, eta proposatutako hiru jardun-ildoak zehazten hasteko”.

 

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, Ernesto Sainz Lanchares Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarekin batera, Bidaiderik gabeko Adingabe Atzerritzarren Lurralde Arteko koordinazio-bileran parte hartu du; bilera Madrilen izan da, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioan, kolektibo horren egoera aztertzeko. Hiru lurraldeetako foru-aldundietako ordezkariak ere izan dira bertan, Sergio Murillo, Maite Iturrate, Miren Saratxaga eta Belén Larrion gure lurraldera bidaiderik gabe iristen diren adingabe atzerritarrei arreta emateko eskudunak.

 

Mahaia erkidegoek eta zortzi ministeriok eratzen dute: Lana, Migrazioak eta Gizarte Segurantza, Barne Ministerioa, Presidentetza, Lurralde Politika eta Funtzio Publikoa, Justizia, Kanpo Harremanak, Europar Batasuna eta Lankidetza, deialdia egin duen ministerioa, Osasun Ministerioa, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna, eta Estatuko Fiskaltza Nagusia.

 

Lan-mahaiaren lana funtsezko hiru oinarri aztertzea izango da:

 

1.- Lurraldeen arteko elkartasun-printzipioa lantzea. Horretarako, datozen asteetan, Ministerioak ERREGE DEKRETUA prestatzea aurreikusten du; horren bidez, 40 milioi euro bideratuko ditu 2018an Espainiara bidaiderik gabe iritsi diren eta iristen jarraitzen duten adingabe atzerritarrentzat. Modu berean, 15 eguneko epea dute autonomia-erkidego guztiek, beren baliabideetan beste autonomia-erkidego batzuetan dauden  -horietako batzuetan baliabideak kolapsatuta daude- bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak hartzeko prest dauden adierazteko.

 

2.- Bigarrenik, bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrekin esku hartzeko esparru-protokoloaren analisia eta, hala badagokio, aldaketa eta/edo eguneratzea lantzea.

 

3.- Arreta-eredua berrikustea eta, horretarako, kolektibo horren behar berezietara egokitzea.

 

Lide Amilibiak, Ernesto Sainz Lanchares Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarekin eta Euskadiko hiru foru-aldundiekin batera, iritziak trukatu ditu Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioko Haur eta Familien Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin, bai eta koordinazio-mahaiko gainerako kideekin ere.

 

Amilibiak erantzunkidetasuna eskatu du lurraldeen artean; izan ere, lurralde batzuek “bidaiderik gabeko atzerritar adingabe guztiak kontzentratzen dituzte eta beste batzuek ez dute ia bat ere hartzen; beraz, bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren banaketa solidarioa behar da autonomia-erkidegoetan, hobeto gizarteratu daitezen”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)