Berriak Lehendakaritza
Eu

“Erronka partekatu bat da gehien behar duen pertsonei arreta ematea” dio Eusko Jaurlaritzak

2018.eko irailak 05

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte lagun zituela, ASPACE Bizkaiko Zabaloetxe Goikoa Errehabilitazio Integraleko Zentroan izan da, 40. urteurrena dela eta. Bere jardunean, Euskadin ASPACEk garatzen duen gizarte-lana nabarmendu du Lehendakariak.

Urkullu Lehendakariak, ASPACE Konfederazioak ezaugarri duen gizarteratze-eredua aintzatesteaz gain, Herrialdearen konpromiso soziala azpimarratu du. Hala, nabarmendu duenez, ASPACEren adibideak agerian uzten du pertsonekiko hurbiltasunaren eta solidaritatearen balioa. “Indartu beharreko aktibo bat dugu hau, gizarte bidezkoago eta hobeago batean inbertitzea esan nahi baitu”, gaineratu du.

Era berean, ASPACEren eta Euskadiko hirugarren sektore sozialaren lana nabarmendu du Lehendakariak. Hala, azaldu duenez, pertsonei arreta emateko eredu bat da, haien premiekin eta haien familienekin enpatizatzeko. “Arreta pertsonala eskaintzen duzue hezkuntzako, errehabilitazioko eta osasuneko premiei erantzuteko”, zehaztu du.

Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen diharduen “auzolana” filosofiari aipamen eginez, gure Herrialdearen etorkizuneko erronkei erantzuteko lankidetzaren premiaz jabetzen direla adierazi du. “Erronka partekatu bat da gehien behar duen pertsonei arreta ematea”, zehaztu du.

Bestalde, ASPACEren sorburuetara egin du atzera Lehendakariak, gogora ekarri nahian duela 40 urte familia-talde batek jarri zuela martxan proiektu hau, euren baliabideekin, garuneko paralisia zuten pertsonek arreta espezifikoa jaso zezaten. Ekimen aitzindari hark 450 pertsonari ematen die gaur egun arreta 14 Zentrotan, eta 200 profesionalek eta 150etik gora boluntariok osatutako talde bat du.

“Jarrai dezagun elkarrekin batera lanean gizarte konprometituago, kohesionatuago, solidarioago eta bidezkoago bat lortzeko”, esanez amaitu du.

Bertan egon dira Kepa Erauzkin, Aspace Bizkaiako Presidentea, Elías Leguina, Aspace Bizkaiako Gerentea, eta Fátima Souza, Zentroko Zuzendaria. Zentroko hainbat profesional ere izan dira ekitaldian.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak