Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak harrera egin die 2018ko Urruzunotarrako Gehituz literatura ekimeneko sarituei

2018-09-07
  • Zugarramurdiko aterpetxean literatura egonaldia egin ondoren, Hezkuntza Sailak harrera egin die Lakuan gaur.
  • Saritu bakoitzak liburu elektroniko bana ere jaso du sari
  • Saritutako lanekin liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola guztietara bidaliko da aurki

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan gaur goizean jaso dute saria 2018ko Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimenean irabazle izan diren 19 neska-mutil gazteek, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria buru zela ospatu den ekitaldian. Bost egunez Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean egonaldia egin ondoren iritsi dira gazteok Gasteizera. Izan ere, irailaren 3an hasi eta gaur arte, sormena lantzeko tailerrak izan dituzte neska-mutilok, baina baita berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukera ere. Egonaldi horixe izan dute irabazleek sari nagusia, baina gaurko ekitaldian diploma eta liburu elektroniko bana ere jaso dituzte. 33. ediziora iritsi da aurten gazteen literaturzaletasuna bultzatzeko Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen duen lehiaketa.

Literatura-egonaldia Zugarramurdin

Aurtengo sarituek, aurreko urteetakoek Elgoibarko Aubixa baserrian egin duten moduan, Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean egonaldia egiteko aukera izan dute. Bertan egon dira astelehenetik gaur arte, eurentzat beren beregi antolaturiko literatura-egonaldian. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat.

Bost egunez, lagun izan dituzte Zugarramurdiko egonaldian Yolanda Arrieta, Maite Franko, Jon Martin eta Itxaro Borda, besteak beste. Idazle, ipuinlari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartu dute; Maite Frankorekin berriz, antzerki-jolasak eta gaubela literarioak izan dituzte; eta Jon Martinekin, azkenik, afalosteko musika-emanaldia. Baina aipaturiko horiez gain, eskulanak egiteko tartea ere hartu dute, edo elkar hobeto ezagutzeko jolasetan parte hartu dute, June Oleagaren eskutik.

Baina Zugarramurdi eta inguruak ezagutzeko tarterik ere izan da bost egun hauetan. Bestak beste, Irisarri Land parkera eta Leurtzako urtegira egin dituzte irteerak, eta Zugarramurditik Sararako bidea ere egin dute oinez, Xareta ibilbidea deritzona, gidari ezin egokiago bat lagun zutela: Itxaro Borda idazlearekin.  

Urruzunotarrak, 33 urteko ibilbidea

Urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatura-lehiaketaren jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena. 33. ediziora iritsi da aurten lehiaketa. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua, hitz lauz edo olerkiz, euskarazko sormena belaunaldi gazte berrietan indartzeko. Ez da asmo hutsa, azken hamarkadetako praktikak ondo frogatu duen gertakaria baizik: Urruzuno saria irabazi izan duten hainbat neska-mutil egungo euskal idazle, kazetari, bertsolari edo gidoigile ezagunenen artean daude.

Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Adina kontuan harturik, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteak; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnak.

Epaimahaia

Parte hartzeari dagokionez, 120 lan aurkeztu dira aurten. A mailan (Batxilergoa eta Erdi Mailako Heziketa Zikloak), 41 lan prosan eta 20 poesian; B mailan aldiz (BDHko 3. eta 4. Mailak), 57 lan prosan eta  2 olerkian. Parte hartzaileetako 94 neskak izan dira, eta 26 mutilak.

Egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diren izenek osatu dute aurten ere, ohi den eran, Urruzunotarrak Gehituz ekimenaren epaimahaia: Gari Berasaluze, Leire Bilbao, Peru Iparragirre, Goiatz Labandibar eta Jasone Osoro izan dira epaimahaikide.

2018ko edizio honetan sarituak gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.

 

Urruzunotarrak Gehituz 2018

 

Hau da aurtengo irabazleen zerrenda:

 

POESIA A

1.-  Aroa Arrizubieta Barredo

         Idazlanaren izenburua: Zuei, zuri, guri… eta agian niri.

         Ikastetxea: Gasteizko Armentia Ikastola

 2.-  Maddi Aiestaran Iparragirre

         Idazlanaren izenburua: Irantzu

         Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI

3.-  Maddi Aiestaran Iparragirre

         Idazlanaren izenburua: Miraz

         Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI

4.-  Amaia Irastorza Otamendi

         Idazlanaren izenburua: Hutsuneak

         Ikastetxea: Irungo Pio Baroja BHI

5.-  Nora Gondat Unzalu

         Idazlanaren izenburua: Ezjakin baten pentsamenduak

         Ikastetxea: Pasai Donibaneko Pasaia Lezo Lizeoa

 

          

PROSA A

1.-  Iraide Aurrekoetxea Intxausti

         Idazlanaren izenburua: Gora motxilak

         Ikastetxea: Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastola

2.-  Olaia Azurmendi Marcos

         Idazlanaren izenburua: Han ez omen baita malkorik

         Ikastetxea: Andoaingo Aita Larramendi Ikastola

3.-  Miren Agirregomezkorta Iza

         Idazlanaren izenburua: Mare Mortum

         Ikastetxea: Donostiako Santo Tomas Lizeoa 

4.-  Ainara Iraragorri Herrera

         Idazlanaren izenburua: Itsasbehera

         Ikastetxea: Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastola

5.-  Helena Gorroño Marsal

         Idazlanaren izenburua: Ez nintzen horrelakoak egiten zituen horietakoa

         Ikastetxea: Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastola

6.-  Ane Varela Etxeberria

         Idazlanaren izenburua: Ez

         Ikastetxea: Donostiako La Salle Ikastetxea

7.-  Miren Echebarria Martinez

         Idazlanaren izenburua: Aulki hutsak

         Ikastetxea: Lekeitioko Lekeitio BHI

 

PROSA B

1.-   Iratxe Garmendia Eguzkitza

         Idazlanaren izenburua: Malko bat itsaso zabalean

         Ikastetxea: Ordiziako Jakintza Ikastola

2.-  Maddi Zabalo Mateos

         Idazlanaren izenburua: Loreak Udazkenean

         Ikastetxea: Igorreko Arratia BHI

3.-  Sofia Zacharova

         Idazlanaren izenburua: XX. mendeak zure ausardia gainditzen duenean

         Ikastetxea: Markina-Xemeingo Markina BHI       

4.-  Aratz Fernandez de Pinedo Irastorza

         Idazlanaren izenburua: Zoriaren show-a

         Ikastetxea: Gasteizko Armentia Ikastola

5.-  Beñat Albizbeaskoetxea Sánchez

         Idazlanaren izenburua: Zein urrun dagoen Europa

         Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI

6.-  Jone Urbieta Lejardi

         Idazlanaren izenburua: Txomin

         Ikastetxea: Markina-Xemeingo Markina BHI

7.-  Naia Badiola Solabarrieta

         Idazlanaren izenburua: Lokarriak

         Ikastetxea: Ondarroako Ondarroa BHI

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)