Eu

Argentina eztabaida ekonomiko bizian murgilduta dago, eta Euskadiko industria-kasua eredu gisa hartu du

2018.eko irailak 05
  • Arantxa Tapia Dante Sica Argentinako Ekoizpen ministroarekin batu da, Industria Eguna dela eta
  • Hogeita hamar bat euskal enpresa daude herrialde horretan; bertan, Euskadi, lizitazioen plataformaren bidez, lehiaketa publikoak eslei dakizkion lanean ari da

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak hitzaldi berezia eman du 2.000 pertsonaren aurrean, Unión Industrial Argentinak antolatu duen “Nuevos enfoques para el futuro productivos” izeneko Argentinako 24. Industria Konferentzian. Mauricio Macri nazioko presidenteak itxi du ekitaldia.

Argentinako eragile publikoak eta pribatuak herrialdeak bizi duen egoera konplexua berbideratzeko zabaldu beharreko ekonomia- eta industria-politiken inguruko eztabaida sakonean murgilduta daude.

Testuinguru horretan, sailburuak Euskadin bai krisialdian bai oparoaldian eginiko industria-apustu bizia nabarmendu du, eta zera esan du: “apustu publiko-pribatua izan da, eta, bertan, beti parte hartu izan dute erakunde guztiek, gobernatzen dituzten alderdiak edozein direla ere”. Horretarako, sailburuak 80ko hamarkadatik Euskadiko industria-historiaren une nagusiak berrikusi ditu.

Argentinan enpresa-elkarteen eta erakunde-ordezkarien artean dagoen eztabaida gurutzatua dela eta, sailburuak argitu du industria-herrialde batek erakundeen eta enpresen eta horien eragile guztien –pertsona industrialak, langileak eta sindikatu-agenteak– inplikazioa behar duela, eta elkarrekiko gaitzespenak ez duela konfiantza sortzen laguntzen, kontrakoa baizik, konfiantza baita herrialde bateko egonkortasun ekonomikoari gehien eta hoberen lagunduko dion alderdietako bat.

Euskadik irmo jardun du politika-mota horren hedapenean eta, horretarako, estrategia ausartak aplikatu ditu, legegintzaldiz legegintzaldi, betiere industria-pisu handiagoa irabazteko eta nazioarteko merkatuetan produktu eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzeko.

Tapiak Industria, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren hasierako planak aipatu ditu, bai eta klusterren sorrera eta finkapena, estrategia energetikoa eta nazioartekotze-estrategia, 2020rako Agenda Digitala eta Basque Industry 4.0 Estrategia ere, zeinak prestakuntzari lotutako gaiak ere biltzen baititu.

Topaketa Dante Sica Ekoizpen ministroarekin

Euskal kasuari buruzko hitzaldi berezia sailburuak Dante Sica Ekoizpen ministroarekin izan duen bileraren ondoren izan da; aste honetan, Macrik erabaki duen gobernuaren berrantolamenduaren ondoren, ministroaren eginkizunak sendotu egin dira.

Bileran, bi ordezkariek jardun dute Argentinako egoera politiko-ekonomikoaren inguruko informazioari buruz.

Era berean, sailburuak ministroari erakutsi dio gobernuak azpiegitura berriak eraikitzeko esleituko dituen lizitazioetara jotzeko Eusko Jaurlaritzak eta euskal enpresek duten interesa; horretarako, Lizitazioen Plataforma du eta, horren bidez, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak-BTIk merkatu horretan interesa izan dezaketen enpresa-taldeei ematen die laguntza.

Gogora ekar dezagun Euskadik Argentinako Industria Egunean duen protagonismoak, gonbidatu berezia den aldetik, pasa den martxoaren 12an Gugenheim Museoan eginiko hitzordua duela jatorria; bertan, Business 20 (B20) taldea batu zen, G20ko herrialdeei lotuta dagoena, zeina datorren azaroan batuko baita, Buenos Airesen.

Topaketa Biltzarreko Industria Batzordearekin

Bihar goizean, euskal kasua berriro aztertuko da, baina, oraingoan, Argentinako Diputatuen Ganberako Industria Batzordean; bertan, Tapia alderdi politiko guztietako ordezkariekin batuko da, eta saioa irekia izango da, nahi duenak joateko. Aurretik, Emilio Monzó Nazioko Kongresuko Diputatuen Ganberako presidenteak egingo dio harrera.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Dante Sica, Argentinako Ekoizpen ministroa