Berriak Osasuna
Eu

Osasun zerbitzua eskaintzen laguntzeko irabazi asmorik gabeko osasun zentroekin osasun publikoak lotura hitzarmenak izenpetzea ahalbidetuko duen Dekretua onartu da (Gobernu Bilera 2018-09-04)

2018.eko irailak 04

Osasun sailburu Jon Darponek eskatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, osasun-zerbitzuak eskaintzeko Dekretu bat onartu du, irabazi asmorik gabeko titulartasun pribatuko osasun-zentroekin lotura-hitzarmen espezifikoak sinatzea arautzeko.  

Era horretan, euskal administrazioak tresna berri bat —lotura-hitzarmena— izango du. Tresna berri horrek sektore publikoaren eta irabazi asmorik gabeko pribatuaren arteko lankidetza ahalbidetzen du, bertako baliabideen antolakuntza-integrazioaren bitartez, baliabide horiek modu eraginkorragoan eta efizienteagoan erabiltzeko.

Gaur egun, Osasun sailaren aurrekontuaren % 93a baino gehiago titulartasun publikoko baliabideen bitartez hornitutako osasun-zerbitzuetara bideratzen da, batez ere Osakidetzara atxikitakoak. Hori osatzeko, erakunde pribatuekin lankidetza-formulak finkatzen dira ere, batez ere osasun-kontzertuaren figuraren bitartez.

Egoera jakin baten ondorioz titulartasun publikoko zerbitzuek eskaini ezin dituzten osasun-zerbitzuak edo jarduera zehatzak eskaintzeko sektore pribatuarekin itunak sinatzen dituen kontzertuaren kasuan ez bezala, lotura-hitzarmenak laguntza-sare publikoan laguntza-jarduera eskaintzen duten irabazi asmorik gabeko zentro jakin batzuen integrazioa erregulatzen du.

Hala, gaur, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu honen babesean izenpetuko diren hitzarmenek integrazio asistentziala, integrazio klinikoa eta osasun zentroaren integrazio funtzionala konprometituko dituzte.

Jon Darpon sailburuak azpimarratu duenez, lotura-hitzarmeneko formula honen bitartez barne hartutako zentroak titulartasun publikoko zentroen antolakuntza- eta funtzionamendu-erregimen berberarekin eraenduko dira. Gauza bera gertatuko da finantza-kontrolari, kudeaketa-kontrolari, eskubideen berme-kontrolari eta jarduera asistentzialeko kontrolari dagokienez.

Dekretuan jasotakoaren arabera, gainera, izenpetzen diren lotura-hitzarmenek, baliabide publikoak eta pribatuak erabiltzean, berdintasun-, subsidiariotasun-, osagarritasun-, optimizazio- eta koordinazio-printzipioak bete beharko dituzte, eta Osasun Planaren aurreikuspenak garatuz, Osasun Sailak finkatutako ildo estrategikoetara egokitu beharko dira. 

Lotura-hitzarmeneko eredu hau praktikan jartzearen adibide gisa, sailburuak Gipuzkoako Onkologikoan aplikatuko dena jarri du. Onkologikoa Osakidetzaren beste zentro bat izatera pasatuko da baina titulartasun pribatua izaten jarraituko du. Formula juridiko hau jartzea jada aurreikusita zegoen, minbiziaren biziraupena egotzeko igotzeko eta arretaren kalitatea hobetzeko xedearekin, ekainean aurkeztu zen Euskadiko Onkologikoa Planaren 31. helburuan.

Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek adierazitakoaren arabera, lankidetza-eredu honek, bai esparru teknologikoan, bai profesionalen esperientziaren esparruan, eta osasun-laguntza planifikatzeko eta antolatzeko garaian, esfortzuak bateratzeko balioko du. Eta horrek, baliabideak optimizatzea ahalbidetuko du, eraginkortasuna eta osasun-arretaren kalitatea hobetuz. Hori guztia, pazientea prozesuaren erdian kokatuz eta, une oro, Euskadin osasun-laguntzaren oinarri diren printzipioak babestuz: zerbitzuen unibertsalitatea, elkartasuna, zuzentasuna eta kalitatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko