Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak kanpoan den euskal komunitatearen balioa nabarmenduko du Diaspora Egunean (Gobernu Bileran 2018-09-04)

2018.eko irailak 04

Lehendakaria, larunbatean, irailaren 8an, erakunde-ekitaldi bateko buru izango da, Lehendakaritzan, 10:30ean

Diaspora Egunean, kanpoan den euskal komunitatea eratzen duten pertsonak aintzatetsiko dira, eta, zehazki, mundu osotik banatuta dauden 191 euskal etxeen lana

Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da larunbatean, irailaren 8an, erakunde-ekitaldiko buru, Diaspora Eguna ospatzeko. Jardunaldiaren lehen edizioa izango da, eta helburua da euskal diasporaren balioa nabarmendu eta Euskadin eta munduan zehar zabaltzea. Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeak egun hori onetsi zuen, lehen aldiz munduari bira itsasontzian eman zion Juan Sebastián Elcano euskaldun unibertsalaren bidaiaren amaiera-egunarekin bat.

Lehendakaria buru izango duen ekitaldian kanpoan den euskal komunitateko pertsonak izango dira, bai eta Euskadiko erakunde-, kultura- eta ekonomia-eremuko ordezkariak ere. Lehendakariarekin batera, bere gobernuko sailburuak izango dira, bai eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria ere.

Diaspora Egunaren ospakizuna planetako 25 herrialdetan dauden 191 euskal etxe eta federazioekin lotura duten 34.000 pertsonei lotuta egongo da. Nabarmentzekoa da euskal jatorriko eta euskal ingurunearekin kideko diren miloika pertsona daudela nazioarte-eremuan banatuta.

Diaspora historikoa eta XXXI. mendeko diaspora

Denbora berriak emigrazio-modu berriarekin identifika daitezke, “joan-etorria”rekin; bertan, protagonistak, batik bat, Europara eta Asiara lanbide kontuengatik irteten diren gazteak dira. “Emigrazio historikoa”, ordea, Amerikako kontinentera izan zen. Uste da 35 urtetik beherako 7.000 euskaldun inguru ari dela kanpoaldean lanean. Nagusiki goi-mailako ikasketak dituzten gazteak dira, eta, kasu gehienetan, beren prestakuntzarekin zerikusia duten lanak egiten ari dira. Diaspora Egunaren ospakizunaren bitartez, diaspora historikoaren ekarpen ordainezinarekin batera, errealitate berri hori aintzatetsi nahi da, XXI. mendeko diaspora.

Aldarrikapena

Kanpoan diren euskal komunitateek urteak daramatzate euskal diasporarentzako ospakizun-eguna eta oroitzapena aldarrikatzen. Vitoria-Gasteizen 2015ean egin zen Euskal Gizataldeen VI. Mundu Kongresuaren ondorioetako bat “Diaspora Eguna” bilatzea izan zen. Ekintza horren helburua bat zetorren kongrasuaren “Diasporizatu” lemarekin, alegia, Euskadin kanpoan den euskal komunitatearen errealitatearen, bere historiaren, izaeraren eta gure nazioarteko proiekzioari egiten dion ekarpenaren berri ematearekin. Kanpoan diren komunitateekin kontsultak egiten jardun ondoren, irailaren 8a hautatu zen, orduan amaitu baitzuen, 1522. urtean, Juan Sebastián Elcano itsasgizon getariarrak munduari lehen aldiz bira ematen. 

Munduko agenda

Eusko Jaurlaritzak kanpoan diren euskal komunitateei komunitate hori ikusgai jartzen laguntzeko ekitaldien munduko agenda egiteko eskatu zien. Horrela, planetako hainbat gunetan, besteak beste, Madrilen, Estatu Batuetan, Londresen, Brasilen, Mexikon edo Argentinan, ekitaldiak antolatuko dituzte, egun hori dela eta.

Gaztemundu programa

Aste honetan, Euskadin, Eusko Jaurlaritzak antolatu duen “Gaztemundu” prestakuntza-programan parte hartzen ari diren 15 gazte daude.

Programaren helburua da gazte horiek egun batzuez Euskadiko egonaldiaz gozatu eta egungo euskal errealitatera hurbiltzea. Urtero aldatzen da jasotzen duten ikastaroaren gaia, eta adituek ematen dituzten klase magistraletan eta erakunde eta kultura-gune garrantzitsuetako bisitetan egituratuta dago. Edizio honetako tematika bereziki kanpoan diren euskal komunitateetako dantza-taldeetako zuzendariei zuzenduta dago; horrela, prestakuntza hori, gero, onuragarria izango da euskal etxe eta euskal komunitateentzat.

Gaztemundu programa 1996an hasi zen, eta 750 gaztek hartu dute parte, dagoeneko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2018.eko irailak 04

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak kanpoan den euskal komunitatearen balioa nabarmenduko du #DiasporaEguna'n ➡︎ https://t.co/SUOcTyPSLShttps://t.co/c0e51yb9Du

Komunikabideek behera kargatzeko