Berriak Herrizaingoa
Eu

112 larrialdietako telefono zenbakiak 1.200.000 dei jaso eta 180.000 gertakari artatu zituen 2010ean

2011.eko otsailak 11

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari atxikitako SOS Deiak zerbitzuaren 112 telefono zenbakiak 1.200.000 dei baino gehiago jaso zituen 2010ean eta 180.000 gertakari artatu zituen. Jazoera ohikoenak zirkulazioarekin eta bide segurtasunarekin, eta larrialdi medikoekin lotutakoak izan ziren, 2009an baino % 0,6 gehiago.

Gaur 112 telefono zenbakiaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta Donostian eskaini duen prentsaurrekoan eman ditu jakitera SOS Deiak zerbitzuak iaz jasotako datuak. Raul Fernandez de Arroiabe Herrizaingo Sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaria izan dira prentsaurrekoan.

Nazioarteko eguna

112 larrialdietako telefono zenbakiaren nazioarteko eguna otsailaren 11n (2. hilabeteko 11. eguna) ospatzen da Europar Batasunean.

Egun hau ospatzearen helburu nagusia herritarrei 112 telefono zenbakia Europar Batasuneko kide diren herrialde guztietan erabilgarria dela eta telefono-kabinetatik, telefono finkoetatik eta sakelako telefonoetatik dei daitekeela gogoraraztea da.

Halere, Larrialdietako zenbaki hau herritarrek gogoratzen duten lehena izan arren, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egindako inkesten arabera, herritarren % 6ak besterik ez daki zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari atxikita dagoela. Gainera, herritarren % 76ak ez daki 112 zenbakia Europa guztian erabili daitekeela; beraz, ez luke jakingo zein telefonotara deitu beharko lukeen Parisen istripuren bat izanez gero edo ezbeharren baten lekuko izanez gero, adibidez.

Beraz, eta arazo hau konpontzeko, beharrezkoa da iritzi publikoari argi eta garbi helaraztea 112 zenbakia Europar Batasun guztian ezarrita egonda, espazio komunean turismoa dela eta edo negozioak direla eta mugitzen diren milioika lagunek ez dituztela telefono zenbaki ugari gogoratu behar larrialdi zerbitzuren bat behar izanez gero.

Artatutako gertakariak

2010ean artatutako gertakarietatik, % 31 zirkulazioarekin eta bide segurtasunarekin lotuta egon ziren, % 16 larrialdi medikuekin lotuta, % 15 pertsonen istripuekin lotuta, beste % 15 herritarren segurtasunarekin lotuta eta % 6 suteekin, salbamenduekin eta erreskateekin lotuta.

SOS Deiak zerbitzuak, 112 telefonora egindako deiak artatzeko eta kudeatzeko arduradunak, egindako lan handia azpimarratu du Raul Fernandez de Arroiabe Herrizaingo Sailburuordeak. Izan ere, "profesional hauek dira, denbora errekor batean, telefonora deitzen duten pertsonekin hitz egiten duten lehenak, zer eta non gertatu den aztertzen dutenak, eta benetako laguntza beharrizanak zeintzuk diren balioztatzen dutenak, gertatutakoaren berri koordinatzaileei eta beharrezko agentziei jakinarazi aurretik".

"112 telefono zenbakia", azpimarratu du Sailburuordeak, "gure salbamendu-zenbakia da, existitzen diren herritarrentzako zerbitzuetatik demokratikoena eta unibertsalena, izan ere, jazo daitekeen edozein gertakariri erantzun berehalakoena eta eraginkorrena ematen dio, inor baztertu gabe".

112 zenbakia 1998ko martxoan jarri zen martxan Euskadin, 088 zenbakiaren ordez, Espainiako Gobernuak bere arautegian sartu zuenean larrialdietarako telefono komun bat ezartzeko Europar Batasunak hartutako erabakia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Herrizaingo Sailburuordea