Berriak Segurtasuna
Eu

Euskadiko errepideetan, uztailean eta abuztuan, nazioarteko joan-etorriak %4,84 gehiago izan dira eta 8 hildako erregistratu dira

2018.eko irailak 03

Maltzagan, AP-8 eta AP-1en arteko lotunean, bigarren errei bat prestatu da eta horri esker, iaz 15 kilometroko auto-ilarak izan ziren gune horretan trafikoa arinagoa izan da.

 

Txurdinaga 2018.09.03 

Euskadiko errepideetan, udako operazio berezian nazioarteko joan-etorrien ondoriozko zirkulazioa uztailean eta abuztuan %4,84 handiagoa izan da, iaz denbora-tarte berean erregistratutakoaren aldean, eta data horietan dentsitate handieneko guneetan auto-ilarak izan dira. Bi hilabete horietan 8 pertsona hil dira, Araban 2, Gipuzkoan 2 eta Bizkaian 4; 2017ko udan, ordea, hildakoak 5 izan ziren. Trafiko istripuetan hildakoen kopurua handitzeari dagokionean, azpimarratu behar da hori ezin zaiela egotzi udako irteera- eta itzulera-operazioarekin zuzenean lotutako inguruabarrei.

Iraileko daturik oraindik ez daukagunez, lehen balantzeak berretsi du Euskadiko errepideetatik, uztailean eta abuztuan, 2017ko denbora-tarte bereko datuen aldean, 55.000 ibilgailu gehiago igaro direla. Beraz, udaren amaieran Euskadiko bide-sareak ibilbide luzeko ia 2 milioi joan-etorri jasan ditu.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak Armiñongo lotunean, Vitoria-Gasteizko noranzkoan doan N-622ko lotunean eta Madrilerako noranzkoan doan A-1 eta AP-1en arteko lotunean martxan jarri dituen operazioei esker zein Ertzaintzako agenteen kontrolari eta zaintzari esker, joan-etorri ugari izaten diren aldi honetan, trafikoa arinagoa izan da.

Irteera-operazioa, ohiko auto-ilarak

Irteera-operazioa modu kontzentratuan burutu zen eta auto-ilarak ohiko guneetan gertatu ziren, Kantabriako noranzkoan doan A-8an, Biriatuko mugan eta N-622an, Madrilerako noranzkoan doan A-1en eta AP-1en arteko lotunean.

Araban egunik zailena abuztuaren 4a izan zen, Armiñonen, A-1en eta AP-1en arteko lotunean, Madrilerako noranzkoan, auto-ilarak 7 kilometrokoak izan ziren eta. Gune horretan bertan, uztailaren 28an ere 5 kilometroko auto-ilarak erregistratu ziren; egun horretan, Europako iparraldetik Afrikako iparraldera eta Portugalera joateko, Euskadi zeharkatu zuten ibilgailuen joan-etorriak areagotu ziren eta.

Bizkaian, zirkulazio handiena bat etorri zen asteburuetan Bilboren eta Kantabriako kostaldearen artean egiten diren joan-etorriekin. Horiek horrela, uztailaren 6an, ostirala, Barakaldon Kantabriako noranzkoan doan A-8an 17 kilometroko auto-ilarak izan ziren. Egun horretan, Saltacaballos inguruan kamioi batek istripu bat izan zuen eta hainbat ibilgailu matxuratu ziren eta horien ondorioa ere izan ziren auto-ilarak. 

Gipuzkoan, uztailaren amaieran Vitoria-Gasteizko noranzkoan, Maltzagan, AP-8ren eta AP-1en arteko lotunean bigarren errei bat prestatu zen eta horri esker, iaz, abuztuaren 5ean, 15 kilometroko auto-ilarak egon ziren gune horretan zirkulazioa normalizatu da. Udako operazioa amaituta ekingo zaie berriz ere obra hori guztiz amaitzeko lanei.

Gipuzkoako lurraldean auto-ilara aipagarrienak Irungo bidesarian gertatu ziren, Bilboko noranzkoan doan AP-8an; han, uztailaren 28an eta abuztuaren 4an, 7,5 kilometroan zehar, Biriatuko mugaraino, zirkulazio handia egon baitzen.

Uztailaren 15ean, Biriatuko mugan, Frantziarako norabidean antzerako egoera gertatu zen; izan ere, Frantzian jai-egunaren bezpera izateagatik ibilgailu astunetarako sarbide-murrizketek 15 kilometroko auto-ilarak eragin zituzten, nazioarteko joan-etorriak egiten zebiltzan ibilgailuen itzulera masiboak kontuan hartu gabe.

Itzulera-operazioa, mailakatuagoa

Udako oporretako itzulera-operazioa abuztuaren bigarren hamabostalditik aurrera  mailakatua izan da. Frantziarako norabidean doazen ibilgailuen fluxu handiena asteburuetan izan da, ibilgailuen zirkulazioa etengabea izan baita eta Biriatuko mugan, bereziki, auto-ilarak eta zirkulazio-dentsitate handia erregistratu baitira.

Gipuzkoa. Auto-ilara aipagarriena abuztuaren 29an, AP-8an, Baionarako noranzkoan doan Biriatuko mugan gertatu zen, 14 kilometroko auto-ilarak izan baitziren. Hamar kilometrokoak baino apur bat handiagoak izan ziren auto-ilarak abuztuaren 17, 23, 24 eta 30ean erregistratu ziren.

Araban, auto-ilara handienak Irungo noranzkoan doan A-1en eta N-622ren arteko lotunean gertatu ziren. Abuztuaren 24an eta 30ean, 7 kilometroko auto-ilarak egon ziren, eta abuztuaren 17 eta 18an 6 kilometrokoak. Bizkaian, atzerriko ibilgailuak udako oporretatik itzultzearen ondorioz, ez zen aparteko auto-ilararik erregistratu.

Istripu-tasa

Guztira 8 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan uztailean eta abuztuan, Araban 2, Gipuzkoan 2 eta Bizkaian 4. Horietatik, -2017an garai berean baino hiru gehiago – 5 motorzaleak ziren, 1 turismo-gidaria, 1 trakzio-kamioi baten gidaria eta 1 furgoneta gidaria. Halaber, 72 zauritu larri egon dira, 2017ko udan bezala.

Ertzaintzak erregistratutako datuen arabera, Euskadin gertatutako istripuen kopuruak udan %15,8 egin du behera. Guztira 1.101 istripu gertatu dira, Gipuzkoan 450, Bizkaian 421 eta Araban 230.

Urte honetan zehar, Euskadiko errepideetan 30 pertsona hil dira; 10 ibilgailuen gidariak ziren, 11 motorzaleak, 6 oinezkoak, 3 bidaiariak eta 0 txirrindulariak.

Komunikazio-kanpaina

Udako oporretako irteera- eta itzulera-operazioan Euskadiko bide-sarean istripuak ekiditeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak, uda osoan zehar, hedabideetan eta bere kanaletan, hau da, twiterren eta web-orrian, kontzientziazio kanpaina indartu du. "Gidatu, besterik ez / Elige conducir” kanpainaren bigarren zatian nabarmendu du prebentzioa ezinbestekoa dela gaur egun errepideetako ezbeharretan elkartzen diren hiru faktore nagusiei aurre egiteko, hau da, abiadura ezegokiari edo gehiegizkoari, alkoholak eta drogak kontsumitzeari eta arreta galtzeari. Horrez gain, motorzaleen talde kalteberari zuzendutako prebentzio-, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-mezuak areagotu ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak