Eu

Europako Eskualdeen Batzordeko presidente Lambertz´ek Artolazabal´i jakinarazi dionez, “dei politiko bat egingo du migratzaileak integratzeko eta lankidetza deszentralizatua lortzeko tresnak sendotu daitezen”

2018.eko abuztuak 31

 

  • “Zure kezkak urriko osoko bilkuran Europar Batasunaren egoerari buruz eskualdeen ikuspegitik emango dudan hitzaldian islatuko dira”, adierazi dio Karl Lambertzek Beatriz Artolazabali.

 

VG 2018 08 31

Europako Eskualdeen Batzordeko (CoR) presidente Karl-Heinz Lambertzek Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburu Beatriz Artolazabali adierazi dionez, “dei politiko bat egingo dut, migratzaileak integratzeko eta lankidetza deszentralizatua lortzeko tresnak sendotu daitezen”.   Artolazabalek Europan migrazioen arloko kudeaketa eta estrategia bat garatzeko hainbat alderdi planteatu dizkio Lambertzi, eta Lambertzek erantzun dio alderdi horiek “urriko osoko bilkuran” Europar Batasunaren egoerari buruz “eskualdeen ikuspegitik” emango duen hitzaldian islatuko direla.

 

Beatriz Artolazabalek “EBko herrialdeek eta eskualdeek migrazio handien fenomenoari aurre egingo dion politika eraginkor bat zehaztea” proposatu zion Karl-Heinz Lambertzi joan den abuztuaren 20an. “Estatuz azpiko, herrialdeetako eta eskualdeetako gobernuek inork baino hobeto ezagutzen dugu gure ingurune sozial eta demografikoen egoera, eta, horregatik, Europar Batasuneko migrazio-arloko estrategia eta politika hori zehazten lagundu dezakegu”. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, bestalde, lehendakariak Jean Claude Junckerri epe labur, ertain eta luzeko estrategia baterako egin zion proposamena gogorarazi zion bere gutunean Lambertzi.

 

Lambertzek adierazi duenez, “lurralde-garapenaren arloko lankidetza deszentralizatua lortzea eta Garapen Jasangarrirako Helburuak inplementatzean tokiko eta eskualdeko gobernuen arteko lotura ezartzea dira gure programa politikoan sustatutako helburu nagusiak. 2019ko otsailean, Europako Batzordearekin batera, lankidetza deszentralizatuari buruzko Konferentzia egingo dugu berriz, eta toki-agintaritzek toki-garapenaren arloan betetzen duten zeregina azpimarratuko dugu”. Europako Eskualdeen Batzordeak Eusko Jaurlaritza gonbidatu du bereziki Konferentzian parte hartzera.

 

Lambertzek eskertu egin ditu bere gutunean Artolazabalek Europako baterako jardun bat lantzeko egindako proposamenak, baita “migrazioaren, Europaren eta gobernu-maila guztiek egungo krisiari aurre egiteko garaian betetzen duten zereginaren inguruan agertu duen kezka" ere.

 

Integrazioa

 “Europako Eskualdeen Batzordeak ere azpimarratu du lurralde-garapena egungo migrazio-fluxuen jatorrizko herrialdeetan (eta, bereziki, Afrikan) txertatzeko premia, migratzaileak hainbat arlotan (hala nola hezkuntzan, etxebizitzan eta lan-merkatuan) integratzeko dugun ahalmena handiagoa izan dadin", adierazi dio Lambertzek sailburuari.

 

Lambertzek adibide bat jarri du: “Nikosiak Libiako udalerrietan abian jarri duen ekimena. Behetik gorako ekimena da, eta zerbitzuen prestazioan eta garapen jasangarrian Europako eta Afrikako bazkideak lotzen dituen toki-garapenerako tresna dela esan daiteke. Ekimena emaitza onak ematen ari da Libiako udalerrietan, eta gure inguruko beste herrialde batzuetan ere aplika daiteke. Eusko Jaurlaritza gonbidatu nahi dut lotura hori lortzeko egiten ditugun jardueretan parte hartzera”.

 

 “Halaber, tokiko eta eskualdeetako agintaritzei migrazioaren kudeaketaren, fluxuen eta integrazio-prozesuen inguruan duten esperientzia azaltzen laguntzeko lanean ari gara, Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtsa kudeatzen duen Europako Batzordearekin elkartuta. Testuinguru horretan, proposamenen deialdia azpimarratu nahi nuke. Europako Batzordeak 2018ko uztailaren 24an hirugarren herrialdeetako nazionalak Magrebeko estatuetako gizarteetan integratzeari buruz argitaratu zuen dokumentu bat da, eta migratzaileak integratzeko tokiko eta eskualdeetako sareak sustatzea du lehentasun nagusi”, zehaztu du Europako Eskualdeen Batzordeko presidenteak.

 

 “Zure kezkak Europako Eskualdeen Batzordearen urriko osoko bilkurarako programatuta dagoen "Europari buruzko gogoetaren" inguruko iritzian jasota daude. Zure kezkak, halaber, urriko osoko bilkuran Europar Batasunaren egoerari buruz eskualdeen ikuspegitik emango dudan hitzaldian islatuko dira”, adierazi dio Europako Eskualdeen Batzordeko presidente Karl Lambertzek Beatriz Artolazabali.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • KARL HEINZ LAMBERTZ