Eu

Irailaren 4an, asteartea, Euskadiko industria-eredua protagonista izango da Argentinako Industriaren Egunean

2018.eko abuztuak 31
  • Arantxa Tapia sailburuak industria-politikak azalduko ditu Mauricio Macri presidenteak amaiera emango dion jardunaldi batean
  • Argentinako Industria Erakundeak —B20ren koordinatzailea— arrakasta izan duten kasuak biltzen ditu datorren azaroan Buenos Airesen egingo den G20ren Gailurrean azaltzeko

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak irailaren 4an, asteartea, Argentinan egingo den Industriaren Egunean hartuko du parte, Euskadiko industria-eredua azaltzeko.

“Unión Industrial Argentina” (UIA) elkarteak antolatutako hitzordua Buenos Aires hiri autonomoan egingo da, 2.000 pertsonaren aurrean. Ekitaldiari Mauricio Macri Argentinako presidente berriak emango dio amaiera.

“Nuevos enfoques para el futuro productivos” Argentinako 24. Industria Konferentzia Macriren gobernu berriak ezarri beharreko produkzio-politikei buruz eztabaida ireki den garai berean egingo da. Testuinguru horretan, UIAk eta Business 20ko kideek Euskadiko industria-politika aukeratu dute jarraitu beharreko eredu gisa, aurtengo martxoan Guggenheim Museoan egindako hitzorduaren ildotik. Hitzordu horretan G20 osatzen duten herrialdeekin lotuta dagoen enpresa-taldea bildu zen.

Tapia sailburuaren “hitzaldi berezia” —antolakuntzak hala deitu du— Euskadiren produkzio-eraldaketa emateko 80ko hamarkadaz geroztik jarraitutako politiketan oinarrituko da. Halaber, Industria Plana 2020an eta Basque Industry 4.0 estrategian oinarritutako gaur egungo industria-ereduan sakonduko du.

Buenos Airesera egingo duen bisitan, Tapia sailburuak bi eguneko agenda egitekotsua izango du hainbat sektorerekin eta erakunderekin bilduz. Aipatutako ekitaldian parte hartzeaz gain, hainbat bilera egiteko asmoa du. Horien artean Argentinako Produkzio ministro Dante Sica-rekin eta UIAko presidente Miguel Acevedo-rekin egingo dituen bilerak azpimarra daitezke.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, hilaren 5ean, asteazkena, Nazioaren Kongresuan lan-saio bat egingo du, Argentinako Diputatuen Ganberako Industria Batzordea osatzen duten pertsonekin batera.

Aurten Argentinan biltzen den G20 eta B20

Gonbidatu berezi gisa Euskadik Argentinako Industriaren Egunean duen protagonismoaren jatorria martxoaren 12an Guggenheim Museoan egin zen hitzorduan aurkitzen dugu. Egun hartan, G20ko herrialdeei lotutako Business 20 (B20) nazioarteko taldea bildu zen bertan.

Business 20, edo “B20” gisa ezagunagoa dena, G20 babesten duten enpresen multzoa da. Haren eginkizun nagusia da testuinguru globaleko gai azpimarragarrienei eta garrantzitsuenei buruzko politiken proposamenak eta gomendioak G20ko presidenteei egitea. Negozioen gailur honek ez ditu munduko enpresa eta gobernuetako lider nagusiak soilik biltzen, G20ren elkarrizketarako atea eta ahots pribatua ere bada.  2010. urteaz geroztik funtzionatzen du eta, urtero, G20 egiten den herrialdean —2018. urtean Argentinan— burutzen da. 

B20ko Executive Sherpa eta UIAko kide Carolina Castrok jada aurreratu zuen, jardunaldia Euskadin egin zela “G20ko herrialdeei gure politika-gomendioen inspirazio gisa kudeaketa-praktikak” bilatzeko asmoz. Horrek, Buenos Airesen egingo den astearteko jardunaldirako euskal eredua berriro aukeratzea eragin zuen.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2018.eko abuztuak 31

    Comentario de Twitter:
    El modelo industrial de Euskadi será protagonista en el Día de la Industria de Argentina este martes 4 de setiembre https://t.co/ZdeC3wgiM7

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Mauricio Macri, presidente de Argentina