Berriak Hezkuntza
Eu

Eusko Jaurlaritza 297 egokitze-lan ari da burutzen uda honetan ikastetxe publikoetan

2018.eko abuztuak 07
  • Hezkuntza Sailak 4 milioi euro bideratu ditu aurten udako opor garaian eskoletan burutzen ari diren obra hauetarako

Ikasleak opor garai bete-betean direla, instalazioak egokitu eta hobetzeko 297 lan ari da burutzen Hezkuntza Saila uda honetan, ikastetxe publikoetan. Ikasturte berrirako eskolak egoki atontzea helburu hartuta, eta instalaziook funtzionaltasun, erabilgarritasun nahiz segurtasun maila egokietan zaintzeko xedez, Hezkuntza Sailak orotara lan hauetarako bideratu duen diru kopurua 4 milioi euroraino iristen da.

Ikastetxeak hutsik dauden garaia baliatuta, eta hortaz, hauen eguneroko martxan trabarik egin eta eragozpenik eragin gabe, udako opor garaia egokia da, besteak beste, gisa honetako lanak burutzeko: ikasgelak berregokitu eta eguneratu; gela egonkorrak instalatu; teilatu edo fatxadak konpondu; estalgarriak eta akaberak taxutu; zoru nahiz sabaiak konpondu; espazioak birbanatu; gas edo elektrizitate instalazioak eguneratu; komunak berritu; leiho eta kristalak aldatu; barneko arotzeria-osagaiak konpondu; kanpoaldeko zoladurak egokitu; pintaketa lanak egin; kanilak, erradiadoreak edo argiteria aldatu… eskola-instalazioek behar duten edozein konponketa, azken finean.

Obra txikiak dira guztiak ere, konplexutasun teknikorik gabeak, eraikuntza-lan handirik behar ez duten lanak, eta proiektu teknikorik eskatzen ez dutenak. Ezaugarri hauei esker Hezkuntza Sailak azkar eta eraginkortasunez eman diezaieke erantzuna ikastetxeek ikasturte berrirako dituzten premiei.

Instalazioak egokitu eta hobetzeko 297 lan horien artean 137 Bizkaian ari dira burutzen, 98 Gipuzkoan eta gainerako 62 lanak Arabako ikastetxeetan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2018.eko abuztuak 07

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritza 297 egokitze-lan ari da burutzen uda honetan ikastetxe publikoetan ➡︎ https://t.co/biSb4OAEbj https://t.co/8yqDrHdDIk

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak