Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak AUO Txagorritxu bisitatu du sute batek arropa zuriaren atalean eragindako kalteak ezagutzeko

2018.eko abuztuak 06

 Sutea joan den larunbateko 22:45ak inguruan piztu zen ospitaleko Arropa zuriaren atalean.


Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Jon Darpón Osasun Sailburuak AUO Txagorritxuko instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean, joan den larunbateko suteak eragindako kalteak ezagutzeko.

Lehendakaria eta Osasun Sailburua Araba ESIko zuzendaritzarekin batzartu dira, sutearen ondorioz sortutako egoerari buruz hitz egiteko.

Bisitan, Lehendakariak “Ospitaleko profesionalen laguntza eta lana” eskertu ditu, “izan ere euren etxeetatik etorri, eta pazienteek eta profesionalek inolako arriskurik ez jasatea eta zerbitzuak azkar eta eraginkortasunez berriz ere martxan jartzea lortu baitzuten”. Halaber, “Suhiltzaileen, Vitoria-Gasteizko Udaleko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana” eskertu du. Era berean, gertatutakoarengatik pena hartu duela, eta “ospitaleko langileek erakutsitako konpromisoaz, zerbitzu publikoaz eta Arabako gizarteaz” harro dagoela adierazi du Lehendakariak.

Joan den larunbateko gauean, abuztuak 4, AUO Txagorritxuko Arropa zuriaren atalean izandako suteak ez zuen zauriturik eragin eta ez zuen eraginik izan ospitaleko funtzionamenduan.

22:45ean hasi zen, eta 23:00etan itzali zuten Vitoria-Gasteizko Udaleko Suhiltzaileek. Behin egiaztatuta inolako arriskurik ez zegoela eta eraikina segurua zela, ospitaleak normaltasunez funtzionatzen jarraitu zuen.

Sutea oraindik zehaztu gabe dauden arrazoirengatik piztu zen Arropa zuriaren atalean, -1. solairuan. Ospitaleko sukaldera ere iritsi zen, Arropa zuriaren ondoan baitago. Sutea toki gehiagotara iritsi ez bazen ere, solairu berean dagoen Larrialdi Zerbitzua jendez hustu behar izan zen eragindako ke-piloarengatik. Hiru paziente AUO Santiagoko Larrialdi Zerbitzura eraman ziren anbulantziaz, eta gainerakoak AUO Txagorritxuko Larrialdi Zerbitzuko atarian bertan izan ziren artatuak. Behin kea desagertuta, 00:30ak inguru, zerbitzua berriz hasi zen funtzionatzen normaltasun osoz.

Nahiz eta sutea ospitaleko sukaldera ere iritsi, atzo, hilak 5, gosaria eskaini zen inolako arazo barik, eta pazienteek Andra Mari Zuriaren eguneko menu bereziarekin gozatu ahal izan zuten.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2018.eko abuztuak 06

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak AUO Txagorritxu bisitatu du sute batek arropa zuriaren atalean eragindako kalteak ezagutzeko. https://t.co/bpeucjywtS

Ekitaldiko kargudunak