Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Dubaiko Al Rais operadorea gure artean dago bisitan, Euskadi bere turismo-eskaintzen katalogoan sartzeko

2011.eko otsailak 10

Eusko Jaurlaritza, apirilean Arabiar Emirerrietako turoperadorearen mila bezero nagusien aurrean bere turismo-baliabideak aurkeztera gonbidatu dute

Joan zen hilean Patxi López lehendakaria buru zuen eta Arabiar Emirerrietara eta Qatarrera egin zen enpresa-misioa lehen emaitzak ematen hasi da. Dubaiko turoperadore  garrantzitsuenetako bat, Al Rais Holidays taldea, hiru eguneko bisita bat egiten ari da Euskadiko gune desberdinetan, euskal turismo-baliabideak ondo ezagutzeko eta etorkizunean bere bezeroei eskaintzeko.

Al Rais taldeak berehala erantzun dio Eusko Jaurlaritzak egindako gonbidapenari, eta dagoeneko pentsatzen ari da Euskadi sartzea bere turismo-eskaintzen katalogoan.

Euskal Autonomia Erkidegoan egon diren bitartean, agentzia arabiarreko ordezkariek bertako hotelik onenetako batzuk ezagutu dituzte, baita osperik handiena duten jatetxeak ere, Michelin izarrak dituzten batzuk barne.

Asteartean hiri barneko ibilbide bat egin zuten Bilbon, Guggenheim Museoa eta Alondegia bisitatuz. Atzo, asteazkena, Gasteizen izan ziren, arreta berezia eskainiz Erdi Aroko Hirigunean egindako ibilbideari eta Santa Maria Katedralari. Urdaibaiko Biosferaren Erreserba ere ikusi ahal izan zuten. Gaur, osteguna, Donostiara joan dira Kontxan barrena paseatzeko eta adibidez Aquariuma bisitatzeko. Kostaldeko herri batzuk ere ezagutu dituzte, adibidez Zarautz eta Getaria.

Turoperadore arabiarraren delegazioaren buru Mohammed Jassim Al Rais da, enpresaren manager nagusia, eta harekin batera negozio-garapeneko zuzendaria Ahmed Al Rais etorri da.

Talde arabiarra txundituta utzi duten turismo-baliabideen artean hiru hiriburuetako gune historikoak daude, hiri-merkatuekin, baita museoak ere, eta Arabiar Emirerrietatik datozen familientzat opor-egonaldiak programatzeko Euskadik eskaintzen dituen aukerak ere.

Aurkezpena, mila bezeroren aurrean

Al Rais Holidays taldearentzat bisita oso interesgarria izan da, eta horregatik, turismo-produktuak berehala landu nahi ditu bere bezeroekin. Hori dela-eta, turoperadoreak Eusko Jaurlaritzako turismoko zuzendari Isabel Muela andrea gonbidatu du bere mila bezerorik onenei Euskadi turismo-destino gisa aurkezteko.

Aurkezpena datorren apirilaren 16an egingo da Dubain. Harreman hori epe laburrean merkatu arabiarrarentzat turismo-produktu interesgarriak garatzeko baliagarria izango delakoan gaude.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 10a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko