Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Y-aren Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani zatia lanean

2011.eko otsailak 11

Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren biltartez, bultzada berria eman dio Euskadiko Trenbide Sare Berriaren, Euskal Y-aren, Gipuzkoako adarraren eraikuntzari, lanak hasi baititu beste bi zatitan: Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani.

Bi zati horietako lanen kostu osoa 222 milioi eurokoa izango da, eta dena aurreikuspenen arabera garatzen bada, 2013 urtearen amaieran amaituko dira. Aipaturiko lan horien lehen harria jartzeko ekitaldiak agerian uzten du Euskal Y-a pausoak ari dela ematen Gipuzkoa ipar-mendebaldean, Donostiatik eta Frantziako mugatik hurbilen dagoen zatian, izan ere, orain arteko lan guztiak Tolosaldean, Goierrin eta Deba Goienean egin baitira.

Ekitaldiaren buru Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua eta Estatuko Gobernuak Euskadin duen Ordezkaria, Mikel Cabieces, izan dira. Haiekin batera bertan egon dira Andoaingo alkatea, Estanis Amutxastegi eta Euskal Trenbide Sareko zuzendaritza taldeko kideak eta zati horretako lanen esleipena duten enpresetako ordezkariak.

Une honetan hamaika dira jada burutzen ari diren zatiak: Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde eta aipatu ditugun Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani. Guztira, 36,3 kilometro, adarra osatzen duten ia 80 kilometroetatik. Horrez gain, lizitazio prozesuan daude Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio zatiak eta, horrela, 2011n hamahiru izango dira obratan egongo diren zatiak, adarraren ehuneko 56,53.

Beste alde batetik, lanek aurreikusitako erritmoan jarraitu ahal izan dezaten, Eusko Jaurlaritzak, 2011ko aurrekontuetan, 275 milioi euroko partida bideratuko du, 2010ean baino 50 milioi gehiago. Horrela, aurreikuspenen arabera, aurten, gutxienez, bi zati berri lizitatuko direla aurreikusten da: Hernialde-Zizurkil (5,8 km.) eta Zizurkil-Andoain (5,08 km.).

Andoain-Urnieta

Zatiaren hasieran, bide-zubia eraikiko da Oria ibaiaren gainean. Egitura garrantzitsu horrek gainetik zeharkatzen ditu ibaia eta A-1 errepidea, eta Andoaingo hirigunetik kilometro batera, iparraldera, egongo da. Diseinua, inguruak dituen baldintza guztietara egokitu da. Erdiko argia 115 metrokoa izango da eta 339,00 metroko luzera izango du.

Ondoren, trenbidearen plataformak, 1.938 metro luze izango den Andoaingo tuneletik jarraituko du. Tunel horrek, ia kilometro bateko larrialdietarako galeria du, loturako igarobideak ditu tunelaren gorputz nagusiarekin eta beharrezkoak diren zabalguneak ere baditu, ibilgailuen arteko gurutzaketak errazteko.

Andoaingo Tuneletik irtetean, eraikiko den trenbide ardatzak, 100 metro inguruko luzera duen desmontean jarraitzen du. Haren ondoren, 200 metroko luzera duen bide-zubia egingo da GI-131 errepidearen gainean.

Luzera: 2,8 km.

Aurrekontua: 75,6 milioi euro

Epea: 34 hilabete.

Urnieta-Hernani

Proposaturiko trazatuak 5.250 metroko luzera du, Urnietako eta Hernaniko udalerrietan. Hasierako zatian aire zabaleko 25 metro ditu, 498 metro luze den Urnietako tunel faltsua hasi aurretik. Egitura hori, 2.157 metro luze izango den Urnietako tunelaren aurretik dago. Tunel horretan, guztira 1.080 metroko luzera izango duten larrialdietarako bi galeria proiektatu dira.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                     Tunela gainditu eta lurrazalerara irten ondoren, trazatuak Ubango erretena gurutzatuko du, 163 metro luze izango den bide-zubiaren bitartez, eta Hernaniko udalerrian sartuko da.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                     Trazatuak trintxeran dagoen zati batekin jarraituko du, 185 metro luze izango den Errotarango tunel faltsuaren hasieraraino. Haren ondoren, Urumea ibaiaren gaineko bide-zubia eraikiko da, 801 metrokoa. Bide-zubi horrek ibaia bera, Ibarluze poligonoa eta Altzuetako sagardotegien inguruak gurutzatuko ditu gainetik.

Urumeako bide-zubiak, 769 metro luze izango den Hernaniko tunelarekin egiten du bat. Haren iparraldeko ertza, Urumeako autobidearen azpitik igarotzeko aukera ematen duen kaxoi egitura batekin lotzen da.

Luzera: 5,2 km.

Aurrekontua: 136,3 milioi euro

Epea: 33 hilabete.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua, Mikel Cabieces Estatuko Gobernuak Euskadin duen Ordezkaria, Estanis Amutxastegi Andoaingo alkatea