Eu

Gobernu Kontseiluak onartu du UPV-EHUri Etika soziosanitarioko unibertsitate-espezialistaren berezko titulua eskuratzeko ikasketak garatzeko zuzeneko diru-laguntza ematea (Gobernu Bilera 2018-07-30)

2018.eko uztailak 30

Gobernu Kontseiluak onartu du UPV-EHUri Etika soziosanitarioko unibertsitate-espezialistaren berezko titulua lortzeko ikasketak garatzeko zuzeneko diru-laguntza ematea. Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 15.000,00 euro bideratuko ditu, “etika soziosanitarioko unibertsitate-espezialista”ren berezko titulua ezartzearen ondoriozko kostuak finantzatzera, besteak beste, bekak, titulua ematen lankidetzan diharduten irakasle edo profesionalen ordainsariak, irakasleentzako ordainketak irakaskuntzan jardutearren, zuzendaritza edo batzorde akademikoarentzako ordainketak, material didaktikoa, publizitatea eta propaganda etab.

Gizarte Zerbitzuen Legeak ezartzen du Eusko Jaurlaritzari dagokiola, gainerako euskal administrazio publikoekin koordinatzeko dituen eskumenak aintzat hartuta, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza sustatu eta bultzatzea, horretarako ezartzen diren jarraibide estrategikoen esparruan, bai eta gizarte-zerbitzuen arloko arretaren kalitatearen hobekuntza, berrikuntza eta ikerketa sustatzea ere.

Era berean, Gizarte Zerbitzuen Lege horren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen 2016-2019ko Plan Estrategikoak helburu du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburuak betetzeko beharrezko prestazio, zerbitzu, programa eta bestelako jarduketak planifikatzea eta, horrela, planaren jarduketetako bat etengabeko prestakuntza sustatzea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman esku hartzen duten profesional, erakunde eta entitateak birziklatzea da.

Bestalde, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) zuzenbide publikoko erakundea da eta gizartearen zerbitzura dago; autonomia du eta nortasun eta gaitasun juridikoa eta berezko ondarea du, bere eskumenen barruan, kalitatearen eta bikaintasunaren ezinbesteko konpromisoarekin, goi-mailako irakaskuntza-zerbitzua emateko, irakaskuntzaren, ikerketaren, ikasketaren, kultura- eta unibertsitate-proiekzioaren, kudeaketa-prozesuen eta bertako jardueren oinarri diren zerbitzuen bidez.

Unibertsitate horren jarduera-esparruan, graduondoko berezko tituluak daude; horiek Unibertsitateak berak antolatzen dituen irakaskuntza espezializatuak dira, eta gizartearen eskari eta premietara egokitzen dira. Horiek goi-mailako tituludunen prestakuntza akademikoa osatzen dute, eta, horien bidez, profesionalentzako ezagutzak eguneratzen dira, lanbide-karreran aurrera egin edo berrorientatzeko.

UPV-EHUren Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 7ko akordioaren bidez, 2018-2019 ikasturterako berezko tituluen eskaintza berria onetsi da; horien artean, Etika Soziosanitarioa unibertsitate-espezialistaren berezko titulua dago; Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean ematen da.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, bere eskumenak baliatuta, interes publiko eta gizarte-interestzat jotzen du Etika Soziosanitarioa unibertsitate-espezialistaren berezko titulua ezartzearen ondoriozko kostuen finantzaketan laguntzea.

Titulu honen bidez, sektoreko profesionalek beren ezagutza teorikoak eta praktikoak eguneratuko dituzte eta, horretarako, gizarte- eta osasun-errealitateko benetako arazo konplexuak ikuspegi etikoarekin konpontzeko eskumenak areagotuko dituzten metodologiak baliatuko dituzte. Ondorioz, euskal gizartearen bilakaera eta garapena baliatuko da, gizarte-inklusiorako eta -bazterketarako mekanismoena, gizarte- eta osasun-zerbitzuen koordinazioa hobetzeko proposamenetik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko