Eu

Eusko Jaurlaritzak basogintzako bioekonomian proiektu pilotuak egiteko laguntzak onartu ditu (Gobernu Bilera 2018-07-30)

2018.eko uztailak 30

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila praktika iraunkorrak bultzatzen ari da laguntza estrategia sendo batekin, Euskadi basogintzako bioekonomiaren alorrean Europako erreferente izan dadin, eta estrategia horren barruan sartzen dira laguntza hauek 

2018an basogintzako bioekonomiaren alorrean proiektu pilotu berritzaileak egitea bultzatzeko eta saritzeko laguntzak deitzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Guztira 300.000 euro bideratuko dira horretara, eta langileen, tresnen, materialen eta eraikin eta azpiegituren kostuak eta komunikazio eta dibulgazio jardueren ondoriozko gastuak finantzatzeko izango dira.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak praktika iraunkorrak laguntzeko daukan estrategia erabakigarrian sartzen dira laguntza horiek, izan ere, Eusko Jaurlaritza kontziente da Euskadik petrolio ondorengo arorako trantsizioa bizkortu behar duela, eta ekonomia zirkularrera hurbildu lehengai berriztagarriak eta baliabide endogenoak lehenbailehen erabiltzen hasteko.

Berez, Euskadiren asmoa da basogintzako bioekonomian Europako erreferente izatea, garapen sozio-ekonomiko iraunkorra lortzeko baliabide naturalak modu eraginkorrean erabiliz. Bide horretan aurrera egiteko, pasa den udaberrian jardunaldi bat egin zen Kursaal Kongresu Jauregian, basogintzako bioekonomian oinarritutako negozio ereduetara jo eta eraldatzen jakin izan duten enpresa eta herrialde batzuen kasuak aurkezteko, euskal enpresentzat adibide baliagarria izan daitezkeelakoan.

Lan ildo posibleak

Basogintzako bioekonomiara igarotzeko Euskadik duen lan ildo posibleetako bat da jatorri biologikoko material berriak garatzea automobilgintzarako, aeronautikarako, eraikuntzarako eta beste sektore estrategiko batzuetarako, jatorri lignozelulosikoko materialetan eta konpositeetan oinarrituta. Basogintzaren gaur egungo  hondakinekin produktu eta espezialitate kimiko berriak sortu daitezke, farmaziarako, modarako edo nekazaritzarako balio handiarekin.  Beste lan ildo bat da bioteknologia industrialeko ahalmen teknologikoa eta enpresariala garatzea biomasaren eraldaketarako (gasifikazioa, pirolisia…). Bukatzeko, basogintzako bioekonomiarako bidean ezinbestekoa da  turismo natural eta kulturaleko estrategiak sartzea, basoan oinarrituta.

Onuradunak eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak

Enpresa txiki, ertain edo handiak eta enpresa horien elkarteak eta ondasun komunitateak ere izan daitezke orain onartzen diren laguntzen onuradunak. Diruz lagundu daitezkeen jardueretako bat izango da basogintzako bioekonomiaren eremuan proiektu pilotu berritzaileak egitea, basoetako lehengaiak eta basoko produktuak eraldatu eta balio erantsiko produktuak sortzeko badira.  Laguntzaren xede diren proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2018ko abenduaren 31ra arte izango da, alde batera utzita epea luzatzea onartu ahal izango dela.                                  

Eskabideen aurkezpena eta epeak

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Laguntza eskaera  http://www.euskadi.eus  web helbidean egongo da eskuragarri, eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren bulegoetan aurkeztuko da edo legeak aurreikusitako lekuetako edozeinetan. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko