Eu

Euskadin beharrezkoa da lurralde osoan hornidura eta saneamendu kudeaketa profesionala zabaltzea, etorkizunean, hiriko hondakin-uraren arazketari buruzko zuzentarauaren urraketarik ez emateko

2018.eko uztailak 27

Euskadin beharrezkoa da EAEko hiri-aglomerazio guztietan hornidura eta saneamendu kudeaketa profesionala zabaltzea,  etorkizunean hiriko hondakin-uraren arazketari buruzko zuzentarauaren urraketarik ez emateko. Aste honetan Espainiak isuna jaso du 15.000 biztanle baliokidetik gorako 17 aglomeraziotan zuzentaraua era errepikakorrean ez betetzeagatik; isuna: 12 milioi euro orain arte aintzat ez hartzeagatik, eta 10,9 milioi euro seihilabeteko akatsak zuzendu arte.

Euskadiko hiri-aglomerazioek oraindik zehapenik jaso ez badute ere, Europar Batasunak dagoeneko Euskadiko aglomerazioak barne hartzen dituzten bi prozedura hasi ditu saneamenduari buruzko 91/271 Zuzentaraua ez betetzeagatik; oraindik, Euskadin ere, ibilguetara tratatu gabeko isurketak ematen direlako eta informazio hori URAk jakinarazten du.

Euskadiko 2.000 biztanle baliokidetik gorako 44 hiri-aglomerazioetatik gehienak dagoeneko badute kolektore sarea eta lurralde-araztegia hondakin-urak ondo tratatu ahal izateko. Hala ere, aglomerazio batzuetan oraindik ez zaie hirietako hondakin-urei (etxekoei zein industriakoei) tratamendu egokia ematen.

Hori da, adibidez Busturialdea-Gernika, Oion edo Aguraineko aglomerazioen kasua, bertan URAk saneamendu lanak aurrera daramatza toki-administrazioa laguntzen (49, 3,8 eta 8 milio euroko inbertsioa, hurrenez hurren); eta Laudio-Amurrioko aglomerazioan Ministerioak konprometitutako kolektore eta araztegiak egingo ditu.

Kasu horietan, beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzeaz gain, beharrezkoa da kudeaketa ereduan ahalmen tekniko eta ekonomiko nahikoa bermatzea,  gaur eta etorkizunera begira, uraren hiri-zikloaren zerbitzu osoa eskaini ahal izateko. Zerbitzu horrek zaindu beharko ditu: kolektorera doazen isurketak, hondakin-ur guztiak era egokian jasotzea, ingurunera heltzen diren isurketak ahal bezain gehien murriztea, araztegiaren funtzionamendu eraginkorra, azpiegituraren mantentzea eta zerbitzatzen duen populazioaren aglomerazioaren gaurko eta etorkizuneko beharrei moldatzea.

Horri guztiari dagokionez, Busturialdeak jakitera eman du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartuko dela, uraren hiri-zikloa kudeatzeko bermatutako ahalmen tekniko eta ekonomikoa azaldu duen erakundea. Halaber, Oioneko araztegia Arabako Errioxako Urkidetzaren eskuetan jarriko da eta Aguraingoa Arabako Foru Aldundiak sustatutako uraren erakunde kudeatzaile berri batek kudeatuko du.

Laudio eta Amurrioren kasuan (Euskadin kolektore sarerik edota araztegirik gabeko hiri-aglomeraziorik garrantzitsuenak) gaur egungo sakabanaketa egoera gainditu beharko dute — administrazio asko saneamendu zerbitzua eskaintzeko, errendimendu eskaseko arazketa sistemak— eta Aiaraldeako Uraren hiri-zerbitzuetan antolaketa eraginkor bat lortzeko urratsak eman, sistemak elkarlotu eta era bateratuan kudeatzea ahalbidetzeko.

Donostialdea eta Irun-Hondarribiako aglomerazioen kasuan, teknikoki eta ekonomikoki fidagarria den kudeaketa izanda ere, zuzentaraua urratu daiteke erakunde horien eskuetan utzitako azpiegiturak eraikitzeko orduan diseinuan izandako hutsuneengatik. Egoera horren aurrean inbertsioak beharko dira gaur egun dauden arazketa azpiegiturak moldatu ahal izateko.

Hiri aglomerazio horietan behar diren azpiegiturak eraikitzeko beharraren eta Europar Batasunak 91/271 zuzentaraua ez betetzeagatik ireki dituen prozeduren aurrean,  premiazkoa da zerbitzuaren antolaketari buruzko erabakiak hartzea erantzukizuna, eraginkortasuna eta jasangarritasuna ardatz izanda.

Horren harira URAk legealdi honetan onartuko du Hornidura eta Saneamendu Zerbitzuen Esparru-erregelamendua; bertan, EAEn Uraren ziklo osoa kudeatzen duten erakundeek betebeharreko oinarri tekniko eta ekonomikoak ezarriko dira,  ekonomikoki eta teknikoki fidagarriak eta jasangarriak direla bermatzeko, eta kudeaketa horretaz eskaini beharreko informazioa ezagutarazteko (mantentzea, inbertsioak, amortizazioak, zerbitzuaren kostua berreskuratzea…).

Halaber, erregelamenduaren helburua da hiri aglomerazioetan uraren hiri zikloaren kudeaketaz informazioa biltzea, jendartean ezagutarazteko eta horren bitartez tresna bat izateko diru publikoa era egokienean inbertitzeko (erakunde kudeatzaileak laguntzeko) kudeaketan egiaztatutako kalitatearen arabera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak