Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak eta Gasteizko Udalak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza eta herritarren zerbitzuak hobetzeko hitzarmena izenpetu dute

2018.eko uztailak 26
  • Segurtasuneko sailburuak eta Gasteizko alkateak izenpetu duten agiriaren bidez bi polizia-kidegoen arteko lankidetzarako tresnak abiarazten dira

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran oinarrizko lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute gaur goizean Gasteizko Udaletxean. Bertan arautzen da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako eta koordinaziorako bidea, eta helburua du lurraldean erabilgarri dauden polizia-baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea.

Orain arte hainbat protokolo eta akordio heterogeneo formalizatu dira helburu bereziekin, hala nola, Segurtasun Sailaren TETRA sarera (Enbor Sarea) sarbidea ematea, udaletako gizarte-zerbitzuekin lankidetzan jardutea, genero-indarkeriako kasuetan esku hartzea edo drogak eta substantzia psikotropikoak edukitzeagatik eta kontsumitzeagatik irekitako zehapen-espedienteetan aditu-txostenak egitea. Aurtengo otsailean beste oinarrizko hitzarmena bat sinatu zen EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin polizien arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzeko, borondatez atxikitzen diren udaletan. Hitzaremenak sinatuta, urrats berria egiten da hiriburuekiko lankidetzan.

“Garbi geratu da, behin berritan, lankidetzarako eta kooperaziorako tresna finko bat edukitzeak daukan garrantzia. Arazo bateratuek erantzun bateratua eskatzen dute eta hori izan da jokabidea, oraindik orain, etxebizitzetako lapurretetan aditutako banda bat atxilotzerako orduan. Gaur sinatu dugun hitzarmenak elkarrekin lan egiten eta elkar laguntzen jarraitzeko borondate irmoa erakusten du, beti ere, auzolanean, hiriaren segurtasunaren alde”, adierazi du Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasun Sailburuak hitzarmenaren sinadura ekitaldian.

Bere aldetik, Gorka Urtaranek, Gasteizko Alkateak azpimarratu du hitzarmen hau urrats bat gehiago dela gai askotan bi poliziak elkarrekin garatzen ari diren lanean: “Hitzarmen honek elkarlanerako bidea finkatzen du, Gasteizko herritargoak dauzkan arreta premiei erantzuterakoan eraginkorragoak izateko eta hiriak ia badauzkan segurtasun estandarrak gehitzeko. Eskura dauzkagun giza baliabideak eta materialak optimizatu behar ditugu eta, hitzarmen honi esker, gure polizien langintza eraginkorragoa, zehatzagoa eta hurbil-hurbilekoa izango da”.

Jarduera irizpideak

Ekainaren 28ko 15/2012 Legeak, Euskadiko Segurtasun Publikoa Antolatzekoak, lurralde historikoetako hiriburuetako udaltzaingoekin egiten diren hitzarmenetan honakoak jasotzeko aukera ematen du: hiritarren segurtasuna bermatzeko zerbitzu eta zereginetan parte hartzea, hurbileko polizia gisa, eta polizia judizialaren lanak egitea, parte-hartze horren eremu materialaren barruan definitu eta mamituko diren arauen arabera.

Gaur berretsi den hitzarmenak EAESPALren 3. artikuluan xedatutakoari jarraitzen dio, eta jarduteko irizpideak ezartzen dira bertan:

  1. Herritarrei bermatzea poliziak sentsibilitate goreneko erantzun azkar, bizkor eta eraginkorra emango diela.
  2. Kalitatea eta efizientzia bermatzea delituaren biktimei arreta ematerakoan eta horiek babesterakoan.
  3. Leialtasun instituzionala izatea eta elkarrekin elkarlanean aritzea. Hori gauzatzeko bi kidegoek elkarri laguntza eta babesa emango diote, talde bakoitzari legez esleitu zaizkion funtzioak eta baterako ohiko funtzioak egiten direla bermatzeko.
  4. Gertuen dagoen edo baliabideak mobiliza ditzakeen polizia-kidegoak esku hartuko du aurrena, ekintza horren gaineko eskumenik izan ez arren, eskumena duen indarra iritsi eta horren ardura hartzen duen arte, hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera. Gainera beste polizia-kidegoarekin lankidetzan aritu beharko du, batez ere segurtasun publikoarekin lotutako zereginetan, horretarako deitzen zaionean.
  5. Herritarren segurtasuna eta bizikidetza normala bermatzeko beharrezkoa den informazio guztia elkarri transmititzea.
  6. Herritarren segurtasunean zuzeneko eragina duten arazoen aurrean arreta eskaintzen duten gainerako baliabide publikoekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.

Polizia baten eta bestearen zerbitzuak ere mugatzen dira hitzarmenean, lege-ordenamenduak esleitzen dizkien funtzioen arabera, bai eta bi polizien dispositiboak, operazioak eta intzidentziak ere euren titulartasunaren arabera (esklusiboak, partekatuak edo konplexuak). Era berean, presentzia polizialaren estandar orokorrak ere ezartzen dira, lehentasunak bakoitzaren eskumenen arabera zehaztuta, udalerri guztian poliziaren presentzia jarraitu eta nabaria bermatzeko.

Informazioa trukatzea

Segurtasuneko sailburuak eta Gasteizko alkateak gaur berretsi duten agirian polizia-intereseko informazioa, bai aldizkakoa bai polizia-intereseko gertaera jakinei buruzko berehalako informazioa, trukatzeko mekanismoak ere jaso dira, bai eta presazko polizia-komunikazioen protokolo bat ezartzeko aukera ere.

Hitzarmen honetan ezarritako helburuak betetzea errazteko, aldeek beharrezko neurriak hartuko dituzte Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzeko, dagozkion protokoloak izenpetuz.

Koordinazio operatiborako mahai paritarioa sortzea ere aurreikusten da, besteak beste, intzidentzia-tipologia askotarikoak sailkatzeko, dispositibo bateratuak planifikatzeko eta dispositibo eta operazioen titulartasuna esleitzeko.

Testuan planteatzen da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komunikazio-zentralen arteko komunikazioa bermatzeko hartu beharreko neurri teknikoak hartzea.

Gainera, hitzarmena izenpetzen duten aldeek adosten dute Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea alde biek erabakitako gaietan eta erantzukizunarekin, eta hitzarmenean aurreikusitako irizpideei jarraituz, Udaltzaingoaren ahalmenak kontuan hartuta. Bi aldeen arteko akordioaren bitartez, polizia judizialaren alorrean koordinazio operatiboko zentroa eratu ahal izango da, polizia-jardun koordinatua bermatzeko.

Hitzarmenean aipatzen den beste alderdi bat da polizien arteko lankidetzaren emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezartzea, besteak beste, honako alderdiak kontuan hartuta: krimenaren eta indarkeriaren indizeak, segurtasun-faltaren pertzepzioa, poliziaren eta komunitatearen arteko harremanak, poliziaren jarduna eta horren kudeaketa instituzionala.

Jarraipen Batzorde Mistoa eratuko da hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, hitzarmena interpretatzean sortzen diren zalantzak argitzeko, hitzarmena betetzean sor daitezkeen desadostasunak ebazteko, hitzarmena nola doan aztertzeko eta, hala badagokio, hobekuntzak egiteko proposamenak egiteko.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @udaltzaingoak
    2018.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    @ertzaintzaEJGV y @VG_Policia Local arteko lankidetza eta herritarren zerbitzuak hobetzeko hitzarmena izenpetu dute
    https://t.co/hsfpVGRugw

  • @rgartzia
    2018.eko uztailak 26

    Comentario de Twitter:
    Seguridad y el Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz firman un convenio para mejorar la cooperación de... https://t.co/LeB8kv2zIr

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran