Eu

Arabako Lautadako Zikloturisten Ibilbide Luzearen ondorioz, Arabak posizio hobea du bizikletarekin turismoa egiteko erreferente gisa

2018.eko uztailak 26

Gaur Arabako Lautadako Zikloturisten Ibilbide Luzea aurkeztu da; proiektuan, zikloturismoa eta natura- eta familia-turismoa batzen dira. Prentsaurrekoan Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza etas Kontsumo sailburuak, Josean Galera Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintzako diputatuak eta Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko Udaleko Enpleguko eta Ekonomiaren Garapen Jasangarriko zinegotzi ordezkariak parte hartu dute.

Alfredo Retortillo Turismo sailburuak nabarmendu du Ibilbide luzea diseinatu zela “jakinik gure baliabideak erakargarriak eta baliotsuak direla, Arabako lurraldeari bere lekua emateko eta, bereziki, Lautadaren eskualdeari, zikloturismorako helmuga paregabe gisa, eta naturak, aire zabaleko kirolak edo familia-turismoak erakartzen dituen bisitari guztientzako eragile izateko”.

Josean Galera foru-diputatuak esan du ibilbide berria “Arabako ibilbide berdeen sare handiari gehituko zaiola; sareak, guztira, 1.130 kilometro ditu, eta lurraldea antolatzen du”. Galerak gogorarazi du ibilbide berdeak aisiarako eta turismorako aukera arduratsua direla, baina, halaber, “mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua” ere badirela, “motordun ibilgailuaren alternatiba gisa eta klima-aldaketaren aurkakoa”.

Gainera azaldu du Arabako Lautadako Ibilbide Luzea zenbait ibilbideren lotunearen ondorio dela, besteak beste, Eraztun Berdearen buelta, Vasco-Navarro trenbidearena, urtegiaren ibilbidea, Posten Errege Bidea edo Donejakue bidea. Guztira 117 kilometro dira, bisitariek eta arabarrek gozatzeko, eta, bere hitzetan, “oso arrakastatsua izango da”.

Bestalde, Nerea Melgosa Turismoko zinegotziak Arabako Lautadako Ibilbide Luzea, ibilbideen sarearen barruan, “Euskadin natura- eta paisaia-ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzeko dugun aktiboetako bat” dela nabarmendu du, “eta gure altxorretako bat, natura-turismoari eta turismo jasangarriari dagokienez”. Ataria ibilbide hau aurkezteko aukeratu da, oso garrantzitsua delako gure Eraztun Berdean. Vitoria-Gasteiz, aurtengo udan, Biosphere helmuga jasangarria da; titulu horrek hainbat balio adierazten ditu”.  Zinegotziak zera nabarmendu du: “bizikletak alokatzeko zerbitzua sendotu egin da; ekainetik Atariara zabaldu da, eta 10 bizikleta elektriko sartu dira. Bizikleta gehiago izateaz gainera, aurtengo udako nobedadea da erabiltzaileek beren gustura jaso ahalko dutela zerbitzua, eta udalerriko eta lurraldeko ibilbide berdeetatik bisita gidatuak egin ahalko dituztela”.

Ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, Ibilbide Luzea publikoak oro har eta familiek, bereziki, erabili ahal izateko diseinatu da. Ibilbidea bi edo hiru egunetan egiteko prestatu da; distantzia, guztira, 117 kilometro dira eta 800 metroko desnibela du. Ibilbide erraza da, desnibelik gabea eta zailtasun tekniko handirik gabea.

Ibilbide Luzearen bidez, gainera, baliabide turistikoak ikus daitezke, desbideratu beharrik izan gabe. Zehazki, zenbait eremutako turismo- eta paisaia-ikonoak lotzen ditu. Salburuan eta Mendijurren, hegaztien behaketa; Landako eta Garaioko hondartzak, bandera urdindunak; Estibalizko erromanikoa edo Gazeoko margoen gotikoa, Aguraingo alde zaharra eta Vasco-Navarro trenbidearen ekipamenduen industria-ondarea.

Retortillo sailburuak, amaitzeko, zera nabarmendu du: “zikloturismoak naturaren gozamenarekin, ezagutzarekin eta kontserbazioarekin lotutako turismoaren garapena dakar, eta horrek bidaiaria hartu eta sentsibilizatzen du, ingurumeneko, ekonomiako eta gizarteko jasangarritasunerako irizpideen arabera”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak