Berriak Lehendakaritza
Eu

Donostia Unibertsitate Ospitaleak gaixotasun onkologikoak tratatzeko punta-puntako azeleragailua jarri du, Amancio Ortega Fundazioarekin hitzartutako 5 azeleragailuen artetik lehenengoa, hain zuzen

2018.eko uztailak 26
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Azeleragailu berriak zehaztasun handiko tratamenduak egitea ahalbidetuko du, albo-ondorio txikiagoak izango dituztenak, eta batez beste bostehun paziente tratatuko ditu urtean.
  • Azeleragailuaren erosketa paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetze aldera ekipamendua etengabe berritu eta eguneratzeko prozesuaren barruan kokatzen da

Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Iñigo Urkullu eta Osasun sailburu Jon Darpon erradioterapiarako punta-puntako azeleragailu berria ikusten izan dira gaur goizean, zeina Amancio Ortega fundazioarekiko lankidetza-hitzarmenean jasota dagoen. Joan den apirilean sinatu zen hitzarmen horren bitartez 14.700.000 euroko inbertsioa egingo da, gaixotasun onkologikoak diagnostikatu eta tratatzeko Euskadiko osasun publikoak daukan ekipamendua hobetzeko.

Lehendakaria Donostia Unibertsitate Ospitaleko instalazio berrietan izan da, eta bertan Onkologia Erradioterapikoa zerbitzuko profesionalek azaldu diote azeleragailu berriak zer abantaila dituen, eta gaitz onkologikoen diagnostiko eta tratamenduan zer eragin izango duen.

Profesional horiekin bildu ondoren, Iñigo Urkulluk adierazi duenez, “prebentzio eta detekzio goiztiarraren aldeko apustu sendoarekiko konpromisoa izaten jarraitzen dugu, eta horren adierazle da martxan jarri izana datorren urtean Euskadi osoan zabalduko den Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketa Programa pilotua, edo minbizia gainditzeko aukerak areagotzeko arreta onkologikoaren jarduera-arloak zehazten dituen Euskadiko Onkologia Plana 2018-2023”.

Bularreko minbizia, kolon eta ondestekoa eta umetoki-lepokoa detektatzeko baheketa-programak ezarriz, Osasun Sailak eta Osakidetzak detekzio goiztiarrari lehentasuna ematen jarraitzen dute. Horri esker, biziraupen-tasek eta bizi-kalitateak gora egin dute gaixotasun onkologikoak dituztenen artean, Euskadin oraindik ere heriotza gehien eragiten duten gaitzak badira ere.

Amancio Ortega Fundazioari esker Donostia Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuan ezarriko den azeleragailu lineal berriak, ohiko azeleragailuen aldean, irudi bidez gidatutako erradioterapia eta erradiokirurgia integratzen dituen erabilera anitzeko plataforma bat eskaintzen du, zeinak inoiz ez bezalako zehaztasun eta abiadurarekin tratatu ditzakeen tumore eta ehun mugikorrak.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu duenez, “gaixotasun onkologikoen tratamendurako azeleragailu honek 500 paziente tratatu ahal izango ditu urtero. Azeleragailu linealetan zehatzena, fidagarriena eta osatuena da gaur egun, eta kontzeptu berri bat dakarkigu: Inbasiorik Txikieneko Erradioterapia”.

Ekipamendu horrek pazienteek albo-ondorio gutxiago izatea ahalbidetuko du, eta beste gailu batzuek baino zehaztasun eta segurtasun handiagoz burutuko ditu honako tratamendu-teknika hauek: intentsitate modulatuko erradioterapia (IMRT) edo arkoterapia bolumetriko modulatua (V-MAT eta Rapid Arc), garuneko erradiokirurgia, garezur kanpoko erradioterapia estereotaxiko zatikatua (SBRT), sistema robotizatuen bidezko irudiz gidatutako erradioterapia (IGRT) eta erradioterapia moldagarria.

Gaitz lokalizatua eta/edo oligometastasikoa duten paziente onkologikoentzako aukera terapeutiko berri asko ekarriko ditu aurrerapen teknologiko horrek, morbilitate txikieneko kontrol lokalaren indizerik altuenak lortuz. Azeleragailuaren erosketa paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetze aldera ekipamendua etengabe berritu eta eguneratzeko prozesuaren barruan kokatzen da.

Ildo horretatik, Iñigo Urkullu lehendakariak Onkologikoa Fundazioan egiten ari diren lana aipatu du, datorren urtetik aurrera Onkologikoa Osakidetza osasun-sistema sanitarioan integratzeko, eta modu horretan Gipuzkoako eta Euskadiko paziente onkologikoei arreta koordinatuagoa eta osoagoa eskaintzeko.

Halaber, lehendakariak gogorarazi duenez, “azeleragailu berri honen atzetik erradioterapiarako beste lau azeleragailu lineal ezarriko dira Gurutzetako, Basurtuko eta Txagorritxuko unibertsitate-ospitaleetan, baita mamografo digital bat ere bularreko minbizia detektatzeko screening-a egiteko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak