Eu

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Uraren Euskal Agentziak hitzarmen bat sinatu dute Bizkaiko saneamendu sistema orokorretara konektatu gabeko hondakin-uren isurketak murrizteko

2018.eko uztailak 24

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) eta Uraren Euskal Agentziak (URA) hitzarmena sinatu dute Bizkaiko saneamendu sistema orokorretara konektaturik ez dauden ur-isurketen kopuru, bolumen eta kutsadura-karga murrizteko.

Bilbao Bizkaia Ur-Partzuergoak eta Uraren Euskal Agentziak 2014an azterlan bat burutu zuten Ibaizabaleko saneamendu sistemara konektaturik ez zeuden hondakin-uren karakterizazioa egiteko. Bertan horien erasana neurtu eta horiekin amaitzen joateko beharrezkoak liratekeen neurriak zehaztu ziren.

Oraingo hitzarmen honek aurre-azterlan horren jarraipena izan nahi du. Zehazki ahalbidetuko du Ekintza Plan Zuzentzailea idaztea BBUP-aren esparruan isurketekin amaitzeko lanean hasi ahal izateko. Plan horretan zehazten diren lanen artean nabarmendu behar dira: isurketen iturri eta tamaina zehatzak lortzeko lanak, kasu bakoitzean izan daitezkeen irtenbideen analisia, horiek aurrera eramateko beharrezkoak liratekeen eraikuntza-proiektuak idaztea eta eragileen arteko elkarlana kontsolidatutako bilbeetan ematen diren isurketen konexioak egiteko.

Nahiz eta BBUP-ren esparruko hiri-aglomerazioak saneamendu sistema kolektiboen pean egon, zuzenean ibilgura doazen hondakin-ur isurketak zehaztu eta karakterizatu dira (tratamendu egokirik gabeak). Horiek esparru zehatzetan ematen dira: saneamendu sistemaren barruan ez daudenak; euri-uren sareetara egindako arauz kanpoko konexioak, ur-beltzen osagaiak jasotzen dituztenak; ibilgu nagusiaren ibaiadar txikien bidez ibairatzen diren zeharkako isurketak; ibai nagusien inguruan kokatutako banakako eraikuntzak edo eraikuntza kopuru txikia hartzen dituzten banakako sareak.

Hainbat erakunde-hidraulikok azken urteetan burututako lanek Ibaizabal arroko ur masen egoera ekologikoa hobetu egin dute eta ahalbidetu dute inguru horretan duela urte batzuk sinestezinak liratekeen aisialdi-jarduerak gozatzen hasi ahal izatea. Hala ere ur-masa horietako batzuk oraindik ere hainbat iturritik datozen presioak pairatzen jarraitzen dute eta horrek galarazi egiten du oraindik plangintza hidrologikoko agirietan zehaztutako ingurumen-helburuak lortzea. Hitzarmen hau sinatzeak ur-masen egoera ekologikoan hobetzen jarraitzea ahalbidetuko du.

Horrenbestez URAk antzeko hitzarmenak sinatu nahi ditu Euskadiko Partzuergo eta uren entitate kudeatzaileekin saneamendu sistema orokorretara konektatu gabeko isurketak atzeman ahal izateko eta era egokian konektatu ahal izateko beharrezkoak diren lanak egin ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak