Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak 6.000 “paziente aktibo” inguru prestatu ditu Osasun Eskolaren ahalduntzeko programetan

2018.eko uztailak 23

Bihar ospatuko den Autozainketaren Munduko Egunaren bezperan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak nork bere osasuna kudeatzeko orduan banakoaren erantzukizunak duen garrantzia azpimarratu dute

 

Osakidetzak 6.000 “paziente aktibo” inguru prestatu ditu Osasun Eskolaren ahalduntzeko programetan. Hala eman du jakitera gaur Osasun sailburu Jon Darponek, Autozainketaren Munduko Egunaren bezperan.

Osasun sailburuak autozainketaren garrantzia azpimarratu nahi izan du egun honetan; izan ere, autozainketak aukera ematen du erregimen terapeutikoa hobeto erabiltzeko, jokaera osasungarriak hartzeko, sintomak antzeman eta kontrolatzeko eta emozioak gobernatzen ikasteko, gaixotasunak bizi-kalitatean duen eragina txikituz. Areago, gaixotasun kronikoren bat izanik, hura ezagutu eta onartzeko beharra duten eta beren bizitzetan tratamendu-aukera desberdinak —farmakologikoak eta eguneroko zainketari dagozkionak— integratu nahi dituzten pazienteen kasuan.

Osasun Sailak eta Osakidetzak sustatutako prestakuntza tailerrak taldekako saioetan antolatzen dira, non 8-15 lagunek osatutako taldeak astean behin biltzen diren. Saio horietan, besteak beste, gai hauei buruzko ezagutzak eskaintzen dira, Jon Darponen hitzetan: “gaixotasunari buruzko oinarrizko ezagutzak, ariketa fisikoaren sustapena, elikadurari buruzko nozioak, sendagaien erabilera egokia, komunikazio eraginkorra, eta parte-hartzaileek beren gaixotasuna kudeatzeko gaitasunaren gainean duten konfiantza areagotzeko tresna eta trebetasunak.

Gaur egun, Osakidetzak lau prestakuntza-mota eskaintzen ditu, beste hainbat programa espezifikoren bitartez:

-Nire osasuna aktiboki zainduz: Edozein motatako gaixotasun kronikoak dituztenentzat edo gaixo horien zaintzaile nagusientzat. 

-Nire diabetesa zainduz: 2 motako diabetesa dutenentzat edo gaixo horien zaintzaile nagusientzat.

-Osasuna zaintzen ijitoen herrian: ijitoen komunitateko kideentzat.

-Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen: tailerra hasi baino gutxienez urtebete lehenago prozesu onkologiko batetik pasa diren pertsonentzat edo haien zaintzaile nagusientzat.  

 

Donostian, 2018ko uztailaren 23an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau