Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernuak Garapenerako Lankidetzaren arloan datozen urteotarako ildo estrategikoak onetsi ditu (Gobernu Bilera 2018-07-24)

2018.eko uztailak 24

Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 aldirako IV. Gida Planak Eusko Legebiltzarrak onetsitako orientabide orokorrak garatzen ditu eta erabat adostu da lankidetzako euskal eragile nagusiekin

Planak legegintzaldi honetarako Gobernu Programan jaso den konpromisoetako bat betetzen du

Planak aukera ematen du egiteko modu berrien eta euskal lankidetzaren ahalmen osoa zabaltzen lagunduko duten ikuspegi berrien trantsizioan aurrera egiteko

Eusko Jaurlaritzak, gaur, Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 aldirako IV. Gida Plana onetsi du; bertan, Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak datozen urteotan abiatuko duen estrategiaren plangintza jaso da. Planak Eusko Legebiltzarrak onetsitako orientabide orokorrak garatzen ditu eta erabat adostu da lankidetzako euskal eragile nagusiekin

Zehazki, dokumentuak 2018-2021 aldirako plangintzako elementu nagusiak jaso ditu, bederatzi artikulutan antolatuta:

Lehen kapituluan labur azaltzen da nazioarteko testuingurua, 2030erako Agendak gure lankidetza-politika finkatzeko eta zabaltzeko duen ahalmena, eta gure apustuaren oinarri zein garapen izatea nahi dugun zehazten dugu. Bigarren kapituluan misioa, ikuspegia eta aldi honetarako aurreikusitako printzipio eta helburuak aurkezten dira.

Hirugarren kapituluan Eusko Jaurlaritzak datozen urteotan euskal lankidetzaren ahalmen eraldatzailea bultzatzeko sustatu nahi dituen ikuspegiak jaso dira. Laugarren kapituluan zeharkako lehentasunak, sektorialak, geografikoak eta testuingurukoak ezartzen dira, eta bosgarrenean, ikuspegi eta lehentasunen kapituluetan planteatutako erronkei heltzeko sustatu nahi diren jarduketa estrategikoko ardatzak.

Seigarren kapituluak Gobernuak datozen urteotarako komunikazioaren alde egingo duen apustua garatzen eta zehazten du, eta zazpigarren kapituluak aldi horretarako proposatzen den segimendu- eta ebaluazio-sistemari heltzen zaio. Kapitulu hori I. eranskineko segimenduarekin eta ebaluazioarekin osatzen da.

Zortzigarrenean, politika zabaltzeko balioko duten tresnak eta parte hartzeko eta gobernamendurako sistema ezartzeko beharrezko baliabideak zehazten dira. Bederatzigarren kapituluan, AUZO(LAN)KIDEAK aurkezten dira: ekimen nabarmenak dira; horiek, jarduketa estrategikoko ardatzen esparruan, planean planteatzen diren ikuspegi berriak garatzen dituzte.

Dokumentuak eranskin gehigarriarekin amaitzen du, II. eranskinarekin; bertan, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuk egiten ari diren osagarritasun, koordinazio eta koherentziako ekimenen mapaketa jaso da.

Lehendakariak planaren hitzaurrean dioen bezala: “Oinarri sendoa dugu; izan ere, 30 urteko ibilbidea dugu toki-, foru- eta autonomia-mailan garapenerako lankidetzako politika publikoetan eta nazioarteko elkartasunaren eremuan antolatutako sozietate zibilarekiko lankidetzaren inguruko esperientzian.  Giza eskubideen ikuspegia, giza garapen jasangarria, 2030 Agenda, garapenerako politiken koherentzia eta auzolana dira gure estrategia zehazten duten parametroak. Partekatzen dugun helburua euskal lankidetza berritzen eta eguneratzen aurrera egitea da. Horrek guztiak osatzen du Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 aldirako IV. Gida Plan honen esparrua, euskal gizartearen balio positiboenekin konprometitzen gaituen tresna honen esparrua”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko