Eu

2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea

2018.eko uztailak 23

Gaur astelehena, uztailak 23 Modenan elkartu dira Basque Culinary World Prize sariaren hirugarren edizioko epaimahaia. Besteak beste bertan izan dira Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburua, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia eta Joan Roca epaimahaiburu lanetan.

Basque Culinary World Prize berdinik gabeko sari globala Eusko Jaurlaritzak, Euskadi-Basque Country estrategia integralaren barruan, eta gastronomiaren arloan nagusi den Basque Culinary Center (BCC) erakunde akademikoak ematen dute. Hainbat alorretan ekimen eraldatzaileak dituzten chefen lana aitortzen du, hala nola berrikuntzan, teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial eta ekonomikoan, besteak beste.

Munduko chef entzutetsuenetako hauez osatutako epaimahaiak: Joan Roca, Celler de Can Rocako chefa (Espainia) eta epaimahaiburua; Massimo Bottura (Italia), Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (Estatu Batuak), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko), Mauro Colagreco (Frantzia), Andoni Luis Aduriz (Euskadi) eta Manu Buffara (Brasil). Horiez gain, hainbat diziplinatako nazioarteko adituek ere osatu dute epaimahaia, hala nola Ruth Reichl idazle iparramerikarrak, Bee Wilson gastronomia-historiagile eta kazetari britainiarrak, Isle Crawford diseinugile britainiarrak eta 2017ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle Leonor Espinosa chef kolonbiarrak.

Irabazlearen izena bihar ezagutuko da “Gizartea eraldatzen gastronomiaren bitartez” izeneko jardunaldian.

Honako hauek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko hamar finalistak (7 gizon eta 3 emakume): Anthony Myint (Estatu Batuak), Caleb Zigas (Estatu Batuak), Dieuveil Malonga (Kongoko Errepublika/Alemania), Ebru Baybara Demir (Turkia), Heidi Bjerkan. (Norvegia), Jock Zonfrillo (Australia/Eskozia), Karissa Becerra (Peru), Marc Puig-Pey (Espainia), Matt Orlando (Danimarka/Estatu Batuak) eta Virgilio Martínez (Peru).

Nazioarteko chefen belaunaldikoak dira eta, beren zeregina gizartean zabaltzen jakiteaz gain, ogibidea berriz definitzeko gai izan dira, bereizgarri dituzten jakintza, lidergoa, bokazio ekintzailea eta sormena erabiliz gizartean aldaketa eraldatzaileak sortzeko.

2017an, Leonor Espinosa chef kolonbiarrak eskuratu zuen saria, herri indigena eta afrokolonbiarrekin tradizio gastronomikoak eragile sozial eta ekonomiko gisa identifikatu, aldarrikatu eta bultzatzeko egiten duen lanagatik. 2016an, ordea, María Fernanda Di Gibelsolas venezuelarrari egokitu zitzaion Venezuelan eratu duen hezkuntza-, ekintzailetza-, ikerketa- eta garapen-sareari esker. Kakaoa identitate-, kultura- eta aberastasun ekonomikoaren iturri erabiliz, egoera zaurgarrian dauden emakumeak ahaldundu eta prestatu ditu txokolatearen mikroenpresaburuak izan daitezen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia eta Joan Roca epaimahaiburua