Berriak Lehendakaritza
Eu

Egiteko dauden transferentzien eta Konstituzio Auzitegiko gatazken inguruan Espainiako Gobernuarekin itundutako akordioak “Euskadirentzat oso positiboak” direla adierazi du Eusko Jaurlaritzak

2018.eko uztailak 24

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldi bat egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluan heldu zaizkien gaien kontu emateko.

Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan jakinarazi duenez, “Estatuko Administrazioaren eta Euskadiko Administrazioaren arteko Lankidetzarako Batzorde Bilateral Teknikoa” atzo bildu zen Madrilen. Bileran, batetik, egiteko dauden transferentzien gaia eta, bestetik, Konstituzio Auzitegiko gatazkena aztertu zirela adierazi du Erkorekak.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, bilerara bertaratu ziren Araubide Juridikoaren sailburuorde Sabino Torre, Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirre, Azpiegiturak eta Garraioetako sailburuorde Antonio Aiz, eta Estatutuaren Garapenerako zuzendari Begoña Pérez de Eulate.

GATAZKAK KONSTITUZIO AUZITEGIAN

Konstituzio Auzitegiko gatazkei dagokienez, Erkorekak azaldu duenez, adostu egin zuten 2018ko Aurrekontuen Euskal Legearen aurkako errekurtsoa ez gauzatzea. “Espainiako Gobernu berriak hartu duen konpromiso horrek ahalbidetu egiten digu langile publikoen soldata-igoeran erabateko segurtasun juridikoarekin lan egitea”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Horren haritik, Sailburuak adierazi du txostenak landuta izan bezain laster emango dizkiotela Gobernu Kontseiluari behar diren akordioak soldata % 1,5 igotzeko 2018ko urtarrilaren 1eko eraginarekin, eta beste % 0,25eko gehigarri bat 2018ko uztailaren eta abenduaren artean. “Lanean dihardugu soldataren % 100 ordaintzea bermatzeko Aldi baterako Ezintasunaren lehenengo egunetik hasita Euskal Administrazio Publikoan lan egiten dutenei”, gaineratu du Erkorekak.

POLIZIAREN ABUSUEI BURUZKO LEGEA

Gainera, “Poliziaren Abusuei buruzko Legea” deritzan 12/2016 Legearen aurka aurkeztutako Konstituzio-kontrakotasuneko Errekurtsoan Espainiako Gobernuaren aldetik atzera egite akordioari buruzko informazioa eman du Erkoreka sailburuak. Hala, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako Gobernuaren aldetik hartutako konpromisoa nabarmendu du, hain zuzen ere konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa kentzekoa, eta, gainera, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak “poliziaren abusuei buruzko legearen" erreforma bat sustatuko du adostutako aldaketak sartzeko.

Lege horretan adostutako aldaketei dagokienez, Erkorekak adierazi duenez, “puntualak eta oso zehatzak dira”, eta Lege horren berme juridikoak eta konstituzionalak sendotzea da helburua. Hala, adierazi duenez, lortu egin da Legearen edukia eta eragingarritasuna salbatzea eta, Legearen babesean, giza eskubideen urraketen biktimek errekonozimendua eta ordaina lor dezaten bermatzea.

Horren haritik, sailburuak azpimarratu du beti ulertu izan dutela Legea gizarteari laguntzeko eta komunitatea garatzeko dituen eskumenen ikuspegitik, “horregatik, positibotzat jotzen ditugu argitzeko diren aldaketa horiek, orain, Legeak errealitate hori sakonagotik zehaztuko duelako”, azaldu du Erkorekak.

TRANSFERENTZIAK

Batzorde teknikoak aztertutako beste gaietako bat izan zen egiteko dauden transferentziak, Gernikako Estatutua osorik betearazteko.

Horren haritik, Erkorekak, gai horretan hartutako akordioen artean, nabarmendu du Transferentzietarako Batzorde Misto baten deialdia irailean egiteko konpromisoa, dagoeneko adostutako trenbideko bi linea, Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo, eskuordetzeko, alegia. Gainera, sailburuak aipatu du tramiteak hasiko direla AP-68aren eta AP-1aren kontzesiodunekin autopistako bi zatiak transferitzeko. Bestalde, adierazi duenez, bilera tekniko eta espezifiko berri baten deialdia egingo da Pasaiako Portuko interes orokorreko deskatalogazioa aztertzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi duenez, laster elkarraldi bat izango du Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministro Meritxell Batetekin, hasierako akordio hauek formalizatu eta sinatzeko.

“Euskadirentzat oso aldaketa positiboak direla uste dugu”, azpimarratu du Erkorekak. Horren haritik, nabarmendu egin du garrantzizko pausoa dela bi Gobernuen arteko lankidetzarako, negoziaziorako eta akordiorako bide bilateral eta etengabe hori irekitzea. “Hemendik aurrera bi gobernuen arteko elkarraldiak oztoporik gabeak eta etengabeak izango dira", esanez amaitu du sailburuak.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)