Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

SPRI taldeari atxikitako hiru baltzu publiko deuseztatu dira (2011-02-08(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko otsailak 08

Sprilur-eko baltzu-kopurua hiru urteko epean 26tik 12ra murrizteko eta SPRI Taldearen gastuak 2012. urterako %20an gutxiagotzeko erabakiaren parte da urrats hau.

Gobernu-Kontseiluak SPRI Taldearen menpeko hiru baltzu publiko deuseztatzea erabaki du gaur: Zamudioko enpresa-zentroa, Elorrioko Industrialdea eta Orduñako Industrialdea.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRI Taldearen kostuen eta sozietate publikoen kopurua murrizketa sustatzeko ezarri duen politikaren barruan sartzen da neurri hau. Ekimen horrek helburu dauka SPRILUR-en menpeko baltzuak 26 izatetik 12 izatera pasatze hiru urteko epean, bai eta SPRI Taldearen gastuak %20an gutxiagotzea ere 2012. urterako.

Zamudioko Enpresa-Zentroa baltzua 1984. urtean sortu zen eta SPRIk bost urte geroago erosi zuen. Baltzuak bete du dagoeneko ezarrita zeukan helburu soziala. Beraz Administrazio Kontseiluak baltzua deuseztatzea proposatu zuen 2010eko maiatzean.

Antzeko zerbait gertatu da Elorrioko Industrialdearekin. SPRIk 1990. urtean sortu zuen baltzu hori Elorrioko Betsaide industrialdea erosteko, eraikitzeko, sustatzeko eta kudeatzeko. Baltzuaren helburua beteta zegoenez baltzua deuseztatzeko proposamena egin zen pasa den urteko ekainean.

Orduñako Industrialdearen kasuan, Orduñako industria inbertsioa sustatzeko sortu zuen baltzu hori SPRIk 1992. urtean. Baltzuaren deuseztapena iazko maiatzean erabaki zen.

Deuseztapen horiek, oraingoan Gobernu Kontseiluak berretsi dituenak, Eusko Jaurlaritza "Gutxiagorekin gehiago egin" lelopean garatzen ari den ekintzen barruan sartzen dira. Zehazki, SPRI Taldeak 52 milioi euro jorratu zituen 2008. urtean, eta 2012an, aldiz, 42 milioiko gastua izango du, hau da, % 20 gutxiago edo 10 milioiko aurrezpena.

Berrantolamendu honen helburu nagusiak honako hauek dira: gobernagarritasuna hobetzea, autofinantzaketarantz aurrera egitea eta azpiegituretara balio erantsi gehiago ekartzea.

SPRILUR, lurzorua kudeatzeaz arduratze den baltzu publikoaren menpeko baltzu-kopurua nabarmen gutxiagotuko da: egungo 26ek (3 parke teknologiko, 22 industrialde eta Sprilur bera) fusio- eta likidazio-prozesu bat hasi dute 12ra murriztu arte, 3 Parkeak eta Sprilur barne, hiru urterako denbora-ikuspegian (2013).

12 sozietate horiek hiru Lurralde Zuzendaritzatan eta zortzi eskualdetan bilduko dira, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideei jarraiki eta eskualdeak eta lurraldeak orekatuz, banaketa bidezkoagoari esker eta, kasuan kasu, haien arteko aldeak ere konpentsatuz, tokian tokikoagoak diren ikuspegiak gaindituta.

Gainera, lurraldearen kohesio soziala hobetuko da eskualde bakoitzeko arduradun bat izendatuta eta inbertsio publikoa agortuta dagoen edo inoiz ere izan ez den zona edo azpieskualdeetan jardunez.

Iraunkortasuneko eta Energia Eraginkortasuneko Politika bat egikarituko da, Eusko Jaurlaritzaren Sozietate eta Sailekin lankidetzan (Ingurumena, Lurralde Antolamendua, Nekazaritza eta Arrantza, EEE, IHOBE eta URA). Hori guztia 2010-2013ko Lehiakortasun Planaren barruan bilduta.

Egokitzapen horrek ez du pertsonal-murrizketarik ekarrriko. Izan ere, zerbitzu korporatiboak zentralizatu egingo dira, eta horri esker egungo bikoiztasun eta gainjartzeak saihestuko dira. Langileak birkokatu egingo dira, azpikontratazioa ordezkatuz, zerbitzu korporatiboek egingo baitituzte, eta SPRI Taldeko beste sozietate batzuei laguntza emango zaie, egungo plantilla atxikita langileen lanbide-kualifikazioarekiko. Oro har, gardentasun eta irisgarritasun handiagoa izango da kudeaketan, eta eskala-ekonomien ondoriozko aurrezpena ere bai.

Bestetik ere, Bernabé Undaren Sailak zenbait erabaki garrantzitsu hartu ditu jada, goi-kargura parekatutako bere sozietate publikoetako zuzendarien kopurua murriztu baitu: 23tik 7ra jaitsi dira.

Eta zerbitzu aurreratuak eta hobekuntza teknologikoaren transmisioa ere ezarriko dira industrialdeetan eta enpresa-parkeetan parke teknologikoekin eta SPRIren Berrikuntza Zuzendaritzarekin izango den lankidetzaren bidez, baita MITKE programaren (Europar Batasunak % 75ean batera finantzatzen du Interreg 4C bere programaren bidez) eta COPIT industria- eta teknologia-parkeen lankidetza-proiektuaren bidez ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan