Berriak Lehendakaritza
Eu

Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroetako ikasleei eta arduradunei egin die harrera Lehendakariak

2018.eko uztailak 19

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Lan eta Justiziako Sailburu Mª Jesús San Josérekin batera, harrera egin die, gaur goizean, Lehendakaritzako egoitzan, Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroetako ikasleei eta arduradunei. Bertan, Lehendakariak nabarmendu egin ditu “Gobernu-eredua eta gobernantza berria”, “Europaren etorkizun-sena” eta “euskal Autogobernuaren etorkizuna”; izan ere, aktualitateko gaiak dira horiek, Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroan parte hartu dutenentzat interesgarriak.

Gobernu-ereduari eta gobernantza berriari buruz jardun duenean, “gure eredua Giza Garapen Jasangarria da” adierazi du Lehendakariak. Hala, azaldu duenez, kudeaketa publikoaren eredu hori lerrokatuta dago Europar Batasuneko Estrategia 2020arekin, hazkunde inklusiboa, jasangarria eta adimenduna sustatzen duenarekin. Horren haritik, Nazio Batuen Agenda ere aipatu du Lehendakariak, Garapen Jasangarrirako 17 helburuak biltzen dituena, bost jardute-eremutan sailkatuta: Pertsona, Oparotasuna, Planeta, Bakea eta Garapenerako Lankidetza. “Akordioari eta lankidetzari ematen die lehentasuna gure ereduak”, azpimarratu du Lehendakariak.

Bestalde, eta Europaren etorkizun-senari buruz, Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, proposamen formal bat egin die Europako Batzordeari lege-arloko eskumenak eta errealitate nazional bereziak dituzten eskualdeek betetzen duten zeregina indartzeko. Hala, adierazi duenez, Europako Batzordeari eskatzen diote beharrezko erabakiak hartzeko “maila anitzeko gobernantza-eredua eta Europa federalaren horizontea hezurmamitu daitezen”.

Bestalde, eta euskal Autogobernuaren etorkizunari dagokionez, Ituna, Legezkotasuna, Solidaritatea eta Bilateralitatea aipatu ditu Lehendakariak, Euskal Autogobernuaren euskarri Kontzertu Ekonomikoaren oinarrian daudenak. Bere iritziz, “oinarri irmoa eratu dezakete orain, bere gainean Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanetan Itun berri bat egituratzeko Kontzertu Politikoari dagokionez, horrela, Euskal Autogobernua eguneratzea eta sakontzea berekin ekarriko dituen Estatus berri bati argia emanez”.

Lehendakariak amaitu du esanez garai berri bat bizi dugula orain Euskadin. “Etorkizun berri bat argitzeko aukera bat dugu, eta guri dagokigu adostasuna aplikatzea eta adostasunean ahalegintzea”, nabarmendu du. Horren haritik, azpimarratu du Estatuari ere dagokiola garai berri hau behar bezala interpretatzea, dibertsitatea eta gehiengoan dauden borondate sozial bereiziak onartzea, eta Estatu-eredu berri bat planteatzea.

85 pertsonak parte hartu dute ekitaldian, ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen artean; nazionalitateak anitzak izan dira, jatorri hauetako ikasleekin: Mexiko, Errumania, Dominikar Errepublika, Haiti, Espainia, Euskadi. Gainera, bertan izan dira parte hartzen Ikastaroetako zuzendarikide José Luis de Castro eta Juan Soroeta, Ikastaroetako irakasle Mª Dolores Bollo, eta Europako Gaietako Zuzendari Mikel Antón.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak