Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiko Kutxak, Eroskik eta Lagun Arok metapostarekin bat egiteko ituna sinatu dute

2011.eko otsailak 08

METAPOSTAk postontzia eta kutxa gotor elektronikoa abiaraziko ditu Interneten, euskal hiritarrek agiriak doan jaso eta gordetzeko aukera izan dezaten, doan, segurtasunez, era iraunkorrean eta legezko balioaz

Laster abiaraziko den ekimen hau, Euskadi osoan Interneten erabilera sustatzeko proiektutzat sortu da. Euskadin agiriak sortaraz ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago daude: administrazioak, enpresak, banka, aseguruak, hezkuntza-erakundeak, elektrizitatea, gasa, ura eta telefonia alorreko banatzaileak, etab. METAPOSTA "Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana"ren barruan mamitutako proiektua da, Danimarka bezalako herrialdeetan arrakastaz diharduten antzeko ekimenetan inspiratutakoa.

Mondragon Korporazioaren iraganeko eta egungo jardunaren erreferentzia bilakatu diren Euskadiko Kutxa, Eroski Taldea eta Lagun Aroren ordezkari gorenek -Txomin García eta Agustín Markaide Euskadiko Kutxa eta Eroski Taldeko presidenteek eta Pablo Monjelos Lagun Aroko zuzendari gerenteak- METAPOSTArekin bat egiteko hitzarmena sinatu dute gaur. Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuorde eta Metapostako presidentea, eta Javier Sotil Mondragon Korporazioko Ezagutza, Berrikuntza eta Sustapenerako presidenteordea partaide izan dituen sinaketa-ekitaldia Bernabé Unda eta Idoia Mendia sailburuen gidaritzapean egin da.

METAPOSTA "Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana"ri atxikitako proiektu garrantzitsua da, hiritarrei Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta kutxa gotor elektronikoa eskaintzea xede duena, mota guztietako agiriak era seguru eta iraunkorrean jaso eta gorde ahal izan ditzaten.

2010ean eratu zen METAPOSTA elkartea zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herria Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa. Euskadiko eremu desberdinetan informazio-gizartea bultzatzeko gauzatzen ari den ahaleginean laguntzea da Euskadiko Kutxak, Eroski Taldeak eta Lagun Arok METAPOSTArekin bat egitearen helburu nagusia. Hasiera-hasieratik, Euskadiko Kutxak METAPOSTArekin batera lan egingo du, on line eskaintzen duen banka-zerbitzuaren bitartez erabiltzaileen altak errazteko asmoz. Horrez gain, bezeroei zuzendutako gutunak eta jakinarazpenak METAPOSTAren bidez igorriko dizkie hala eskatzen dutenei. Bestalde, Eroski Taldeak eta Lagun Arok sistemak erabat integratuta izango dituzte aste gutxiren buruan, bezeroentzat egokitzat jotzen duten dokumentazioa luze gabe bidali ahal izateko.

METAPOSTA zerbitzuak

Etxeetako ohiko postontziak iraganeko kontu bilakatuko dira "Interneteko kutxa gotor elektronikoak" garatu ahala. Hauek arrakastaz erabiltzen dituzte gurean baino on-line zerbitzu garatuagoak dauden herrialdeetan. Posta elektronikoa eskutitzei nagusitu zaien bezalaxe, sistema berri honen hedapenak erakundeekin, negozioekin edota bankuekin zerikusia duen korrespondentziaren eta faktura guztien desagerpena ekar lezake.

METAPOSTAk segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuta dauzkan esparru birtuala eskaini behar die partikularrei eta enpresei, tamaina mugagabekoa eta bizitza osorako bermea duena, bertan era guztietako agiriak jaso eta gorde ahal ditzaten.

Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta kutxa gotor elektronikoa izateaz gain, METAPOSTA tresna egokia izan daiteke jaso beharreko agirien sakabanaketa ekiditeko. Ildo honetan, sarbide bakarreko sistematzat antola daiteke, 300 enpresa eta erakunde publiko baino gehiagok igorritako agiri eta ohartarazpenak kudeatzeko. Sistema honen bidez, aldez aurretik hitzartutako entitateen mezuak baino ez dira jasoko; horixe da posta elektronikoaren aldean eskaintzen duen abantaila, eta ondorioz, ez dago spam (zabor-posta) edo igorle ezezagunek bidalitako kate-mezuak jasotzeko aukerarik.

Sistemak partikularrei eta enpresei eskaintzen dizkien abantailez gain, ekimen hau aurrera ateratzea erraztu duen politikak Euskadin Administrazio elektronikoa garatzea du helburu, zerbitzu digital aurreratuen erabilera masiboa bultzatuz eta Informazio Teknologia Berrien mekanismoak ezagutzen ez dituzten pertsonen bazterkeriaren aurka borrokatuz.

METAPOSTAren ezarpenaz, Euskadi, Internet bidezko zerbitzuen garapenean aurreratuago dauden herrialdeen ekimenen parean kokatu da. Hauexek dira ekimen horietako batzuk: eBoks (Danimarka), De-Mail (Alemania), MyPage.no (Norvegia), Agosp (Australia) edo My eCitizen (Singapur).

Balizko igorleak

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe diharduen SPRI sozietate publikoak era horretako agiriak sor ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago identifikatu ditu Euskadin, eta horiek guztiek parte har dezakete igorpen-gastuak eta bidalketa-epeak murriztu eta erregistro nahiz jakinarazpen-zereginetarako lege-balio osoa duen ekimen honetan. Administrazio publikoak, enpresak, finantza eta aseguru erakundeak, mutuak eta BGAEak, hezkuntza-erakundeak, kirol talde eta elkarteak, erosteko eta bezeroak fidelizatzeko txartelen igorleak eta gasa, elektrizitatea, ura edo telefonia alorreko enpresa banatzaileak dira METAPOSTAren balizko berezoak, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda eta Idoia Mendia