Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Orain arte entzun ez ditugun gauzak esan ditu ezker abertzaleak”

2011.eko otsailak 07

Eusko Jaurlaritzak ezker abertzalearen pausoak “baloratu” ditu, baina ETAk “behin betiko” desagertuko dela iragartzen lortzeko ahaleginak egiteko eskatu dio

Patxi López lehendakariak modu “positiboan” baloratu du ETAren indarkeria gaitzesten duen ezker abertzaleak alderdi berri bat sortu izanaren iragarpena, izan ere, “orain arte mundu horretaz sekula egin ez den” adierazpena da. “Positiboa da, orain gutxi arte, ETA justifikatzen eta txalotzen zutenek, orain indarkeriaren estaldurarik gabeko politika egiteko borondatea berrestea eta alderdi guztiei demokrazian eskatzen zaizkien baldintzak beteko dituztela iragartzea, terrorismoaren babesa ukatuz eta biktimentzako justizia ere aipatuz” adierazi du. Hala ere, ezker abertzaleari bere marka berria “merkaturatzeko” darabilen ahalegin bera ETA “behin betiko” desagertzea lortzeko egin dezala eskatu dio. Lehendakaritzako egoitzan irakurritako komunikatu batean, Lópezek errepikatu du Eusko Jaurlaritzak “Zuzenbidearen Estatuaren defentsa eta irmotasun demokratikoa” mantenduko dituela, izan ere, gaur ezker abertzaleak emandako pausoak egiaztatzen du “demokratak mundu horrek demokraziaren balioak, printzipioak eta arauak onar ditzaten lortzen ari garela”. Lópezek adierazi du auzitegiak izango direla “erradikal abertzaleak joko demokratikora itzultzeko baldintzetan dauden ala ez” erabakiko dutenak, beraz, eragile sozial eta politikoei eskatu die Justiziaren erabakia “onartzeko” eta “errespetatzeko”.

Eusko Jaurlaritzak modu “positiboan” baloratu du ezker abertzaleak indarkeria, baita ETArena ere, gaitzesten duen alderdi politiko bat eratzeko iragarpena, baina eskatu dio “herritarrek oraindik dituzten zalantzak argitzeko” demokraziarekiko duten konpromisoari dagokionez. Patxi López lehendakariak “marka berria eszenaratzeko eta merkaturatzeko ahaleginarekin” batera “ageriko egintzak” eskatu dizkie, besteak beste, ezker abertzaleak “ETAk, behin betiko desagertuko dela iragartzea” lortzeko lan egitea. “Mundu horrek demokraziaren balioak, printzipioak eta arauak onartzen hastea lortzen ari gara” adierazi du, ezker abertzalearen iragarpena “orain arte mundu horretan sekula esan ez den” zerbait dela onartu ondoren.

Patxi López lehendakaria arratsalde honetan agertu da Lehendakaritzako egoitzan (Gasteizen) eta bertan komunikatu bat irakurri du komunikabideen aurrean.

Lehendakariak azpimarratu du egoera hau demokraten “indarraren eta irmotasunaren” emaitza dela eta bermatu du Eusko Jaurlaritzak “Zuzenbidearen Estatuaren defentsa eta irmotasun demokratikoa” mantenduko dituela. Zentzu horretan, adierazi du ezker abertzalearen alderdi berria legeztatzeari buruzko erabakia auzitegien zeregina dela, izan ere, haiek erabaki baitzuten “berme guztiekin, Batasuna legetik kanpo uztea”.

Azkenik, lehendakariak alderdi politikoei eta eragile sozialei eskatu die “Justiziarekin elkarlanean aritzen jarraitzeko, eta honek erabakitzen duena onartuko duela”. “Errespetuzko jarrera bat da, gainerako alderdi politiko eta eragile sozialengandik ere espero dudana”, adierazi du amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)