Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak Erradiofrekuentzia bidezko lehen Ablazio-prozedura egin dio Brugadaren Sindromea diagnostikatutako paziente bati (gazteen bat-bateko heriotzen % 20 eragiten ditu sindrome horrek)

2018.eko uztailak 11
  • Brugadaren sindromea bihotz-erritmoaren nahasmendu bat da, heriotza eragin dezakeena. Oro har, arritmiak izateko predisposizioa duten gazteei eragiten die, eta sinkopeak, edo baita bat-bateko heriotza ere, izan ditzakete.
  • Erradiofrekuentzia bidezko ablazioa, sendatzeko ordezko tratamendu bat da, kateter berezi batez egiten dena; hari esker, bisturi bat izango balitz bezala, erredura txiki bat egiten da sindromeari lotutako bihotzaren aldean.
  • Desfibriladorea daramaten pazienteentzako ordezko aukera bat da, betiere tresna horrek ezin baditu kontrolatu bizitza arriskuan jartzen dieten arritmiak.

 

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Elektrofisiologia eta Arritmien atalak (Ezkerraldea Enkarterri ESI) erradiofrekuentzia bidezko ablazio-tratamendu berritzailea egin dio Brugadaren sindromea diagnostikatutako paziente bati. Sindrome hori bihotz-erritmoaren nahasmendu bat da, heriotza eragin dezakeena; batzuetan hereditarioa ere izaten da (gaixotasun horren ondorioz zendutako pazienteen % 60k senideren bat dute gaixotasun horrekin).

Brugadaren sindromea bihotz estrukturalki normala duten gazteei diagnostikatzen zaie. Pedro eta Josep Brugada elektrofisiologoek deskribatu zuten 1992an. 

Orain arte, takikardiaren aurkako desfibriladorea deitutako gailua ezartzea zen, kasu gehienetan, tratamendu eraginkor bakarra. Hala eta guztiz ere, Josep Brugadak berak gaixotasun hori sendatzeko ordezko tratamendu bat aurkitu eta garatu du, erradiofrekuentziako kateter bidezko ablazio epikardikoa, alegia. Kateter berezi batez egiten da prozedura hori; hari esker, bisturi bat izango balitz bezala, erredura txiki bat egiten da sindromeari lotutako bihotzaren aldean. Teknika berri hau desfibriladorea daramaten pazienteentzat indikatuta dago, betiere tresna horrek ezin baditu kontrolatu bizitza arriskuan jartzen dieten arritmiak.

Hala bada, ospitaleko Elektrofisiologia eta Arritmien ataleko lantaldeak era horretako lehen prozedura –aitzindaria nazioartean– egin du Osakidetzan.  Hari esker, gaixotasun hori diagnostikatuta zuen paziente bat tratatu dute; izan ere, desfibriladore bidezko ohiko terapiak arazo handiak sortzen zizkion paziente horri.

Hartarako, Elektrofisiologia eta Arritmien ataleko lantaldeak Josep Brugada doktorearen beraren aholkuak jaso ditu, bere ezagutzak in situ helarazi baitizkie Osakidetzako langileei.

 

Brugadaren sindromearen zenbakiak

Aurreikusitakoaren arabera, Euskadin 200 bat pazientek jaso dute Brugadaren sindromearen diagnostikoa, eta desfibriladorea ezarri behar izan zaie bat-bateko heriotza izateko arrisku handiagatik. Paziente horiek (30 urte batez beste), desfibriladorerik gabe, heriotza-tasa oso handia dute, % 50 ingurukoa. Brugadaren sindromeak bihotz normala duten gazteen bat-bateko heriotzen % 20 eragiten dituela nabarmendu beharra dago.

Une honetan, ablazio-teknika berria indikatuta dago desfibriladorea daramaten pazienteentzat, baldin eta ezin baditu kontrolatu bizitza arrisku larrian jartzen dieten arritmiak. Pazienteen % 10 ingururi gertatzen zaie hori.

Garrantzitsuena da, halere, frogatzen bada terapia hori, epe luzeko jarraipenaren ostean, sendatzeko balio duela, lehen aukera gisa erabiliko dela, desfibriladore bidezko tratamenduaren ordez, arriskuko paziente guztiei dagokienez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko