Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal gazteen pentsaera berriak XXI. mendera eramango du gure Diaspora

2018.eko uztailak 16

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak adierazi duenez, egungo mundu globalizatuan, berrikuntzez beterikoa eta etengabeko aldaketan, kanpoan bizi diren euskal gazteen pentsaera berria da Euskal Diaspora XXI. mendera eramango duena.

Marian Elorzak hitz horiek esan ditu “Migrazioa eta Mugikortasuna kanpoko Euskal Komunitatean” izeneko UPV/EHUren Udako Ikastaroaren amaierako hitzaldian, uztailaren 12an eta 13an egin den ikastaroa, Azkoitiko Intsausti Jauregian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitzan.

Ikastaroa Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza) antolatu du, UPV/EHUrekin, Azkoitiko Udalarekin eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin lankidetzan.

Irailaren 8a, Diasporaren Eguna

Kanpo Harremanetarako idazkariaren amaiera hitzaldiaren aurretik, Gorka Álvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak bere Zuzendaritzaren programak aurkeztu ditu, eta bereziki gogoratu du datorren irailaren 8an Euskal Diasporak “bere” eguna ospatuko duela historian lehen aldiz: “Euskal Diasporaren Eguna”.

Azkoitian egin den ikastaroan, “nazioarteko mugikortasunean” eta “emigrazioan” espezialistak diren pertsonak bildu dira.  Oro har, “mugikortasuna” emigrazio modu berri batekin identifika daiteke: batez ere arrazoi profesionalengatik Europara eta Asiara doazen gazteak dira. Aldiz, “emigrazio historikoa” Amerikarantz jo zuen nagusiki (Ipar eta Hego Amerika).

Iparraldea eta Hegoaldea

Carmen González Enríquez Elcano Errege Institutuko (Madril) ordezkariak adierazi du gazte espainiarrak, oro har, sedentarioak direla, beren hiriari lotuak bizi direla eta familia loturek haien mugikortasuna baldintzatzen dutela. Ezaugarri horiek dinamikoagoa den Ipar Europako gazteriarengandik urruntzen dituzte, eta desabantaila handia da atzerrian diharduten estatuko enpresentzat. Beste gabezia nabarmen bat “hizkuntza globala” –ingelesa– ez jakitea da: soilik gazteen %22 dira gai hizkuntza horretan hitz egiteko. Halaber, etxebizitzako merkatua eta titulu-homologazioa arazo serioak dira. Europako Batasunean pertsona-zirkulazio librea egon badago, baina oraindik ez Europa mailako benetako lan-merkatua, zeren eta AEBekin alderatuz, adibidez, Europako Batasuneko langileen mugikortasuna oso txikia baita.

7.000 euskal gazte lizentziatu kanpoan

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gaztedia sailburuordearen kalkuluen arabera, 35 urtetik beherako 7.000 euskal gazte ari dira kanpoan lanean. Goi mailako ikasketak dituzten gazteak dira, eta gehienak beren formakuntzari loturiko lanetan ari dira. Ia erdiek urtebete baino gehiago daramate atzerrian. Ia erdiak ere pozik daude harrera herrialdean, eta ez dute itzultzeko asmorik, urtebeteko epean behintzat. "Talentu gaztearen" ihes horrek, egungo jaiotza tasa apaleko egoera demografikoarekin batera, ondorioak izan ditzake epe luzera Euskadirentzat, eta horregatik jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak “Gazteen Itzulerarako Programa”.

Hobetu egin nahi dute, zentzu guztietan

Catalina Uzcanga gizarte ikertzaileak adierazi du Euskadin aldi baterako emigrazio bat dela, kualifikazio handikoa, eta ez dela 60etakoa bezain masiboa. Batik bat Europako Batasuneko herrialdetarantz doaz (baina Asiarantz doana ere hazten ari da), eta faktore ekonomikoa garrantzitsua bada ere, ez da emigratzeko arrazoi bakarra. Kanpora irtetetako erabakian, pixkanaka pisu handiagoa hartuz doaz arrazoi “intangibleagoak”: hala nola aitortza profesionala eta soziala.

Bi diaspora mota

Oscar Álvarez Gilak (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Xosé Manoel Núñezek (Santiagoko Unibertsitatea) bi diaspora mota daudela azpimarratu dute: Europara (eta neurri apalagoan Asiara) joaten ari diren gazteek nagusiki osatutakoa, eta Amerikan bizi dena (Argentina, AEB, Uruguai, Txile, Venezuela…). Euskadiren eta Amerikan kokatutako Diaspora Historiko horren arteko harremana oso afektiboa da, eta askotan idealizatutako estereotipoez beteta.

Alvarez Gilaren ustez, Diaspora Historiko hori abangoardia izan da euskal identitatearen eraikuntzan, eta “kanpoko euskaldunek” (hamarkadetan, baita mendetan ere, batasun aldiak bizi izan dituztenak, Euskal Herrian egituratze instituzional bateraturik izan gabe) euskal identitateari buruz egin duten eztabaida hori funtsezkoa izan da Euskadiren bilakaera demokratikoan eta herrialdearen eraikuntzan.  Hemengo jendea “kanpoan egiten da euskalduna” “batez ere kanpoan eraikitzen du bere euskal identitatea” (hasieran elkartzen dira euskaldunak “direlako”, baina haien ondorengoak euskaldunak “izateko” elkartzen dira gero). Hortaz, haien identitatea indartsuago eraikitzen dute kanpoan, adierazi du Álvarez Gilak.

Proiektu eraldatzaileak

Bere analisian (“bi Euskal Diaspora” horiena, edota beste era batera esanda XXI. mende hasierako Kanpoan den Euskal Komunitatearena) UPV / EHUko irakasleak ez ditu albo batera utzi Diasporako errealitatearen alderdi korapilotsu eta labangarriak, finantziatzioarena bezala. Álvarez Gilarentzat onena ez da Euskal Diaspora bizirik mantentzea “lagundutako arnasketaren bitartez” (gero Xosé Manoel Núñez-ek bere ponentzian landuko duen esamoldea erabiliz), baizik eta gure Diaspora XXI. mendearen errealitatera molda dadin: aro digitalekoa, sareetakoa eta ezaguerakoa. Kontua ez da euskal etxe bat finantziatzea, baizik eta ekimenak. “Erakundetan” pentsatzeari uko egin behar diogu, “ekimen eraginkorretan” pentsatzen hasteko, esan du.

Beharbada adierazi du Oscar Álvarez Gilakpixkanaka-pixkanaka aurrera jo behar dugu euskal etxeen “jarduerak”  (orokorrean) finantzatzetik, kanpoan den euskal komunitatea osatzen duten hainbat aktorek aurkez litzaketen “egitasmo eraginkorren” alde egitera, azaldu du. 

Sare eraginkorren bidez konektatuak

Zentzu horretan, Xosé Manoel Núñezek, zeina galegoen migrazioetan eta Atlantikoaren bi aldeen arteko lidergoen eraketan eta elkarren arteko ekarpenetan aditua baita, adierazi du Euskadiri eta Galizari egoera “erabat afektibotik” (Athleticen kirol loriak, adibide paradigmatiko bat aipatzearren) egoera “benetan eraginkorrera” igarotzeko ordua iritsi zaiela eta bi herrialdeek interes komuneko sareak (enpresa arlokoak, kulturalak, profesionala…) eraiki behar dituztela beren diasporekin.      

Aldaketaren kudeaketa

Imanol Galdosek, Boise hiria (Donald Trump nagusi den Amerikako mendebaldean kokatutako gotorleku euskalduna eta progresista) sakon ezagutzen duenak, azpimarratu zuen euskal diasporarekiko harremanetan pentsaera berriak behar direla, datuak baino gehiago erabiltzeko gai izango direnak eta pertsonen beharrekin enpatizatuko dutenak. Iradoki zuenez, etorkizuna gure bizitza inbaditzen ari da, eta badago oraindik horretaz jabetu ez den jendea: Mundua aldatzen ari da, gauzak gertatzen ari dira, eta begiak eta burua guztiz zabalik eduki behar ditugu ematen ari diren eraldaketen aurrean.

Eta Dave Bieter euskal-amerikarraren lidergoa

Galdosen iritziz, Dave Bieter (Alemanen, euskaldunen eta irlandarren ondorengoa) Boiseko alkate euskalduna horretaz jabetu den pertsonetako bat da, eta ongi ari da kudeatzen aro aldaketa. Bieter buru dela, Boise Estatu Batuetan azkarren hazten ari den hiria da. Haren biztanleria, 220.000 biztanle ingurukoa, % 3,08 hazi da, 2017an, Estatu Batuetako beste edozein metropolitakoa baino gehiago. Enplegua ere % 3,58 hazi da, bigarren hazkunderik handiena Iparramerikako erraldoiaren barruan, eta bertako soldata eta hazkunde ekonomikoa AEBko batez besteko guztien gainetik daude.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak