Berriak
qrcode

Errefuxiatuen harrerarako babes komunitarioa sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren proiektua berriro ere babestu dute nazioartean

2018-07-16
  • Eusko Jaurlaritzak txalotu egin du Espainiako Gobernua Londresko nazioarteko adierazpenari atxiki izana, bai eta Babes Komunitarioaren programa berritzailea sustatzeko euskal ekimena aipatu izana ere

Gaur, uztailaren 16an, Londresen baterako nazioarteko adierazpen garrantzitsua izan zen; hura Erresuma Batuetako, Irlandako, Zeelandako Berriko, Argentinako eta Kanadako ministroek sinatu zuten, errefuxiatuen babes komunitarioa bultzatzeko. Espainiako Gobernua ere atxiki zaio Adierazpen horri, oinarri gisa Eusko Jaurlaritzarekin eta ACNURrekin Babes Komunitarioaren programa berritzailea sustatzeko garatzen duen lankidetza-prozesua hartuta.

Eusko Jaurlaritzak txalotu egin du Espainiako Gobernua GRSIk errefuxiatuentzako babes komunitarioko programak bultzatzeko deitu duen baterako adierazpenari atxiki izana, euskal gizarte zibileko udalerri eta erakunde laguntzaileekin batera, 2018an hastea aurreikusten duten programa pilotua oinarri hartuta. 

Hirugarren herrialde batean birkokatzeko premiak dituzten errefuxiatuen kopuruaren eta horretarako dagoen plaza-kopuruaren arteko arrakalak handitzen jarraitzen duen une honetan, Babes Komunitarioaren programa honek aukera handia dakar euskal gizarteak beren herrialdeetako gatazkatik eta jazarpenetik ihesean dabiltzanei laguntza emateko eta elkartasuna adierazteko dituen nahiak bideratzeko.

Programa-mota hori Errefuxiatuen Itun Globalean kokatzen da, alegia, NBEren Biltzar Orokorrak ACNURri eskatu zion eta, mundu osoko gobernu eta erakundeekin kanpo-kontsultak egin ondoren, amaitzeko dagoen prozesuan. Errefuxiatuen Itun Globalak estatuen artean erantzukizunak partekatzeko premia nabarmentzen du (esaterako, lekualdatu behartuen % 85 garapen-bidean dauden herrialdeetan dago) eta, gainera, lekualdatze behartuen erronkei irtenbidea emateko beste eragile batzuk dituzten elkarte berri batzuk bilatzeko eta sustatzeko premia aitortzen du.

Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak agerian utzi du errefuxiatuek eta nazioarteko babesa eskatzen dutenek merezi duten erantzunarekin duen konpromisoa, bai eta pertsona horiek hartzeko eta integratzeko prozesuak kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetu ahal izateko bide berriei heltzeko duen asmoa ere. Duela urtebetetik hona, zentzu horretan esperientzia pilotua ezartzen ari da 7 euskal udalerritan, I. auzolana izenekoa. Helburua da harrerako eta integrazioko mekanismoak hobetzea eta, horretarako, udalek, foru-aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta gizarte-erakundeek egin ditzaketen eginkizunak sendotzea.

Azken hileotan, Eusko Jaurlaritzak, ACNURrekin, Espainiako Gobernuarekin, Euskadiko Caritasekin eta Euskadiko Jesuiten Plataformarekin batera, bigarren esperientzia pilotua antolatzen jardun du, Euskadin Babes Komunitarioaren eredua martxan jartzeko, Kanadako ereduan oinarrituta. Babes Komunitarioak estatuan errefuxiatu-kopurua birkokatzeko eta areagotzeko programak osatzeko aukera ematen du, herritarren, GKEen edo beste talde interesdun batzuen, besteak beste, erlijio-erakunde edo tokiko agintaritzen, inplikazioaren eta autoantolaketaren bidez. Ekimen horien bitartez, herritarrak taldekatu egiten dira eta konpromisoa hartzen dute laguntza ekonomikoa, emozionala eta soziala eskaintzeko ezarritako epe batean zehar, normalean, urtebetez.

Euskal lan-ildo horren ondorioz, Eusko Jaurlaritza, azken hileotan, nazioarteko bi ekitalditara gonbidatu dute. Maiatzaren 9an eta 10ean, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak babes komunitarioari buruzko nazioarteko mintegi batean parte hartu zuten; mintegia Kanadako Global Refugee Sponsorship Iniciative-GRSI-k eta Britainiako Barne Ministerioak antolatu zuten elkarrekin. Topaketan, Argentina, Austria, Brasil, Kanada, Alemania, Irlanda, Espainia, Erresuma Batua, Uruguai, eta Euskadiko gobernuko ordezkariak izan ziren, eta Euskadi izan zen estatu azpiko erakunde bakarra.

Pasa den ekainaren 25ean eta 26an, Fernandezek eta Hernandok Genevan parte hartu zuten Birkokatzearen inguruko Hiru aldeko Kontsulten Nazioarteko Topaketan, ACNURrek antolatuta. Zehazki, Jonan Fernández hizlari izan zen topaketan, Kanadako, Argentinako eta Alemaniako ordezkariekin batera, “Birkokatzea eta beste onarpen-bide batzuk zabaltzea, erantzukizunaren banaketa hobetzeko” panelean. Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eskualdeetako gobernuek eta udalek errefuxiatuak birkokatzeko programak ezartzeko orduan daukaten eginkizun estrategikoa defendatu zuen ekitaldian. “Paradigma-aldaketa behar da, errefuxiatuak onartzeko azpiegiturak behetik gora eraiki ahal izateko. Errefuxiatuak onartzeko gaitasunerako, udal eta autonomia- edo eskualde-mailako gobernuei galdetu behar zaie zer-nolako disponibilitatea eta borondatea duten harrera egiteko eta integraziorako etxebizitzak eta programak prestatzeko.

Hitzaldi horretan, nazioarteko 150 ordezkari baino gehiago aurrean zirela, Fernandezek euskal esperientzia azaldu zuen eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzan sustatzen ari den Babes Komunitarioaren proiektu pilotua. Esperientzia horrek, orain, Londresko Adierazpenean babesa izan du.

Errefuxiatuak Babesteko Ekimen Globalari (Global Refugee Sponsorship Initiative-GRSI) buruzko oinarrizko informazioa. Iturria: ACNUR

Errefuxiatuak Babesteko Ekimen Globala (GRSI ingelesez) Kanadako Gobernuak babes komunitarioko programen ezarpena eta garapena sustatzen lan egiteko bultzatzen duen ekimena da. Programa horien bidez, gizabanako, gizabanakoen talde edo erakundeak zuzenean inplika daitezke errefuxiatuen birkokatzean eta, horretarako, heldu berri diren errefuxiatuei finantza-laguntza, emozionala eta integraziokoa emateko konpromisoa hartu, herrialde eta erkidego berrian inklusio hobea izateko. 


GRSI 2016ko irailean abiarazi zen, New Yorken, NBEren eta Ameriketako Estatu Batuen Konferentziekin bat etorriz, eta ofizialki 2016ko abenduan abiarazi zen, Kanadan. GRSIk babes komunitarioko programak sustatzeko lana Kanadak jarduera horietan duen historiaren, esperientziaren eta lidergoaren bidez egiten du. Zehazki, ekimen horren helburuak honako hauek dira:

. Errefuxiatuen birkokatze globala areagotu eta hobetzea eta, horretarako, herritarrek, komunitateek eta enpresek birkokatzeko lanetan konpromisoa hartzea. 


 . Heldu berri direnak hartzeko bat egiten duten harrerako tokiko erkidegoak sendotzea. 


 . Errefuxiatuei eta heldu berri diren beste batzuei buruzko diskurtsoa hobetzea. 


Hura abiarazi ondoren, GRSI munduko zenbait eskualdetan herrialde-kopuru batean murgildu da, dela Latinoamerikan, non Brasilen eta Argentinan programak garatzeko lanean ari baita, dela Europan, besteak beste Irlandan edo Erresuma Batuan, zenbait gaikuntza-lan garrantzitsu egin baititu horiekin. GRSIk, gainera, 2017ko irailean, gida bat argitaratu zuen, babes komunitarioko programak garatzeko. 


GRSIk Espainia (Madril eta Errioxa) bisitatu zuen 2017ko azaroan, sozietate zibileko kideekin eta agintaritzekin babes komunitarioko programaren garapenari eta ezarpenari buruz eztabaidatzeko eta hura defendatzeko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan izaten ari diren aurrerapenei interesarekin jarraitzen die eta programari gaikuntza- eta prestakuntza-lanen ekarpena egiteko aukera eskaini du.

Azkenik, GRSI berariaz jaso da ACNURrek sustatzen duen Errefuxiatuen Itun Globalean; horren azken kontsulta formalak gobernu eta beste erakunde batzuekin uztaileko lehen astean izan ziren, Genevan. Horrela, sektore anitzeko ekimen hau maila globalean birkokatzeko aukeren kopurua zabaltzeko egiten ari den lan garrantzitsua aitortzen da. 


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)