Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik 2030 Agendari buruz Nazio Batuek antolatutako "High Level Political Forum 2018" konferentzian hartuko du parte

2018.eko uztailak 15

Euskadik New Yorken maila anitzeko gobernantza gehitzea eta Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko gobernuen borondate politikoa errespetatzea defendatuko du

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia buru duen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek High Level Political Forumen —Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren jarraipena egiteko eta aztertzeko Nazio Batuek New Yorken antolatutako Konferentzia— parte hartuko du.. Euskadik hainbat ekitalditan hartuko du parte. Bertan, Marian Elorzak gobernantzaren kontzeptuaren garrantzia eta herritarrengandik hurbilen dauden administrazioen konpromisoa azpimarratuko ditu.

High Level Political Forumek mundu osoko 47 herrialde bildu ditu Nazio Batuen New Yorkeko egoitzan, uztailaren 9an hasi zen eta 18an amaituko den kongresu batean. Foro honek Ministro Deklarazio bat hartuko du. Deklarazio horrek 2030 Agendaren aplikazioari buruzko lidergo politikoa, orientabidea eta gomendioak eskaintzea espero da. Aurten, lehen aldiz, Nazio Batuek ekitaldi berezi bat prestatu du Toki eta Eskualde Gobernuentzat. Horrek Garapen Iraunkorreko helburuak zinez aplikatzeko erakunde horiek duten garrantzia erakusten du.  

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak parte hartuko duen ekitaldietan, Marian Elorzak 2030 Agendari "Euskadik egiten dion ekarpena” azalduko du. Elorzak “maila anitzeko gobernantza eranstea eta gobernu-maila diferenteen erantzukizunak eta borondate politikoa errespetatzea” defendatu du, garapen iraunkorreko helburuak lortzeko.

EUSKADI BASQUE COUNTRY 2030 AGENDA

2015eko irailaren 25ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda: 15 urteko epean —2015etik 2030era— landu beharreko Garapen Iraunkorreko 17 Helburu (GIH) dituen pertsonen, planetaren, oparotasunaren eta bake unibertsalaren aldeko ekintza-plan bat. 

GIHen bitartez, mota guztietako pobreziarekin amaitu, desparekotasuna murriztu eta klima-aldaketaren aurka borrokatu nahi da eta, aldi berean, inor atzean gera ez dadin bermatu nahi da. Azken batean, bizi garen lekuan bizi garela, datozen 15 urteetan ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako garapen-programak bideratuko dituen gida unibertsal, zeharkako, integratu, banaezin eta eraldatzailea da.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du 2030 Agendak suposatzen duen erronka unibertsala, eta Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak lortzen laguntzeko mundu-mailako konpromisoarekin bat egin du. 2018ko apirilean Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country 2030 Agenda aurkeztu zuen, NBEk planteatutako GIHekin bat etorriz. Agenda 2030ekiko konpromisoa erakusten duen Espainia osoko lehen administrazio publikoa da. Gainera, Gobernu-ekintzan erabat sartuta dagoenez, bere jarraipena eta bilakaera errazten du.

EUSKADIREN PARTE HARTZEA EKITALDI BEREZITAN

Gainera, HLPF konferentziak irauten duen bitartean ekitaldi berezi, ekitaldi paralelo eta aldebiko eta aldeaniztuneko mota guztietako topaketa ugari burutuko dira. Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazlari Nagusia buru duen Euskal Ordezkaritzak ondorengo ekitaldi hauetan hartuko du parte:

  • Global Task Force of Local and Regional Governments-ekin batera, UNDESA eta UNHABITAT Nazio Batuen Agentziek antolatutako “Toki eta Eskualde Gobernuen Foroan”, gobernu horiek Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda ezartzen eta bere jarraipena egiten betetzen duten eginkizun garrantzitsua arakatzeko. Zehazki, Kanpo Harremanetarako Idazlari Nagusiak hitzaldi bat eskainiko du 4. panelean —“2030 Agenda azkarrago ezartzeko estatu-azpiko finantza-sistemak birpentsatuz”—. Bertan, duela gutxi Eusko Jaurlaritzak jaulkitako Bonu Iraunkorra aurkeztu du. Ekitaldi honetan ere parte hartuko duten beste eskualde bakarrak hauek dira: Flandria, Pichincha, Lombardia eta Gossas.
  • “GIHen lurralderatzea” ELGEren ekimena jaulkitzen, Global Compact-ekin elkarlanean, besteak beste, New York (EEBB) eta Malmö (Suedia) hiriekin batera.
  • -Nrg4sd Sarearen “GIHen ezarpena estatu-azpi mailan” txostenaren aurkezpenean. Euskadik bertan parte hartzen du Flandria, Lombardia edo Parana-rekin batera, besteak beste.
  • “SDSN-REDS (Garapen Iraunkor baterako Soluzio Sarea) indizea” txostenaren aurkezpenean.
  • Alde biko bileretan, adibidez, Flandriako Ingurumen eta Garapen Espazialeko ministro Joke Schauvliege-kin.

Horiek guztiak uztailaren 16tik 18ra egingo dira Nazio Batuen New Yorkeko egoitzan.

ESTATU AZPIKO ERAKUNDEAK

Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren definizio-fasetik, Nazio Batuek zein Europako Batzordeak garrantzi handia eman diote estatu azpiko erakundeen paperari agenda hori ezartzeko garaian. Izan ere, kasu askotan erakunde horiek dituzte gai horien inguruko eskuduntzak eta baliabideak. Gainera, gizartetik hurbilen dauden errealitatea eta beharrak hobeto ezagutzen dituzte. Lurralde bakoitzak bide hau bere baldintzak kontuan hartuz egin behar du. Horixe da 2030 Agendaren ezaugarri bereizgarrietako bat, lurralde-dimentsioa sustatzeko eta eskualde-mailan egokitzeko haiek duten konpromisoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak