Eu

Mahasti historikoa, Euskadiko ardoen balio erantsiaren ezaugarri

2018.eko uztailak 11

• “Mahasti historikoaren defentsa, gure nortasunaren defentsa” ikastaroan aztertu diren gaien artean bat, hauxe izan da: mahasti zaharraren balio sozioekonomikoa, kulturala eta ingurumenaren zaintzari lotutakoa, eta horrek ardoen kalitatearekin duen erlazioa.

• Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde den Bittor Orozek ikastaroaren aurkezpenean “laborantza tradizionalaren garrantzi historiko, sozial eta kulturala” nabarmendu du, “iturri ekonomiko inportantea ez ezik ondare elementu baliotsua ere badelako”.

Mahasti tradizionalak berreskuratzea eta balioan jartzea aldez aurretik egin beharreko pausoa da bai ardogintzako eskualdeen jatorrizko ezaugarriei eusteko bai nazioarteko merkatuetan arrakasta izango duen produktu erakargarri eta bakarra lortzeko. Horixe izan da gaur Guardian izan den “Mahasti tradizionalaren defentsa, gure nortasunaren defentsa" Udako Ikastaroan aztertu den gai nagusia. Ikastaroa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak antolatu du HAZI Fundazioaren lankidetzarekin.

Mahastizaintza eta ardogintzako euskal eskualde desberdinetako ardoek ezaugarri bereizgarri horiek dauzkate, eta, hain zuzen ere, horrek egiten ditu erakargarri merkatu askotan. Berezitasun horiek lehiakortasunean eragin garrantzitsua daukaten hainbat faktoretan oinarritzen dira; horien artean, enpresen tamaina, desberdintze estrategiak eta, batez ere, ardoaren ezaugarriak. Eta azken horiek lotura argia daukate mahasti motarekin.

Horixe adierazi dute ikastaroan parte hartu duten txostengileek, eta baita Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde den Bittor Orozek ere, zeinak “laborantza tradizionalaren garrantzi historiko, sozial eta kulturala” nabarmendu baitu, “jarduera ekonomiko inportantea ez ezik ondare elementu baliotsua ere badelako”. Sailburuordeak, gainera, "mahasti zaharren eta ardogintza tradizionalaren balio handia” azpimarratu du “zeren eta ardogintza eta mahastizaintza tradizional horrek ikaragarrizko kalitateko jatorrizko ardoak jarri baititu merkatuan, eta, aldi berean, mendeetan zehar gure lurraldea moldatu du, paisaia berezi bat osatu arte”.

Esperientzia arrakastatsuak

Ikastaroan, mahasti zaharraren berreskurapenean izandako esperientzia arrakastatsuak ezagutarazi dira; horien artean bat, Bodegas Frontonio de Aragon upategiarena, zeinak “Garaje bat, mahasti zaharrak eta amets bat: ardorik onena egitea” goiburuarekin, “ehun urtetik gorako mahats baratze txikiak” berreskuratu baititu. Upategiaren jabeek beren filosofia zein den azaldu dute: arauetan barik, beren lurrean, mahatsetan eta zentzumenetan sinestea, pertsonek pertsonentzat egindako ardo bat egiteko.

Gainera, mahastizaintza eta ardogintzako eskualde historikoetan mahasti zaharren kontserbazioaren inguruan izan diren beste esperientzia batzuk ere ezagutarazi dira, hala nola Portugalgo Douro eskualdekoa, eta “terroirs” delakoen ezagutzan sakondu da, halako eskualdeak zonaldeka banatzeko oinarri gisa. Ildo horretan, Baigorriko Irulegiko Sotoko mahastiko “terroirs” edo lursail txikiak ezaugarritzeko proiektua aurkeztu da, ardoen kalitatea hobetze aldera.

Arabako Errioxako ardoetarako marketin estrategia

Ikastarora joan diren 80 pertsonetako gehienak ardogintzan diharduten profesionalak dira, bai Arabako Errioxako ardoa bai txakolina egiten dutenak. Mahasti tradizionalen inguruan izandako esperientzia propioen berri emateaz gain, Arabako Errioxako ardoei dagokienez marketin estrategia bat lantzeko egiten ari den lanaren behin-behineko emaitzak jakin dituzte. Hala, estrategiari buruzko iritziak emateko aukera izan dute, sektoreko behar guztiak bilduko dituen baterako proposamen bat osatze aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak