Eu

Muro: “Gaur egun Euskadin dauden enpresen bidez Euskaditik kanpora dauden 35 urtetik beherako gazteen kontratazioari bide emateko Gazte Itzulera programa garatu eta sendotzen dugu”

2018.eko uztailak 13
  • Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordearen iritziz positiboa da euskal gazteek beste herrialde batzuetan zabaltzea beren ikasketak eta esperientziak, beste hizkuntza batzuetan
  • “Migración y Movilidad en la Comunidad Vasca en el Exterior” Uda Ikastaroa, Azkoitiko Intsausti jauregian
  • Europa barruan, helmuga ohikoena Erresuma Batua izan da (% 30), gero Frantzia (% 14,0) eta ondoren, Alemania (% 11,1)

 

Azkoitia 2018-07-13

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuaren iritziz, “positiboa da euskal gazteek beste herrialde batzuetan zabaltzea beren ikasketak eta esperientziak, beste hizkuntza batzuetan, eta pertsona horien itzulerari bide emateko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Lanbideren bidez, Gazte Itzulera Programa garatzen eta sendotzen du. Programak gaur egun Euskadin dauden enpresen bidez Euskaditik kanpora dauden 35 urtetik beherako gazteen kontratazioa sustatzen du. Gure enpresek adi egon behar dute, gazte horiei azkar itzultzeko baldintza onak eta erakargarriak eskaintzeko. Talentu onak dira”.

 

Murok “Migración y Movilidad en la Comunidad Vasca en el Exterior” Uda Ikastaroan parte hartu du; Azkoitiko Insausti jauregian izan da, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitzan.

 

“Oro har, atzerrian bizi diren euskal gazteek goi-mailako ikasketak dituzte, eta gehienek beren prestakuntzarekin lotuta dauden lana dute. Ia erdiak urtebete baino gehiago darama atzerrian, eta horietako erdiak, ia, urtebeteko epean itzultzeko asmoa du. Guztion artean zaindu beharreko talentua da: gure enpresek, baldintza on eta erakargarriekin; gizarteak eta erakundeek, itzulerari bide emango dioten estrategiak diseinatuz”, esan du Murok. Murok, halaber, gazteen mugimendu hori Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan ohikoa dela esan du. EB mailan gazteentzako eskaintza guztiak jaso dituen enplegu-programa dago, eta, bertan, milioi eta erdi enplegu-eskaintza batzen dira. Mugikortasun hori jendearen prestakuntza eta gaikuntza hobetzeko sustatzen da, hizkuntza anitzeko inguruneetan lan egiteko: (http://www.consilium.europa.eu/es/policies/youth-employment/labour-mobility/https://ec.europa.eu/programmes/erasmus-plus/programme-guide/part-b/three-key-actions/key-action-1/mobility-project-for-young-people-and-youth-workers_es ;http://mavoieproeurope.onisep.fr/es/guia-de-la-movilidad/oportunidades-de-trabajo/ )

 

Muroren hitzen arabera, “euskal gazteak beste herrialde batzuetan egoteak eragina izan dezake Euskadiren garapen demografikoan epe luzera; izan ere, beren amatasun eta aitatasunak atzeratuko lituzkete, lan- edo ikasketa-denbora hori aurreikusitakoa baino gehiago luzatuz gero”.

 

Gazteak Euskaditik kanpo

EINek Gazteen Euskal Behatokiari PEREren inguruan emandako datuen arabera, 2016ko urtarrilaren 1ean, 3.938 euskal pertsona zeuden, 18 eta 34 urte bitartekoak, atzerrian bizitzen.  Euskadin jaio diren eta gaur egun atzerrian bizi diren gazteek prestakuntza ona dute, eta horietako % 84,5ek goi-mailako ikasketak ditu: % 39,8k masterreko edo graduondoko ikasketak ditu; % 32,3k, graduko unibertsitateko ikasketak; eta askoz ere gutxiago dira, % 12,4, goi-mailako heziketa-zikloa egin dutenak. Kasu gehienetan, gaur egun atzerrian egiten ari diren lanak lotura du beren prestakuntzarekin; atzerrian lanean dabiltzan lau gaztetik hiru egoera horretan daude (% 75,7).

 

Pertsona horiek atzerrira lanera joateko motibo nagusiak honako hauek dira: ikerketa-beka eman dietelako edo ikasketa-praktika batzuk, kasuen % 25,5ean; esperientzia berriak bizi nahi zituztelako, beste leku eta kultura batzuk ezagutzeko eta beste hizkuntza batzuk ikasteko aprobetxatu, kasuen % 21,8k; Euskadin lanik ez zeukatelako eta aurkitzeko itxaropenik ez zeukatelako, kasuen % 20,9k; edo atzerrira lekualdatu dituztelako, aldi baterako edo behin betiko, ordurako lanean zebiltzan enpresek, kasuen % 15,3k. Beste motiboen % 16,5 dira benetan atzerrira ikastera joan zirela eta gero han aurkitu zutela lana eta zehaztu gabeko beste motibo batzuk.

 

Pertsona horien erdiak, zehazki % 51,7k, gehienez urtebete darama atzerrian, alegia, 12 hilabete; beste % 33,0k urtebete eta lau urte bitartean (48 hilabete) daramatza atzerrian; % 11,0k lau urte baino gehiago daramatza; eta % 4,3k ez daki zenbat denbora daraman. Urtebeteko epean bueltatzeko aurreikuspena dela eta, itzultzea aurreikusten dutenak beste dira denbora gehiago geratzea aurreikusten dutenak: % 43,7 eta % 46,1, hurrenez hurren.

 

Gazte Itzulera Programa

Gazte Itzulera Programaren xedea da Euskadiko enpresek gaur egun Euskaditik kanpora bizi diren euskal gazteak kontratatzea, kontrataziorako diru-laguntzaren bidez. Helburua bikoitza da: alde batetik, itzuli nahi duten euskal gazteak lanean txertatzeko aukera ematea, eta, bestetik, euskal enpresek beren plantillan Euskaditik kanpo lanbide- eta/edo hizkuntza-gaitasunak eskuratu edo zabaldu dituzten gazteak txertatzea.

 

Gazteek bete beharreko eskakizunak Gazte Itzulera Programan izena emateko honako hauek dira: 35 urte baino gutxiago edukitzea; Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo aurrez aurreko ikasketa ofizialak egin izana edo Euskadin kanpora irten aurreko 2 urtean Euskadin bizi izana; atzerrian edo Euskaditik kanpora azken 12 hileak bizitzen egotea; Euskadin lanik egin ez izana azken 12 hileetan; eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, atzerrian bizi badira, edo dagokien enplegu-zerbitzuan, Espainiako beste autonomia-erkidego batean bizi badira.

 

Enpresa interesdunek izena eman beharko dute Lanbiden kontrataziorako diru-laguntzaren eskatzaile gisa. Horretarako, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte: gizarte- eta zerga-helburua edo lan-zentroa Euskadin izatea eta gutxienez 12 hileko lan-kontratuak egiteko konpromisoa hartzea, bai eta eskatzen diren administrazio-izapide guztiak betetzeko konpromisoa hartzea ere.

 

Deialdi honen bidez kontratatutako pertsonentzat, programak urtean gutxienezko ordainsari gordina ezartzen du, enpresaren aldetik, eta hura aldatu egiten da, titulazio akademikoaren edo egindako ikasketen arabera. Enpresak lehen 12 hileetan kontratuko jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa kontratatutako pertsonaren titulazioaren eta sinatutako kontratuaren iraupenaren araberakoa izango da, eta, gehienez, 12.000 eurokoa izango da. Gainera, deialdiak gaztea Euskadira itzultzeko bidaiaren gastuak konpentsatzeko laguntzak ematea aurreikusten du, betiere pertsona hori deialdi honen bidez kontratatu bada.

 

Lan-esperientzia atzerrian

Gazteen Euskal Behatokiak 2017ko azaroaren eta abenduaren artean eginiko azterlanaren arabera, Euskadin jaiotako eta gaur egun Euskadin bizi diren 16 eta 34 urte bitarteko pertsonen % 8,1ek inoiz atzerriko herrialderen batean egin dute lan. Zehatzago esateko, % 7,3k Europako beste herrialderen batean egin du eta % 2,5ek, Europatik kanpo. Esperientzia horiek, nolanahi ere, ez dira baztertzaileak; izan ere, pertsona batek lan-esperientzia izan dezake eremu geografiko batean baino gehiagotan. Termino absolutuetan, 35 urtetik beherako ia 25.000 gazte dira.

 

Adinak eta ikasketa-mailak gora egin ahala, hazi egiten da atzerriko lan-esperientzia. Horrela, 25 urte baino lehen, % 4,4k baino ez du lan-esperientziaren bat beste herrialde batean; 25 eta 29 urte bitartean dituztenen artean, atzerriko lan-esperientzia handiagoa da, % 10,8koa, eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean, % 11,3koa. Adinarekin lotuta, goi-mailako ikasketak egin dituztenek (horretarako 20 urte baino gehiago izan behar dira) goi-mailako titulaziorik ez dutenek baino atzerriko lan-esperientzia handiagoa dute: % 14,6 eta % 2,7, hurrenez hurren.

 

Gizon gazteek emakume gazteek baino lan-esperientzia handiagoa omen dute beste herrialde batzuetan, baina aldeak ez dira oso handiak; gizonen % 8,9 eta emakumeen % 7,3 . Gainera, gipuzkoar gazteek atzerriko lan-esperientzia pixka bat gehiago dute (% 9,0) bizkaitarrek baino (% 7,9) edo arabarrek baino (% 6,7).

 

Euskal gazte gehienek diote Europako herrialderen batean lan egin dutela (% 80,8). Europa barruan helmugarik ohikoena Erresuma Batua da; atzerrian lan-esperientzia dutenen % 30ek bertan izan duela dio. Frantzia % 14,0ren helmuga izan da, eta, Alemania, % 11,1ena.

 

% 6,3k dio Polonian egon dela, % 5,0 Irlandan, % 4,6 Italian eta % 9,8 Europako beste herrialderen batean (Errepublika, Errusia, Suedia, Bulgaria, Errumania, Grezia, Islandia, Malta, Portugal eta Holanda aipatu dira).  % 11,5ek dio Amerikako kontinenteko herrialderen batean lan egin duela. Zehazki, % 5,1ek Ameriketako Estatu Batuetan edo Kanadan dio eta gainerako % 6,4k, hispaniar hizkuntza duen herrialderen batean (Mexiko, Argentina, Uruguai, Txile, Ekuador, Costa Rica eta Panama herrialdeak aipatu dira). % 5,6k munduko beste herrialde batzuk aipatu ditu, besteak beste, Australia, Taiwan, Filipinak, Tanger edo Saudi Arabia.

 

Kasuen % 55,1ean, atzerriko lan-esperientziak gehienez hiru hilabete iraun zuen (lan-esperientzia estatutik kanpo izan duen hiru pertsonatik batek, % 32,8k, zehazki, bere lanak zehazki hiru hilabete iraun zuela dio, eta gainerako 22,3k hilabete eta bi hilabete artean iraun zuela). % 32,0 atzerrian lanean egon zen, lau hilabete eta urtebete bitartean, eta beste % 12,9, urtebete baino gehiago egon da kanpoan lanean, Euskadira itzuli aurretik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak