Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak, Arantxa Tapia sailburuak eta Pedro Azpiazu sailburuak Eusko Jaurlaritzaren finantza politika berria aurkeztu dute

2018-07-16

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak lagunduta, finantza tresnak arrazionalizatzera eta industria proiektu estrategikoen garapena erraztera bideratutako Eusko Jaurlaritzaren finantza politikaren antolamendu berria azaldu dute gaur. Legealdi honetarako “politika fiskala eta finantzakoa hazkundearen eta elkartasunaren esku jarri beharra” ezartzen zuen gobernu programaren konpromisoa betetzen da horrela.

Beste ezer baino lehen, enpresaren arazoetara, eta ez produktuen eskaintzara, zuzenduta egongo den antolaketa eta erakunde esparru koordinatua eta espezializatua ezartzen da. Horrez gain, merkatuaren akatsei erantzuna ematea bilatzen da, esku-hartze eredu arrazoituaren eta eraginkorraren bitartez, eta Hiru esku-hartze tresna motak –kapitala, bermea eta mailegua– modu egokian antolatzea, euren tamaina eta garapen fasea kontuan izanda enpresek dituzten beharren arabera.

Sistemak jarduketa osagarritasun zabala eskaintzen zuen bere eragileen artean, eta orain, behar besteko arretarik ez zuten arlo batzuen estaldura gehitzen zaio, ko-inbertsio estrategiak eta maileguak emateko orduan egon daitezkeen gainjartze posibleak desagerraraztea, besteak beste.

Berrantolaketa horri ekiteko orduan, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat hartu du finantza sistema publiko orokorraren eraginkortasuna eta koordinazioa hobetuko duten elementuak egituratzea, finantza tresna bakoitzaren hobekuntza espezifikoetatik haraindi. Horretarako, funtsezkoa izan da Jaurlaritzako bi Sailen arteko lankidetza eta koordinazioa eta horien eta finantza erakundeen eta Foru Aldundien artekoa. 

Aldaketak antolaketan eta egituran

Behin finantza antolamendu eredu berria ezarri ondoren, Eusko Jaurlaritzaren laguntza duten erabaki finantziarioak SPRI taldeak egingo duen eragiketaren eta enpresaren aurretiazko azterketa teknikoan eta FEI-IVFk egin beharreko ekonomia eta finantzari buruzko azterketan oinarrituta egituratuko dira.

Halaber, “Leihatila Bakar” sistema ezarriko da, eskarien izapidetzea, eragiketen azterketa, balioztapena eta finantza kudeaketa, kudeaketa bakarreko aplikazioaren bitartez egiteko. Horrela, enpresek askoz ere azkarrago eta errazago eskuratu ahal izango dituzte dauden laguntza lineak, eta Jaurlaritzak modu automatikoan izango du enpresatan dituen arriskuen ikuspegi orokorra.

FEI-IVFk hiru egiteko izango ditu: Jaurlaritzak funtsetan eta sozietateetan dituen finantza partaidetzak bere esku egongo dira; Jaurlaritzaren politiketara lotutako tresnak kudeatuko ditu, aurrerakin itzulgarriak, esportaziorako mailegua, Sendotu, ekintzailetzarekin lotutako Aurrera, eta beste batzuk; eta bere mailegu jarduera 2 eta 5 milioi euro arteko eragiketetan zentratuko du, finantza erakundeekin ko-inbertsio estrategiak gauzatuz.

Enpresa txiki eta ertainetara zuzenduta dagoen eta 2 milioi eurotik beherako mailegu jarduera Luzaron kontzentratuko da. Horrek jauzi koantitatibo garrantzitsua eman beharko du, eta inbertsio kredituak, finkapenekoak eta partaidetzakoak emango ditu, epea, kostua eta gabealdia kontuan izanda merkatuko ohikoak baino hobeak izango diren finantzaketa baldintza berezietan. Alderdi hori bereziki garrantzitsua da bankuen finantzaketa eskuratzeko zailtasun gehien duten enpresentzat.

Berfinkatze eta berme jarduera Elkargirekin dagoen lankidetzaren inguruan oinarrituko da hemendik aurrera ere, Luzaroren bitartez eskainiko diren beste batzuen osagarriarekin eta Sektoreko Berme Funtsen eraketa posiblearekin, dauden adibideei jarraituz. 

Kapital finantzaketarako tresna berriak

Berrantolaketa honen beste proposamen azpimarragarrienetako batzuk kapitalarekin lotutako tresnetan daude, Berrikuntzaren eta nazioartekotzearen bitartez hedapen eta eraldaketa beharra duten enpresa talde bultzatzaileetan inbertituko duen beste Arrisku Kapital erakunde berri baten eraketarekin.

Lankidetza publiko-pribatuaren ondoriozko tresna izango da, bigarrenak nagusitasun nabarmena izanik. 2018an 125M/€ izango ditu, eta kopuru hori 250M/€-ra arte hedatu ahal izango da. Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru Foru Aldundiekin batera, Kutxabankek, Bankoak, MCCk, Lagun Arok eta Itzarrik euren parte hartzea baieztatu dute; eta Banco Sabadell, Banco Santander, BBVA, Caja Rural de Navarra, Caixabank, Elkarkidetza eta Geroa erakundeek osatutako hasierako nukleoko gainerako kideek euren gobernu organoetan hartu beharko dute erabakia, Jaurlaritzarekin lanean hasteko borondatea erakutsi ondoren, tresna 2019an martxan jarri ahal izateko pausoak definitzeko eta emateko. Nukleo hori osatu eta gero, beste inbertitzaile instituzional batzuen, BEIren edo ICOren, besteak beste, partaidetza eskatuko da. Horiekin izan dira harremanak dagoeneko. Beste inbertitzaile pribatu batzuk sartzeko atea zabalik egongo da.  

Erakunde horiek egingo dituzten ekarpenak 2 eta 10M/€ artean egongo dira, eta funtsaren inbertsioak, 50 eta 250 M/€ arteko fakturazioa eta 10M/€ edo gehiagoko EBITDA duten enpresetara egongo dira zuzenduta. Talde bateko gehieneko inbertsioa %10ekoa izango da, eta inbertsioa Kapitalean, zor bihurgarrian edo partaidetza maileguetan egin ahal izango da.

Beste alde batetik, SOCADE Garapen Kapital Sozietatea, helburua Enpresa handietan irauteko bokazioz parte hartzea izango duen tresna publiko gisa egituratuko da, horien moldaeran eragina izateko eta sustraitzea bultzatzeko. Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan 100M/€-ko ekarpena egiteko konpromisoa erakutsiko du. Horren barruan, iazko abenduan tresna horrekin egindako lehenengo eragiketa sartzen da, CAFen %1,24 erosiz.   

Berrantolaketa horren berrikuntzen artean, Enpresen Finantzaketa eta Partaidetza Foroa eratuko da, sistemako eragile publiko eta pribatu guztien presentziarekin, jarduketak eztabaidatzeko eta, hala denean, koordinatzeko.  Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru Foru Aldundien arteko finantza politikaren koordinazioa Ekonomiaren Sustapenerako Euskal Kontseiluaren bitartez egiten jarraituko da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)